INFO

Nafarroa Arenari azken neurriak hartuta, aitzakiarik ez Binakako finalerako

Laso-Imazek eta Elordi-Zabaletak erabat osatu direla argitu dute eta bi bikoteek gustura amaitu dute saskian aurkitutakoarekin. Baikokoek pilota biziagoak aukeratu dituzte, aurrean min egiten saiatzeko.

Lau finalistak eta Martin Alustiza, igandean finala jokatuko den pilotekin. (Jagoba MANTEROLA/FOKU)

Xabier Tolosaren lesioak denok izoztuta utzi bagintuen ere, pixkanaka Binakako finala ari da tenperatura hartzen eta asteburuan zalantza zen guztia ilusioa bilakatu da bi bikoteen artean. Azken egunetan hartutako masaje eta atsedenek on egin diete Laso-Imaz eta Elordi-Zabaletari eta laurek igandean %100ean egotea espero dute, nahiz eta hori halako final handi batean edozer gerta daitekeenaren jakitun diren.

Materialaren aldetik ere batere kexarik ez eta finalista guztiek nahikoa gustura amaitu dute saskian topatu dutenarekin. «Azken partidan pilota biziak aukeratu genituen, lurretik ibiltzen direnak. Eurenak desberdinak dira, lasaiagoak baina gustatu zaizkigu», azaldu du Ander Imazek. Bere bikotekide Unai Lasok ere bat egin du bere atzelariarekin eta, argitu duenez, «pilotaleku honetan pilotak asko geratzen dira eta partida oso gogorra espero dugu».

Alde horretatik, Baikoko bikoteak argitu du bere ideia partida hasieran, pilotak biziak daudelarik, tartetxo bat irekitzea litzatekeela, baina partida gogortzeak ere ez die beldurrik ematen «azken hiru partidetan oso ongi eutsi diegulako».

Aspeko bikoteak ere ez dio inolako aitzakiarik aurkitu igandean finala jokatuko den loteari eta bat etorri dira eurei pilota lasaiagoak komeni zaizkiela azaltzerakoan.

Nafarroa Arenan, gustura

Horren gutxi erabiltzen den Nafarroa Arenako kantxan finala jokatu beharrak zenbait kezka ere eragin zitzakeen, baina lau pilotariak gustura agertu dira Iruñean jokatu beharrarekin. Are gehiago, Ander Imazek argitu du Bilbokoa baino gustukoagoa duela, nahiz eta onartu pilotak atzean pisu handia hartu eta Zabaleta bezalako jotzaile handi baten aurka arriskutsua izan daitekeela.

Baikoko bikotea atzo 45 minutuz aritu zen Navarra Arenako kantxan Aimar Olaizolaren aginduetara eta Elordi-Zabaletak gaur egin dute finalaren aurreko lehen eta azken saioa finalaren egoitzan. Erabilera anitzeko gunea da Nafarroa Arena eta bertako langileek azkar eta ondo egin beharko dute lan larunbatetik iganderako gauean, Iruñea Rock musika jaialdia goizaldeko ordu txikietan amaitu eta arratsaldeko lehen ordurako denak prest egon beharko baitu finala jokatu ahal izateko. Bertako arduradunek argitu dutenez, normalean 24 ordu inguru behar izaten dituzte halako ikuskizun batean dena garbitu eta asteburu honetan dena 10 ordutan egiteko dute prest.

Partidaren nondik norakoen inguruan, bi bikoteak bat etorri dira orain arte egindako bidetik jarraitzea gustatuko litzaiekeela azaltzerakoan. Laso-Imaz, finalerdietan Labriten bezala, aurrean arriskatu eta Zabaletari eroso ez egoten uzten saiatuko dira eta Elordi-Zabaletak, aldiz, bikote bezala batu, etxarrendarra atzean nagusitu, baina mallabitarrak aurrean ere errematean asmatzea bilatuko dute.

Lehen finala izango du bizkaitarrak igandekoa, baina astea ahalik eta normaltasunik handiena emanda eta gozatzen saiatuta, ez omen dago bereziki urduri, nahiz eta igandean ezin ziurtatu hala izango denik. Gaur behintzat, konfiantza pertzakada bat jaso du bere atzelariaren ahotik. «Elordi bezalako bikoteak izan ditut Binakakoan, Elordi pilotari indartsua da eta kriston gantxoa dauka. Halako pilotariekin jokatu izan dut Irujo, Ezkurdia, Irribarria ere bai. Indartsuak eta erremate on bat dutenak».

Mallabiarrak laguna «pixka bat gora etorri dela» esan du halako izarrekin konparatu duelako, baina argi dauka, «ausart jokatu behar dudala, hori da honaino ekarri gaituena».