INFO

Mallorcan emaitza ona lortzea Koparako «antidotorik onena» litzateke, dio Jagoba Arrasatek

Osasunako entrenatzaile postuan 200. neurketa jokatuko du Berriatuakoak, eta hain zuzen Mallorcan bertan egin zuen debuta. Athleticen aurkako partidara iritsi bezperan, Son Moixen emaitza ona lortzeak «arnasa» emango liokeela onartu du.

Jagoba Arrasatek «buelta batzuek» eman omen dizkio Osasunaren bolada petralari. (Iñigo URIZ | FOKU)

Mallorcaren aurka ostiral gaueko 21.00etan jokatu bezperan, Jagoba Arrasate Osasunako entrenatzaileak espero du bere taldeak «sentsazio onak berreskuratuko dituela», Athleticen aurka Kopako finalerdietako itzulerako partidari begira bere taldea indarberrituko duen garaipena lortzeko.

«Bihar –ostiralean– partida ona egiteak eta emaitza ona ateratzeak ligarako arnasa emango liguke. Astearterako antidotorik onena litzateke», esan du Arrasatek.

Izan ere, bolada txarrean dago talde nafarra eta Mallorcaren aurkako dema eta Kopako finalerdiaz gain, une konkretu horri ere zenbait itzulinguru eman dizkiola aitortu du gorritxoen entrenatzaileak.

«Horixe eman dizkiodala bueltak, noski. Ez da erraza. Talde guztiok dugu zerbait jokoan, eta behar hori duenak zerbait gehiago eman dezake. Denboraldian zehar tarte batzuetan hobeto edo okerrago zaude, talde guztiekin pasatzen da eta hori eten eta lehengo bidera itzuli behar dugu», aipartu du Arrasatek.

Zentzu horretan, geldialdia «ondo etorri» zaiela azpimarratu du. «Egun batzuk dituzunean, beste energia batekin itzultzen zara. Aste ezberdina izan da, jokalariak falta izan zaizkigulako, baina ondo entrenatu gara eta gogotsu gaude biharko partidarako», adierazi du entrenatzaile bizkaitarrak.

«Golerako bidearen» bila

Neurketa bezperako prentsaurrekoan adierazi duenez, gola lortzera hurbilduko dituzten «bide horiek» aurkitu behar ditu Osasunak, ezer baino lehen. «Lanaren arlo horretan asko eragin dugu, eta Mallorca hezur gogorra da gainera helburu hori gauzatzeko, bere burua oso ondo defendatzen duen taldea delako eta etxean aurkariari ezer gutxi ematen diolako», azaldu du Berriatuakoak.

«Mallorca etxean oso indartsua da, egiten duen hori oso ondo egiten duen aurkari bat da. Ideia horretan sinesten du eta aurkaria berez dena baino gutxiago egiteko gai da. Ez dut uste Sanchez-Pizjuanen bezalako partida bezain ireki izango denik», azaldu du Jagoba Arrasatek.

«Partida bakoitzak lehen helburura hurbilduko gaitu, eta bihar –ostiralean– dugu lehen aukera», azpimarratu du, bestalde, Arrasatek, Kopako hitzordua hurrengorako lagata, mailari eusteko beharrezko puntuei so eginez.

Mallorca ausart bat espero du Arrasatek, «hegalak oso goian muntatzen dituena, Muriqiri jarraipena emanda jokatzen duena eta gora jende askorekin iristen dena. Etxean Real Madril, Atletico eta Vila-reali irabazteko gai izan da, eurak gusturago daudelako», aztertu du Berriatuako teknikariak.

Bestalde, Jagoba Arrasatek 200 partida beteko ditu ostiralean Osasunan debutatu zuen estadio berean. «Ez zuen gogoratzen. Harro nago. Lehen partida horretan ez nuen uste kopuru horretara irits nintekeenik, eta pozik ospatu nahi dut», adierazi du bizkaitarrak.

Horrez gain, David Garcia Espainiako selekzioarekin «nekatuta eta minen batekin» itzuli dela onartu du Jagoba Arrasatek, baina ez du ostiraleko partidara begirako eragozpenik izango lukeenik gehitu.