INFO

Arrantzaleek Baionako portua blokeatu dute arrantza eremuak ixteko erabakiaren aurka

Frantziar Estatu Kontseiluak martxoaren 20an erabaki zuen Bizkaiko Golkoko arrantza eremuak ixtea, ingurumenaren aldeko hiru elkartek eskatuta, zetazeo txikientzako mehatxua delakoan. Arrantzaleek salatu dute erabakiak fakturazioaren erdia galtzea ekarriko duela eta Baionako portua blokeatu dute.

Arrantza-ontziek Baionako portua blokeatu dute. (Guillaume FAUVEAU)

Joan den martxoaren 20an erabaki zuen frantziar Estatu Kontseiluak Bizkaiko Golkoko arrantza eremuak lau hilabetez ixtea. Ingurumenaren aldeko hiru elkartek, tartean Sea Shepherd France GKEak, eskatu zioten neurria hartu zezala, izurde arrunt zein handientzat eta itsas urdeentzat, hau da, zetazeo txikientzat arrantza jarduera kaltegarria dela iritzita. Arrantzaleek erabakiaren aurka protesta egin dute Baionako portua blokeatuz. Izan ere, salatu dute fakturazioaren erdia galduko dutela denbora tarte horretan arrantza egin ezin izateak.

Gaurko egunez, Donibane Lohizune, Baiona, Capbreton edota Arcachonetik joandako hamabost arrantza-ontzi inguruk blokeatu dute Baionako portua. Arrantzaleek sartu-irteerak oztopatu dituzte 6.00etatik hasita, bihar eta etzi egitekoak diren ‘portu hilak’ mobilizazio egunen aurrerapen modura, Kazetak eta Mediabaskek berri eman dutenez. Astelehenean ekin zieten protestei.

Ingurumenaren aldeko elkarteek salatu dutenez, arrantza egitera doazen ontziek istripuz harrapatzen dituzte zetazeo txikiak. Halaber, Estatu Kontseiluaren arabera, harrapaketen ondorioz espezieen kontserbazioa arriskuan egon daiteke, dagoeneko kontserbazio-egoera txarrean eta desagertzeko arrisku larrian baitaude.

Halaber, Estatu Kontseiluak berak Frantziako Gobernuari galdegin dio datozen sei hilabeteetan behar bezalako neurriak hartu ditzala. Egun, akustika disuasio dispositiboak erabiltzen dituzte izurde arrunt zein handiak eta itsas urdeak ez daitezen Bizkaiko Golkotik ibili.

Arrantzaleek, bestalde, adierazi dute bi urte daramatzatela zetazeo txikiak babesteko plan bat lantzen. Gaineratu dute egoeraren larritasuna ez dela horrenbestekoa eta, beraz, arrantza eremuak ixteko erabakia ez dagoela justifikatuta.