INFO

Uliazpiren epaiaren aurkako helegitea aurkeztu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Euskara ezagutzea eskatzeagatik Uliazpiko lan deialdia bertan behera uzten duen EAEko Auzitegi Nagusiaren epaiaren kontra bi kasazio errekurtso aurkeztu ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak, Auzitegi Gorenean eta EAEko Auzitegi Nagusian.

Uliazpi Fundazioaren Donostiako egoitza. (ULIAZPI)

Gipuzkoako Foru Aldundiak helegitea aurkeztu du Uliazpi Fundazioa foru erakunde autonomoaren egoitza zentroetako 34 zaintzaile plaza eskaintzen dituen deialdia bertan behera uzten duen EAEko Auzitegiaren epaiaren kontra.

Deialdi honetako 32 lanpostutan euskarazko bigarren profila egiaztatzea beharrezkoa zen eta beste bietan meritu bezala aintzat hartzen zen; auzitegi horren arabera hori «neurrigabea» da eta plaza horietara berdintasun baldintzetan iristeko eskubidea «urratzen» da.

Foru erakundeak ohar baten bidez azaldu duenez, kasazio errekurtsoa aurkeztu du orain espainiar Auzitegi Gorenean, Estatuko Zuzenbidea hausteagatik, argudiatuz epaiak urratu egiten dituela Enplegatu Publikoaren Oinarrizko Estatutuaren aginduak. Azken hauen arabera, beharrezkoa da administrazio publikoentzat bi hizkuntza ofizial dituzten autonomia erkidegoetako lanpostuak betetzeko behar bezala gaitutako langileak hautatzea.

Gainera, argudiatzen da oker interpretatzen dela Konstituzio Auzitegiaren doktrina, honen arabera ez baita neurriz kanpokoa hizkuntza koofizialaren ezagutza maila jakin bat eskatzea lanpostu jakin batzuetarako, eskakizun hori haien eginkizunen izaeratik eratortzen bada.

Bestalde, beste kasazio errekurtso bat aurkeztu du EAEko Auzitegi Nagusian, Zuzenbide autonomikoa hausteagatik. Aldundiak azaldu duenez, epaiak Euskal Funtzio Publikoari buruzko Legean langileak hautatzeko prozesuak lanpostuei esleitutako hizkuntza eskakizunetara egokitzea arautzen duten aginduak urratzen dituela argudiatu du.

Aldundiko foru bozeramaile den Eider Mendozak adierazi duenez, langile publikoek euskaraz hitz egiteak Gipuzkoako gizartearen gehiengo zabalaren babesa du. Horrela, joan den astean argitaratutako udaberriko soziometroaren emaitzei egin die erreferentzia. Bertan, inkesta erantzun zuten herritarrek 10etik 7,67ko adostasun maila adierazten dute Gipuzkoako administrazio publikoko langileek euskaraz jakin beharko luketela planteatzen zaienean.