INFO
Entrevue
Txomin Poveda
Bagira prozesuaren sustatzailetarikoa

«Itsasuko Agiriaz geroztik zabaltzen joan den mugimenduaren parte gara»

Ipar Euskal Herriko mugimendu abertzaleak asteburu honetan amaitutzat emanen du azkeneko sei hamarkaden gainean burutu duen atzerabegirakoa. Itsasuko Agiriaren 60. urtemuga kari, sekuentzia berria irekiko du Enbata mugimenduaren ausardia omenduko duen Bagira prozesuak.

Txomin Poveda. (Guillaume FAUVEAU)

Joan zen otsailaren 4an Itsasuko Sanoki gelan eginiko oroimen kolektiboko saioarekin Bagira dinamikak abian eman zuen transmisio historikoaren fasean koordinatzaile lanetan murgiltzea egokitu zaio Txomin Povedari.

Bi hilabetez luzatu den ariketak «zapore ona» utzi diola aitortu du.

Enbata mugimenduak duela 60 urte haizatu zuen «borroka ardatzari atxikiz», urtemuga horren kari Itsasun ospatuko den Aberri Egunak «Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest diren guztiak barnean hartzeko gai izanen den mugimendu abertzale eguneratu bat eratzeko prozesuak zabalduko duen fase berria» solasgai izan dugu soziologo urruñarrarekin.

Transmisio historikoaren faseari amaiera emanen diozuen honetan, zer bilan eginen duzu otsailaz geroztik entzun eta esandakoaz?

Bilan baikor bat egiten dugu. 14 bat ekimen antolatuak izan dira azkeneko bi hilabeteetan eta, gure ustez, horrek erakusten du mugimendu abertzaleak bereganatu duela egin genuen deialdia. Eragile ezberdinak inplikatu dira ariketa horietan guztietan, eta sektoreka egin diren saioetan ere inoiz egin ez den ibilbidearen bilduma osatu da. Orotara 750 lagunek parte hartu dute eta 75 bat lekukotasun entzuteko parada izan da. Ekimen horietara ohiko militanteak bertaratu dira, baita ibilbide aberats eta anitz hori ezagutzera lehen aldiz hurbildu diren pertsonak ere.

Bihotz errea ez al du sortzen etengabe elikatu behar den transmisio prozesu bat bi hilabetetara mugatzea? Zer oihartzun izan dituzue?

Nik esango nuke bete dugula helburua, hain zuzen hasieratik jakin bagenekielako ezinezkoa zela memoria osoa biltzea, biziki zabala eta sakona delako mugimendu abertzalearen historia. Hala eta guztiz ere, horrelako memento azkar bat nahi genuen probokatu, kontaketa hori egiten hasteko, eta ikusi dugu efektu hori neurri handi batean lortua izan dela.

«Transmisio historikoaren fase bizi bat amaituko dugu, baina memoria ekimen horrek biharamun bat duela jakinik, transmisioak ez duelako etenik»

Iratzar fundazioaren laguntza izan duzue eta zenbait saioren grabaketa izan da. Bilduma horrekin bada zer eginik aurrera begira.

Oraindik ez dugu trenkatu gai hori. Hala ere, diozun bezala, badira bideo batzuk, audio grabaketak, eta beste euskarri batzuk ere, hala nola erakusketak, baita hainbat testu ere. Bada, finean, egitura ezberdinetatik eskuzabaltasunez eskainitako altxorrak. Ez dugu deus erabakita, baina dagoeneko badakigu pertsona batzuek nahi dutela saio berriak antolatu, beste batzuek testuak argitaratu... Fase honen diseinua egin genuenean kontziente ginen denbora laburra zela, sei hamarkadetako bizipenak bi hilabetetan jasotzea ezinezkoa delako; baina, berriz diot, jakiteko gosea piztea nahi genuen, eta gose hori hor dela frogatutzat eman dezakegu.

‘Biharko Euskal Herria eraikitzeko prest’ leloa hartuko du formatu berezian antolatu duzuen hitzordua. Zer helburu berria lortzeko?

