«Euskara eta euskal kirola bultzatzeko» asmoz zesta-punta jaialdia jokatu da Gasteizen
Zesta-punta «euskaraz egiten den kirola da, euskal kultura eta kirolarekin bat egiten duena» nabarmendu du Araba Euskarazek. Open Series zesta-punta jaialdia antolatu dute Gasteizeko Olabe pilotalekuan. Ekainaren 11n ospatuko dute Arabako Ikastolen aldeko eguna Olarizun.
«Euskara, euskal kultura eta euskal kirola bultzatu, sustatu eta plazaratzeko» asmoz Araba Euskarazek Open Series zesta-punta jaialdia ospatu zuen atzo Gasteizko Olabe pilotalekuan. Arabako Euskal Pilota Elkarteak eta Gasteiz Jai Alai Klubak ere lagundu zuten antolakuntzan.
«Euskal kulturarekin eta euskal kirolarekin bat egiten duen jarduera da zesta-punta eta euskaraz egiten den kirola da, beraz, gure egitasmoarekin bat etortzeaz gainera, azkenaldian susperraldia bizi duen kirol hau sustatu nahi dugu Araban», adierazi du Araba Euskarazek. Winter Series txapelketak zesta-puntari bultzada handia eman dio, eta hori baliatu du Araba Euskarazek zesta-punta jaialdi erakargarria antolatuta.
Izan ere, Araba Euskaraz Open Seriesean, Winter Serieseko txapelketan protagonistak izan ziren puntistak aritu ziren atzo nor baino nor gehiago Olabe frontoian, eta horien artean bi gasteiztar: Maite Ortiz de Mendibil eta Julen del Rio.
Lehenik, Durangoko finala jokatu zutenak lehiatu ziren: Erika Mugartegi eta Arai Lejardi txapeldunak, Maite Ortiz de Mendibil eta Maialen Aldazabal txapeldunordeen aurka. Errebantxa kutsua izan zuen demak baina azkenean bikote markinarrak irabazi zuen dema, izerdi asko botata. Izan ere, lehen jokoa 10-15 irabazi zuten baina bigarrengoan gasteiztarra eta berriatuarra izan ziren garaile (15-14). Azken jokoan erabaki zen partida, 3-5 markagailuarekin markinarren alde.
Ondoren, Gernikako finalean txapeldunorde geratu ziren Xabier Barandika eta Unai Lekerikabeaskoa Iñaki Osa Goikoetxea eta Julen del Rioren aurka aritu ziren. Gizonezkoen dema ere hirugarren jokoan erabaki behar izan zen, Barandika-Lekerikaren alde. Lehendabizikoa Goikoetxea eta Del Rioren alde jausi zen (15-13), bigarrengoan bikote gernikarra nagusitu zen (14-15) eta azkena ere hauek bereganatu zuten (2-5).
«Ekin» lelopean
Urtero lez, aurtengo ekainean ere, Arabako Ikastolen aldeko eguna ospatuko du Araba Euskarazek Olarizun. «Auzolana eta elkarlana ardatz hartuta, eskuz esku, buruz buru, gure jakintza elkarbanatuz, gure harremana aberastuz» Arabako zortzi ikastolek antolatu dute Araba Euskaraz.
«Ekin» lelopean, ekainaren 11n ospatuko dute Arabako Ikastolen aldeko eguna. «Euskarari eta euskal kulturari agertoki handi bat eskaini nahi diegu. Ikastolek bezalaxe, euskarak behar duelako Araba Euskararen bozgorailua, ozen entzun dadin; euskal kulturak behar duelako Araba Euskararen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin; arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea, euskaraz bizi gaitezen», nabarmendu du Araba Euskarazek.