INFO

Hezkuntza Legeari buruzko mahai sindikala osatzeko eskatu dio LABek Lakuari

Hezkuntza Lege berria onartzeko prozesuan langileen iritziak eta ekarpenak jaso ahal izateko mahai sindikala osatzeko eskatu dio LABek Lakuako Gobernuari.

LABek Hezkuntzari buruz gaur Bilbon egin duen agerraldia. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan Hezkuntza Lege berria onartzeko langileen ekarpena jasotzeko mahai sindikala eratzeko eskatu dio LABek Lakuako Gobernuari.

«Sindikatuak hasieratik esan izan du Hezkuntza Lege batek, ezinbestez, eremu politikoan egin beharreko akordioez gain, eremu sindikal eta sozialarekin ere adostasunak eskatzen dituela. Horregatik, alderdi politikoek hezkuntza akordioa sinatu zutenez geroztik legea garatzeko bide orri bat eta mahai sindikal bat eratzea eskatu du LABek.

Halaber, mobilizazio eta greben bitartez «publikoa, propioa eta euskalduna» den hezkuntza-sistema eraikitzeko hezkuntza legea langileekin eraiki behar dela aldarrikatu dute.

Bi dira askatu beharreko korapiloak, LABen esanetan; batetik, hezkuntza lege berria; bestetik, hezkuntza-sistemako langileen lan baldintzak. «Euskal Herriko hezkuntza-sistemek eraldaketa sakona behar dute eta horretarako langileen lan baldintzei ezinbestean erreparatu behar zaie», adierazi du sindikatuak.

LABek eremu bietan egin du ekarpena; alde batetik, Hezkuntza Lege aurreproiektuaren zirriborroari ekarpenak egin zizkioten. Hilabete honen bukaeran aurkeztuko omen da behin-betiko Hezkuntza Lege aurreproiektua. Berriz ere azterketa sakona egingo dute, eta horren arabera beren iritzia eta posizioa ezagutzera emango dituzte. Hala, Hezkuntza Lege on bat lortzeko eragiten jarraituko dutela diote: «Legeak segregazioari aurre egiteko neurriak jaso behar ditu; eskola publikoa erdigunean jarri; ituntze unibertsalarekin amaitu; sare publiko bakar deszentralizatu eta burujaberantz trantsizioa ahalbidetu eta euskal curriculuma, laikotasuna zein eskumenak izatea bermatu».

Bestetik, eta ikusita bai hezkuntza akordioak bai hezkuntza lege aurreproiektuak ez zutela langileen lan baldintzen inguruko aipamenik egiten, honen inguruko proposamen eta ekarpenak egin zituen LABek: «Hezkuntza sisteman egin beharreko eraldaketak berekin dakar hezkuntzan lan egiten duten langileen lan baldintzak hobetzea».

Lan baldintzen inguruko ekarpenei dagokienez, hainbat greba eta mobilizazio egin ditu sindikatuak, hezkuntza eremu desberdinetan. Langileek emandako erantzunak indarra sortu du azken asteetan LABek Hezkuntza Sailarekin elkarrizketak izan eta lan baldintzen inguruan aurkeztu zituen ekarpenak lantzeko. «Elkarrizketa horietatik ondorioztatu dezakegu langileen lan baldintzak hobetzeko akordiorako oinarria jartzea lortu dugula eta aukerak daudela langile guztien lan baldintzak hobetzeko adostasun zabalak lortzeko», azaldu dute.