INFO

Ez dago AHTren lotura 2030ean amaitzeko konpromisorik, Estatu frantsesaren arabera

Ez dago AHTren mugaz gaindiko lotura 2030. urtean amaitzeko konpromisorik, data hori aldebakarrez eman zuen Gobernu espainolak, adierazi du Jean-Michel Casa enbaxadore frantziarrak.

Iñigo Urkullu, Alfonso Rueda, Adrian Barbon eta Miguel Angel Revilla presidenteak AHTri buruz hitz egiteko Ajuria Enean izandako bileran. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Estatu frantsesak gezurtatu du Abiadura Handiko Trenaren (AHT) mugaz gaindiko lotura 2030ean amaitzeko konpromisoa hartu izana. Jean-Michel Casa enbaxadore frantziarraren arabera, Pedro Sanchezen Gobernuak alde bakarretik egin zuen promesa hori.

Europa Pressi igande honetan emandako elkarrizketa batean, Casak adierazi du urtarrilean Bartzelonan egindako Estatu bien arteko azken goi-bileran ez zela data hori adostu. Izan ere, gaia ez da gailurraren adierazpen ofizial bateratuan agertzen.

Hala ere, Garraio Ministerioak komunikatu bat kaleratu zuen goi-bilera horren barruan Estatu frantseseko departamentu homologoarekin izandako bileraren amaieran, Frantziak urte horretarako korridore atlantikoa eta mediterraneoa amaitzeko hartutako konpromisoa txalotuz.

«Inoiz ez da 2030az hitz egin»

«Argi eta garbi, inoiz ez da 2030az hitz egin, Atlantikoko korridoreari dagokionez, gure aldean. Bartzelonako goi-bileran 2030eko horizontea aipatu zen, baina Mediterraneoko korridorerako bakarrik, baina inoiz ez, inolaz ere, Atlantikoko korridorerako. Hori Raquel Sanchez Garraio ministroak argitaratutako ohar batean agertu zen, baina aldebakarreko komunikatua da», nabarmendu du enbaxadoreak.

Beste goi-bilera batean, kasu honetan Estatu espainolaren eta Portugalen artekoan, joan den martxoan, bi herrialde horiek bat egin zuten Bruselara gutun bateratu bat bidaltzeko, Gobernu frantsesari presio egin diezaion korridore atlantikoa bultzatzeko.

«Bruselari presioa egitea? Tira, presioa egin dezatela. Europako Batzordeak dena finantzatzea lortzen badute, ondo, noski. Europako funtsen mende ere badago. Paradoxa da Espainiak eta Portugalek, Madril eta Lisboa artean abiadura handiko trena egiteko gai izan ez direnek Frantziari presioa egin behar zaiola azaltzea», erantsi du Frantziako enbaxadoreak.

Casak aipatu du korridorearen amaierarako data bakarra 2042. urtearen ingurukoa dela, argitaratutako agiri ofizialen arabera, eta argitu duenez, organo aholku-emale batek emandako data da hori, oraindik Gobernuak eztabaidatu eta onartu behar duena.

Era berean, Iñigo Urkullu lehendakaria eta autonomi erkidegoko beste presidente batzuen agerraldia aipatu du. «Galiziako Xuntako presidentea (Alfonso Rueda) Euskal Herriarekin elkartu da orain, Frantzia Atlantikoko ardatzean presionatu behar dela esateko. Nik dakidala ez dago abiadura handiko trenik Ourense eta euskal ‘Y’-aren artean, eta ez dago planik. Beraz, oso ondo dago Frantziari presioa egitea, baina Espainian Ourensetik Leonera eta Leondik Gasteizera doan linea nola egiten den aipatu beharko litzateke», gaineratu du Casak.

Iragan martxoaren 13an, Iñigo Urkullu lehendakaria Galizia, Asturias eta Kantabriako presidenteekin bildu zen Gasteizen, Europako Batzordeari eta Gobernu espainolari Parisi presioa egiteko eskatzeko. Aurreikuspenek ez zuten penintsularekiko lotura aipatzen, eta Bordele-Akize zatia 2042rako aurreikusten zuten.

Lanen atzerapenen inguruko kezka helarazi zion Urkulluk berak gutun bidez presidente frantsesari. Ez zuen, gainera, Emmanuel Macronen erantzunak eragindako haserrea ezkutatu, agintari frantsesak ez zuelako inongo konpromisorik adierazi, gaia aztertu behar zela esatera mugatuz.