INFO

EAEko ostalaritza lokalen %12,84k soilik dauka digitalizazio maila altua

‘Euskadiko Ostalaritzaren Digitalizazioaren Egoera’ txostenaren arabera Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ostalaritza sektorearen %40ak webgunea dauka eta %6ak online erreserbak onartzen ditu. Lokalen %12,84k digitalizazio maila altua dauka.

Gaur aurkeztu dute txostena. (BCC Innovation eta Delectatech.)

EAEko ostalaritza establezimenduen %40k webgunea du, eta %5,96k baino ez du erreserba sistema digitala, ‘Euskadiko Ostalaritzaren Digitalizazioaren Egoera’ txostenaren arabera. «Oso digitalizatuta» daudenak %12,84 dira. BCC Innovation, Basque Culinary Centerren zentro teknologikoa, eta Delectatech enpresa katalana arduratu dira ikerketa egiteaz.

Aurkezpena LABe Digital Gastronomy Lab-en egin dute, BCC Innovationek Donostiako Tabakalera zentroan duen laborategian. Jose Pelaez BCC Innovation eta LABe Digital Gastronomy Lab-eko Berrikuntza Digitaleko arduradunak aurkeztu du txostena. EAEko 10.861 ostalaritza establezimendu aztertu dituzte (5.539 Bizkaian, 3.656 Gipuzkoan eta 1.486 Araban), Internet bidezko komunikazioaren kudeaketaren eta bezeroari eskaintzen dizkioten zerbitzu digitalen alorrean.

Pelaezek adierazi du aztertutako establezimenduen %40,08k bakarrik duela webgunea, eta horietatik %64,69k domeinu propioa duela. Euskal Autonomia Erkidegoari lokalen online markaren presentziaren alorrean 5a jarri diote. Era berean, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako establezimenduen %22,13 baino ez da agertzen Googleren lehen orrian, eta hori «dezente hobetu liteke», Pelaezek nabarmendu duenez.

Horretaz gain, txostenak agerian utzi du oso establezimendu gutxik dutela erreserba sistema digitala, %5,96k, hain zuzen ere. Karta digitalak lokalen %11,98ak ditu, eta wifia %18,02ak; etxez etxeko zerbitzuak, berriz, gora egin du, ia %30era heltzeraino.