Lehenik eta behin, seguruenik garrantzia gutxien duen helburua aipatuko dizut. Aberri Egunaren ospakizunak aurten inflexio puntu bat markatuko du guretzat, transmisio historikoaren fase itxiko dugulako bertan. Aberri Egunaren giroan hainbat eduki landu nahi ditugu, ondoko faseari ekin aitzin, eta hori baldintza egokietan egiteko bi eguneko formatua hautatu dugu. Erakusketa zabalduko da larunbatean, memoria egiten jarraitzeko parada emanez, eta konferentziak ere badira. Igandea egun bereziagoa izanen da, 60 urte ospatzen direlako; eta hori behar dugu markatu. Giro alai eta aldarrikatzailean igaroko den Aberri Egunerako egitarau zinez aberatsa prestatu dugu.

1963an Enbatak egin zuen adierazpenak badu gaurkotasunik? Itzala badu mugimendu abertzalearengan?

Duela 60 urte plazaratu zen agiriaren eta horrek islatzen duen borrokaren ardatzean kokatzen gara gu, dudarik gabe. Baita hamarkadaz hamarkada aldatzen, eguneratzen, zabaltzen joan den mugimendu abertzale horren partaide garela. Borroka ekologista edota feminismoa barneratu dituen mugimendu zabal eta aberats horren segidan kokatzen gara. Borroka armatuaren desagertzearen testuinguruak beste erronka eta aukera batzuk irudikatu ditu. Erakunde bat sortu da Ipar Euskal Herrian, hautetsi abertzaleen lana hor da, gizarte dinamika azkarrak ahantzi gabe. Erronka berriei erantzuteko tresna berriak sortu behar ditugu.

Itsasuko oroigarritik aurrera begira jarriko zarete. Nola ikusten duzu ondoko fasea?

Transmisio fasea itxiko dugu, alde batetik, eta bestetik, partekatze prozesu horretan jarritako oinarriak eskuratuko ditugu diagnostiko amankomun edo partekatua deitu diogun ondoko ekimenari ekiteko.

«Mugimendu abertzalearen eguneraketa prozesuan, beste urrats bat ematen dugu Itsasun, uda bitartean iraunen duen diagnosiaren sekuentziari bide emanez»

Nola gauzatuko duzue uda bitartean aurreikusita dagoen diagnosia?

Sei hamarkaden ondotik izan diren aldaketei neurria hartu ondoren, oroitarazi behar da gaur egungo eta bereziki etorkizuneko erronkei erantzuteari begira mugimendu abertzale berria eratzea dela Bagira prozesuaren helburu nagusia. Diagnostiko partekatu hori egiteko, alde batetik, inkesta bat abiatuko dugu. Ahal den jendearengana heldu nahi dugu, zenbait galdera pausatuz. Zer da abertzalea izatea?, zertan datza engaiamendu militantea?, zeintzuk dira abertzaleen borroka ardatzak?

Nola hautatuko da inkesta horren eremua?

Dagoeneko Aberri Egunean bertan edozein jendek aukera izanen du izena emateko, inkestan parte hartu ahal izateko. Paraleloki Aberri Egunetik uda bitartean iraunen duen diagnostiko fasean zenbait ekimen antolatuak dira, eragileekin gogoetan sakonduz lehentasunak finkatzeko.

Prozesuaren gardentasunak bere garrantzia badu.

Irailetik aitzin, ekoizpen amankomun gisara irudikatu dugun faseari ekin baino lehen, diagnostikoaren emaitzak plazaratuko ditugu.

2024ko Aberri Eguna arte iraunen duen etapari buruz ezin bada gehiegi aurreratu ere, zein litzateke amaiera arrakastatsu bat zuretzat?

Data horretarako mugimendu abertzalearen izaera eta oinarrien definizio eguneratu bat izan behar genuke, baita mugimendu gisa partekatzen dugun bide orria edo baloreen zerrenda ere. Data horretarako, finean, mugimendu artikulatu bat izan behar genuke, gazteagoa eta baita feminizatuagoa ere izanen den mugimendua eta, ondorioz, egungo errealitatetik etorkizuna eraikitzeko prest izanen dena.