INFO

Auto ilarak Euskal Herriko errepideetan, Aste Santua hasi berritan

Aste Santuko «irteera operazioa» dela eta, auto ilara luzeak sortu dira asteazken honetan Euskal Herriko errepideetan. Irunen 9 kilometrokoak ziren arratsaldeko 18.00ak aldera eta Armiñonen, aldiz, 4 kilometrokoak, Lakuako Trafiko Zuzendaritzak jakitera eman duenez.

Auto ilarak Irunen, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Gaur asteazkenean hasi dira Aste Santuko oporrak askorentzat eta igartzen ari da Euskal Herriko errepide sarean. ‘Irteera operazioa’ deritzonaren ondorioz, auto ilara luzeak sortu dira arratsaldean zehar: Irunen 9 kilometrokoak eta Armiñonen 4 kilometrokoak. Lakuako Trafiko Zuzendaritzak zabaldu ditu datuak.

AP-8 errepidea Irunetik igarotzen den zatian 9 kilometroko auto ilarak sortu dira arratsaldeko 18.00etatik aurrera, Lapurdira bidean doan ibilgailu kopuruaren ondorioz. Biriatuko bidesarian sortutako ilarak eragina izaten ari dira GI-636 eta N-121-A errepideetan ere, noranzko berean.

Arratsaldeko 18.00ak aldera, 4 kilometro luze zen Armiñonen sortutako auto ilara. AP-1 errepideak eta N-1 bideak bat egiten duen puntuan eratu dira auto pilaketak, Madrilerako noranzkoan, hain zuzen ere. Hala ere, Trafiko Zuzendaritzak jakitera eman duenez, gero arindu da trafikoa eta arazorik gabe dabiltza ibilgailuak.

Lakuako Trafiko Zuzendaritzaren aurreikuspenen arabera, Aste Santuan 522.000 joan-etorri izango dira guztira Euskal Autonomia Erkidegoko errepideetan, joan den urtean baino 7.000 inguru gehiago.