INFO
Entrevue
Daniel Harotzarene
‘Herrian Bizi-Se Loger au Pays’ plataformako kidea

«Bigarren etxebizitza berriak sortzen badira, ekintza ez-bortitzak egitera pasatuko gara»

Herrian Bizi plataformak bigarren etxebizitza berriak sortzea ez duela onartuko ohartarazi zuen hilaren 1ean Baionan egin zuen manifestazioan. Iragarpen horri buruz xehetasunak eman ditu Daniel Harotzarene taldeko kideak.

Daniel Harotzarene, Herrian Bizi plataformako kidea. (Patxi BELTZAIZ)

Eguraldiak gehiegi lagundu ez bazuen ere, 3.500 bat herritar elkartu ziren ‘Herrian Bizi- Se Loger au Pays’ plataformak antolaturiko bigarren manifestazio handian, iragan apirilaren 1ean, Baionan.

Bertan, ohartarazpen zehatza jasotzen duen manifestua plazaratu zuen bere baitan 32 eragile biltzen dituen kolektiboak. Hain zuzen, adierazi zuten 2024ko urtarriletik aurrera ez dutela onartuko bizitoki bat erostea ondoren bigarren etxebizitza bilakatzeko.

Etxebizitzaren krisiari aurre egiteko plataformak zabaldu nahi duen fase berriari buruz hitz egin du Daniel Harotzarenek ‘Mediabask’ astekariarekin.

Apirilaren 1eko manifestazioaren ondotik, zer jarraipen izanen du ‘Stop! Aski!’ traola astinduz abian emango duzuen kanpainak?

Egin ditugun proposamenak eta manifestua argitara eman eta ezagutaraztea nahi dugu, lehenik. Hautetsi, erabakitzaile eta higiezinen arloko profesionalen artean hedatze lan bat izanen da, bai etxebizitza sozialen gaian, bai bigarren bizitegiei buruz.

«Euskal Herritik haratago ezagutarazi nahi dugu manifestua, bigarren bizitegien etorkizuneko erosle guztiei zuzendua izan dadin»

2024ko urtarrilaren 1etik goiti ez duzue onartuko etxebizitza bat erosia izan eta bigarren bizitegi bilakatzea. Nola pentsatzen duzue hori egitea?

Bigarren etxebizitzen kopurua gehiago ez haztea da nahi duguna. 2024ko urtarriletik landa, gaubeila bat antolatuko dugu. Oraingoz, ohartarazpen mezu bat zabaldu nahi dugu. Bigarren etxebizitza berriak sortzen badira, salaketa publikoko ekintza ez-bortitzak egitera pasatuko gara, ohartarazpen horiek hitz hutsak izan ez daitezen.

Bizitegi sozialak dira zuen beste lehentasuna. Zer egin beharko litzateke?

Elkartasunaren eta hiri-berritzearen legean, bizitegi sozialak zenbatzeko manera berraztertu behar da. Egun, lege horrek bizitegi sozialak kontatzen ditu egoitza nagusien aldean.

Tentsio gunean diren herriei (24 Ipar Euskal Herrian, Euskal Elkargoak zehaztutako eremuaren arabera) %25ean jabe izan daitezen galdegiten die, bigarren etxebizitzak kontuan hartu gabe. Bigarren etxebizitza ainitz dituzten herrietan, ehuneko hori faltsutua da.

Beraz, etxebizitza parke osoarekiko kalkulatu beharko litzateke tasa hori. Egungo kalkuluarekin ere, herri bakar batek ere ez du legea betetzen. Etxebizitza guziak kontuan harturik, tasa arrunt apaletara iristen gara, %25 horretatik oso urrun.

Ondorioz, Euskal Herrian sakoneko eta aspaldiko arazo bat dago. Populazioaren beharren oso azpitik gaude. Etxebizitza proiektu guzietan etxebizitza sozialen tasa oso handia izatea nahi dugu, %100ekoa.