INFO

Andoaingo Udalak ibaien kudeaketa «traketsa» egiten duela salatu du Eguzkik

Eguzki salatu duenez, «Andoaingo Udalak ibaien kudeaketa traketsa egiten du». «Aurten, aurreko hiru urteak bezalaxe, gure herriko ibaiek hondakinez beteta eta babes neurri berririk gabe jarraituko dute», nabarmendu du talde ekologistak.

Eguzkik neurriak eskatu ditu ibaiak babesteko. (Idoia ZABALETA | FOKU)

«Andoaingo Udalak ibaien kudeaketa traketsa egiten du». Hala adierazi du Eguzki talde ekologistak, neurrien falta salatu duenak. «Aurten, aurreko hiru urteak bezalaxe, gure herriko ibaiek hondakinez beteta eta babes neurri berririk gabe jarraituko dute», nabarmendu du.

Ohar batean azaldu duenez, «Andoainen baditugu ibai, erreka eta errekasto desberdinak eta jakina da hauek izatea zeinen garrantzitsua den denontzat». Eta «garbi mantentzea guztion ardura da. Alde batetik herritarrona, zeintzuk hondakinekin jokabide sendoa izan behar dugun, sortzea saihestuz eta sortzen direnean dagokion lekuan utziz edo isuriz; eta beste alde batetik erakunde desberdinena, zeinak baliabideak eskaini behar dituzten ibai ekosistemak mantentzeko eta ondo ez badaude  hobetzeko».

«Horien artean legoke, egoera ikusita, ur ibilguaren garbiketa profesionala egitea eta babes neurriak hartzearena ibai-inguruak garbi mantentzeko, ibaiak, errekak eta azken finean itsasoa babesten laguntzen dugulako», gaineratu du Eguzkik, duela lau urte ‘Itsasoa hemen hasten da’ leloa duen kanpaina abian jarri zuen taldeak.

Helburua da ibai-inguruetako baranden azpikaldean saretxo metalikoak jartzea, «horien bidez hondakinak ibaietara eror ez daitezen ekiditeko». Andoainen, «ibaia aldean pilatzen ziren hondakin kopuru handia ikusirik, sare bat jarri zuten Makaldegiko aterpearen atzeko barandan lehenengo aldiz»; eta 2022ko uztailean saretxo batzuk jarri zituzten Santakrutz zubian.

«Albistea jakindakoan pozez hartu genuen, baita publikoki horrela adierazi ere, baina jarri zutena ikusitakoan ez ginen bat ere gustura geratu. Batetik jarritako sare mota arriskutsua iruditzen zaigulako: orain arte Euskal Herriko herri ezberdinetan 10-15zmko zokalo bat jartzen ikusi dugu, zokalo horiek zulo ugari dituzte urik ez pilatzeko baina Andoainen oilategietako itxituretan erabiltzen den moduko sarea erabili dute 80-100 zentimetrokoa eta hatza sartzeko moduko zuloekin, zinez arriskutsua gure ustez. Bestetik, espigoian jarritakoak uholde arrisku handiko inguruan jarri zirelako eta guk bultzatzen ditugun 10-15zmko zokaloak arazorik sortzen ez badute ere, 80-100zmkoak hesi edo presa efektua eragin dezaketelako», gaineratu du.

Udalak ez ditu diru-laguntzak eskatu

Eguzkiren esanetan, «jarraipena egitearen bidetik, Aldundiak urtero banatzen dituen laguntzen 2023ko deialdiaren berri eman genion Udalari. Bi laguntza mota: ibai bazterrak eta ibilgua garbitzeko bat eta hondakinak ibaira ez isurtzeko babesak jartzeko bestea. Gure harridurarako laguntzak ez dira eskatu».

«Andoainen eremu asko daude bai babesteko, herriko zubi guztietako baranden azpikaldeak edota Bekoplazako paseo berriko inguruak esaterako, baita ibai eremuak garbitzeke ere. Babes neurriak ezartzen hasiak ginela ez dugu ulertzen zergatik ez diren laguntza hauek eskatu babes neurriak jartzen jarraitzeko, kontuan izanik ibai ibilguak hondakin zurrunez garbi mantentzea Udalaren betebeharra dela», kritikatu du.