«Sari potoloa» eskuratzeko bidea, ongi borrokatua eta «ederki gozatua»
Aaron Gonzalez eta Ruben Bailo puntistak profesionalen artean lehiatzen ikusiko ditugu udara honetan. «Sari» hori erdietsi dute Elite txapelketa irabazi ondotik. Finaleko garaipena eskuratu berritan, NAIZekin solastu dira arabarra eta nafarra. Txapelketa honek eragin duen «ilusioa» nabarmendu dute.
«Urduri geunden, saria ez zelako edonolakoa». «Horregatik egon da hainbeste tentsio hasieran». Horrelako adierazpenak entzutea nahikoa ohartarazpen da profesionalekin jokatzeak zer suposatzen duen puntista amateurrentzat. Aaron Gonzalez eta Ruben Bailoren esaldiak dira, Elite txapelketa amaitu berritan NAIZi esandakoak.
«Aaron bezalako puntista gazteentzat, lehendabiziko aukera izan daiteke honakoa baina niretzat, profesionalekin aritzeko azken aukera izan zitekeen», dio Noaingo atzelariak. Iaz itzuli zen Daniatik, bertan 9 denboraldi aritu ostean. Azken urtean, hain justu, Aaron Gonzalezen bidelagun izan da, arabarrak ondo adierazi duen legez eta bien artean ondutako harremana giltzarri izan da Elite txapelketan, hala iritzi dute.
Elite txapelketan gailenduta, Jai Alai World Tour zirkuitoan lehiatuko dira. Gonzalezek aurreratu duen legez, bi Grand Slam eta Masters bat jokatuko dute. Mutrikun arituko dira, jaietan, eta Donostia eta Hondarribiko txapelketa handietan ere izango dira. Oraindik ikusteke daude nola osatuko dituzten bikoteak baina bertan egotearen saria irabazita daukate.
«Txapelketa borobila egin dugula iruditzen zait, biok», iritzi du Gonzalezek. Bakoitzak bere aldetik egin du finalerako bidea, txapelketak alde indibiduala eta zein kolektiboa kontuan hartu baitu, eta aurreneko hiru asteburutan, bi multzotan banatuta, bikoteak aldatzen joan dira. Lau aurrelari onenek –puntuka baloratu da– eta lau atzelari onenek jokatu zituzten finalerdiak eta hauetako irabazleak sailkatu ziren finalera.
«Txapelketaren formatua asko gustatu zait, bidezkoa iruditu zait»
«Txapelketaren formatua asko gustatu zait, bidezkoa iruditu zait. Ez zegoen bikote finkorik eta ostiralero, ezberdina zen. Nire multzoan, esaterako, aurrelarien arteko lehia oso estu ikusten nuen eta Bailorekin jokatzen zuenak, aukera gehiago zituela ikusten nuen. Baina inor ez zegoen beti Bailorekin eta beraz, gainontzekoei ateak irekitzen zitzaizkigun», azaldu du.
Irabazi berritan ere sumatzen zaie urduritasuna, euforiak ematen duen ilusio eta ezinegon hori, bideaz «ederki gozatu» dutenaren seinale. «Ni ez naiz konturatu harmailetan ere, nik soilik saria neukan begien artean», dio barrezka Bailok. Ostiralero ongi inguratuta egon da, Noaingo pilota eskolako gazte eta gurasoek Mutrikuko Miruaitz pilotalekua girotu baitute. «Ezin gustorago nago. Pilota eskolan entrenatzaile moduan nago eta txikienekin sortu den harreman hau... Izugarria da», aitortu du.
«Ezin gusturago nago. Pilota eskolan entrenatzaile moduan nago eta txikienekin sortu den harreman hau... Izugarria da»
Haur horientzako ere itxaropen puntu izan baita txapelketa. Profesionalekin lehiatzeko ateak ireki dituen formatu hau «berria» da hauentzat. «Horrelako aukerarik ez dut sekula eduki. Bai, agian, noizean behin deitzen dizutela eta jokatzen duzula... Baina jarraikortasunik gabe», azaldu du Gonzalezek.
Maila handia
Aaron eta Bailo B multzoko bigarren aurrelari eta atzelari onenak izan ziren eta finalean, multzo berean punturik gehien eskuratu zutenek osatutako bikotearen aurka aritu ziren: Bixente-Uranga. Ea hauek faboritoago ziren galdetzean, arabarrak zalantza egin du: «Guk finalerdia ozta-ozta irabazi genuen baina beraiek Eñautek [Urreisti] min hartu ondotik irabazi zuten eta orduan, bikote mutrikuarra [Urreisti-Manci] irabazten zihoan, 14-11».
Bestalde, Aaronek onartu du finalerdian sekula baino gehiago sufritu zuela «Atainen indarrarekin, ez nekien non kokatu ere. Pilotaleku honetan izugarri eman dio pilotari».
Maila, oro har, ikusgarria izan da eta hala berretsi dute irabazleek ere. Onartu dute soilik bikote bati aukera ematea «gutxitxo» dela eta agian, aurrerantzean irekiago izan beharko zukeela, «baina egite hutsa aurrerapauso itzela da. Enpresek ere asko lagundu digute».
Irabazleez harago, erakusleiho handia izan baita Elite txapelketa. Horren erakusle da Mikel Mancisidor. Aaron eta Bailoren adierazpenetan behin baino gehiago atera da mutrikuarraren izena. Noaingoak ez du sekula bere aurka jokatu, «badirudi saihesten gabiltzala (barrezka). Uste dut zorte eskasa izan zuela finalerdian –Urreistiren lesioarengatik– baina gerra handia dago ematen».
Izan ere, bere bikotearen lesioak finalerako atea itxi bazion, Del Riok min hartu izanak Lekeitioko Mastersera eraman zuen. Iñaki Osa Goikoetxearekin osatu zuen bikotea eta txapela jantzi zuen, finalean Erkiaga-Lekerika bikote indartsua mendean hartuz.
«Daukagun ilusio maila hain da altua, horrek gure alde jokatzen duela»
Zirkuito profesinalean dagoen maila handiaz jakitun, «hasieran kosta» egingo zaiela ohartarazi dute. «Maila handiagoa da, beste abiadura baten jokatzen da, beste pilota batzuekin...», aipatu du Gonzalezek. Ilusioz, baina, kasik garaiezinak izango direla aurreratu du: «Daukagun ilusio maila hain da altua, horrek gure alde jokatzen duela. Txapelketa osoan ikusi da, pilotakada bakoitzean bukaeraraino borrokatu dugula».
Bukaeraraino borrokatu –finaleko azken tantoa, markagailuan 14-14 zegoela, horren adibide da– eta «ederki gozatua» izan da Aaron Gonzalez eta Ruben Bailoren ibilbidea. Elite txapelketak bidearen hasiera urratu du, orain jarraitzea geratzen da.