INFO

Brebeta zuzentzeari uko egin zioten irakasleei ezarritako zigorra kentzeko eskatu dute

Iazko ekainean brebeta azterketa zuzentzeari uko egin zioten Seaskako irakasleei ezarritako zigorrarekin aurrera egiteko erabakia jakinarazi berri du Hezkuntza Errektoretzak. Baionako Ikuskaritzaren aitzinean elkartasun ekimena egin dute aipaturiko isuna kentzea exijitzeko.

Irakasleei elkartasuna adierazteko elkarretaratzea egin dute, gaur arratsaldean, Ikuskaritzaren aurrean, Baionan. (Patxi BELTZAIZ)

2022ko ekaineko brebetako frogen karietara 30 bat irakasle azterketan zuzenketan parte hartzera deituak izan ziren. Izan ere, Seaskaren deiari erantzunik, desobedientzia egitea deliberatu zuten.

Zehazki, iazko ekainaren 8an Kanbon egin zuten agerraldiaren bidez azaldu zutenez, ikasleek euskaraz idatzitako Zientzietako azterketak ez baziren zuzenduak izaten beraiek ez ziren frantsesez idatzitako azterketak zuzentzeko prest.

Are, frantziar Estatuko Hezkuntza arduradunen eskutik azterketen zuzenketan parte hartzeko jasotako gutuna hautsi egin zuten aipaturiko agerraldian.

Horren ondotik, azterketak osoki euskaraz ezin zirela egin salatzeko zuzenketak egiteari uko egin zioten irakasleek zigorra jaso zuten.

Hala, Hezkuntza Akademiak egun bakoitzeko soldataren %30 kenduko ziela jakinarazi zien.

Seaskan lan egiten duten irakasleek helegitea ezarri bazuten ere, berriki isun hori berresten zuela jakinarazi die Bordeleko Hezkuntza Errektoretzak.

Erabakia salatzeko elkarretaratzea deitu zuen Seaskak, joan zen astelehenean.

Hala, gaur, 14.00etatik aitzin elkartasun ekimena egin dute Baionan Hezkuntza Ikuskaritzan duen egoitzaren aurrean irakasleek emandako zigorra behingoz kentzea exijitzeko.

Martxoaren 22ko data duen gutun baten bidez Errektoretzak irakasle horiei, zigor gisa, haien soldataren parte hori kentzeko asmoa berretsi du, haien eginkizuna ez zutela bete argudiatuz.

Irakasleei ezarritako zigorrari jarraipena emateko erabakia, paradoxikoki, martxoaren 22an ezagutu zuen Seaskak, hau da, Hezkuntza Ministerioak aurten brebet azterketa osorik egin ahal izateko erabakia ezagutarazi eta egun gutxira.

Oroitzearren, iragan martxoaren 17an jakinarazi zion brebet azterketaren zientzietako frogari buruz bere erabakia frantses Hezkuntza ministro Pap Ndiayek Euskararen Erakunde Publikoari.

Gaurko elkarretaratzean zigorturiko irakasleek adierazi dutenez, «brebeta euskaraz onartuz, Pap Ndiaye Hezkuntza ministroak gure borroka legitimoa zela onartu du».

Horregatik, Errektoretzari zigorrak bertan behera utz ditzala exijitu diote.

«Gure elkartasun ekintza zigortu ordez, Errektoretzak sariztatu behar gintuzke, ekintza zibiko horretan parte hartzeagatik, 14-15 urteko haurren eskubideak defendatzeagatik, giza eskubideen kartak babesten dituen hizkuntza eskubideak babesteagatik» gaineratu dute Baionan irakasleek.