INFO

Bada gazte komunikabidea sostengatzeko diru bilketa eta gaualdia antolatu dituzte

‘Badaboom!’ sostengu gaualdia eta diru bilketa antolatu dituzte «desagertzeko arriskuan» dagoen Bada Ipar Euskal Herriko Gazte Komunikabidea laguntzeko. Gaualdia maiatzaren 5ean izango da Biarritzeko gaztetxean, lau kontzerturekin.

Bada sostengatzeko diru bilketa eta gaualdia aurkeztu dituzte Biarritzen. (Guillaume FAUVEAU)

Lan egiteko lokalik gabe, langilerik kontratatu gabe eta material pertsonalarekin lan egiten aurrera eramaten dute Bada Ipar Euskal Herriko Gazte Komunikabidea 2021ean sortu zenetik. Hala ere, aurten ez dute espero zuten diru-iturri nagusia jaso eta diru bilketa eta ‘Badaboom!’ sostengu gaualdia antolatu dituzte.

Ostiral honetan Biarritzen eskainitako prentsaurrekoan azaldu dutenez, «Ipar Euskal Herriko gazteria euskarara, euskal kulturara eta balore eraldatatzaileetara hurbiltzeko» Bada hedabidea «beharrezkoa» da.

Hori ikusita, ostiral honetan bertan jarri dute martxan diru bilketa, «aurten lortu ez dugun diru-iturriek sorturiko zuloa betetzeko». Maiatzaren 5ean amaituko da eta komunikabidearen sare sozialetan eta webgunean zabaldutako lotura baten bidez parte hartu daiteke.

Bilketari amaiera emateko, maiatzaren 5ean bertan Biarritzeko gaztetxean Zero + zero Lapurdiko taldearen, Andoni Oilokiegiren, Kai Nakairen eta Xiberuko Dj Üzkülüzen kontzertu bana antolatu dituzte. Sarreren aurresalmenta jada irekita dago, 8 euroan, eta lekuan bertan 10 euroan salgai izango dira ere.

Hainbat formatu

Gazteeko ohiko prentsara jo gabe ere eguneroko gertakarien berri izan zezaten sortu zen Bada 2021eko urrian, euskarazko tokian tokiko hedabide bat, frantseseko azpitituluekin. Edukia Facebook, Instagram, TikTok eta Youtube bidez zabaltzen dute.

Lehenengo ikasturtean astez-asteko sei aktualitateren aurkezpena eta gazte baten portreta eskaintzen zuen erreportaje bat argitaratzen zituzten.

2022ko irailaz geroztik, Euskal Herriko filmak aztertzen dituen ‘Badazinema’ formatua, ‘Bada zer erran’ aktualitateko zuzeneko emakizuna eta ‘Badadoa’ bideojokoen inguruko talk showa sortu dituzte.