INFO

Jai giroa eta alkarrikapena uztartuko ditu EH Bilduk Iruñeko Aberri Egunean

EH Bilduk La Furia, Arkada Social eta The Trikiteensen kontzertuekin eta beste emanaldi batzuekin ospatuko du Aberri Eguna aurten Iruñean. Gainera, Declan Kearney Sinn Fein alderdiko bozeramailea gonbidatu dute.

Aberri Egunaren egitaraua aurkeztu dute asteazken honetan. (Iñigo URIZ | FOKU)

La Furia, Arkada Social eta The Trikiteensen kontzertuekin eta Irlandako Sinn Fein alderdiko bozeramailearekin ospatuko du EH Bilduk aurtengo Aberri Eguna Iruñean, apirilaren 9an. Asmoa «jai giroa eta giro aldarrikatzailea elkartzea» da.

Bakartxo Ruiz EH Bilduko bozeramaileak Nafarroako Parlamentuan aurkeztu du asteazken honetan «Euskal Herriko bihotzean» ospatuko den Aberri Egunaren egitaraua.

Eguna manifestazioarekin hasiko da, 12.00etan Golem zinemetatik aterako dena. Gero, 13.30ean, kale animazioa hasiko da Bosquecillotik abiatuta, Broken Brothers Brass Band taldearekin, buruhaundi eta gaiteroekin, Iruñea Kantuz abesbatzarekin, trikitrilariekin eta Bolibiako dantzariekin.

Musika eta jai giroarekin jarraitzeko, hiru kontzertu antolatu dituzte arratsalderako, Gaztelu Plazan. 16.30etan La Furia, 17.45tan Arkada Social eta 19.15etan The Trikiteens.

Haurrentzako egitaraua badago ere, Umeen Gunean, Burgoen Plazan. Bertan, 16.00etan ‘Gora bihotzak’ umeentzako ikuskizuna izango da eta 17.15etatik aurrera.

Ruizek zehaztu duenez «Aberri Egunaren ospakizuna, Euskal Herrian ezagutzen dugun bezala, Irlandatik ekarri zen duela ia mende bat, eta, hain zuzen ere, aurten 25 urte bete dira Irlanda iparraldean Ostiral Santuko Akordioak sinatu zirenetik». Hori dela eta Sinn Fein alderdiko bozeramailea Declan Kearney izango da Iruñean apirilaren 9an.

«Elkarrekin amestu, borrokatu, aldarrikatu eta disfrutatzeko» Aberri Egunera bertaratzeko deia zabaldu du Bakartxo Ruizek.