INFO

Gasteizen ia mila etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu dute Udalak eta Lakuak

Salburua auzoan 960 etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu dute Gasteizko Udalak eta Lakuako Gobernuak. Honekin batera, Gasteizko Udalaren 62 etxebizitza zaharberrituko dira alokairu sozialeko parke publikoa handitzeko helburuarekin.

Las nuevas viviendas se construirán en el barrio de Salburua. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Salburuan 960 etxebizitza eraikitzeko akordioa sinatu dute Gasteizko Udalak eta Lakuako Gobernuak. Honekin batera, Gasteizko Udalaren 62 etxebizitza zaharberrituko dira ere gizarte-alokairuko parke publikoan sartzeko.

Etxebizitza berriak eraikitzeko Lakuak 130 milioi euroko inbertsioa egingo du. Hitzarmenak agiri bakarrean bilduko ditu hiriko alokairuko etxebizitza babestuaren arloko jarduketak: alde batetik, aurreko hitzarmenetan hartu ziren eta gauzatu gabe geratu ziren konpromisoak jasoko dira (543 etxebizitza) eta, bestetik, Udalak beste lurzoru batzuk dohainik utziko ditu beste 417 etxebizitza eraikitzeko.   

Horrez gainera, Gasteizko Udalaren jabetzakoak diren eta hutsik dauden etxebizitzak birgaitzeko proiektua jasoko da proiektuan, eta modu iraunkorrean Lakuaren gizarte-alokairuko parkean sartuko dira. Alde horretatik, akordioak barne hartzen du 62 etxebizitza sartu ahal izango direla alokairu babestuko programan, eta horien bideragarritasun teknikoa eta ekonomikoa ebaluatuko da hitzarmenaren jarraipen-batzordearen bidez. Etxebizitza horien artean, Udalak hutsik dauden hamabost etxebizitzako lehenengo multzo bat planteatuko du hitzarmena sinatu eta lehenengo sei hilabeteetan adierazitako baldintzak jarraituz ebaluatzeko. 

Akordio honen bidez, bi erakundeen asmoa da merkatu arrunteko alokairuen prezioei aurre egin ezin dieten pertsonei etxebizitza eskuratzen laguntzea eta hiritarren artean dagoen eskaerari erantzutea, gehiengo handi batek (Etxebiden izena emanda dauden 9.371 pertsonen % 90ek) etxebizitza alokairuan eskatzen baitu.  

Erakundeen poza

Iñaki Arriola Etxebizitzako sailburuak adierazi duenez, hitzarmena «aurrerapauso handia da gasteiztarrentzat eta, batez ere, etxebizitza eskuragarria eskatzen duten milaka pertsonarentzat, eta horien premiei hobeto erantzun ahal izango diegu Salburuan etxebizitza horiek eraikita». Halaber, pozik agertu da Gasteizko Udalarekin lortu duen akordioarekin, eta «erakundeen arteko lankidetza ezinbestekoa da gai sentiberei, eta halaxe da etxebizitzarena, erantzun eraginkorra emateko», erantsi du.

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak adierazi du: «Gasteiz beti egon izan da egoerak eskatzen zuen mailan etxebizitza babestuaren arloan, eta orain berriz egiaztatu du horrela dela, hitzarmen honek etxebizitza babestu berriak eraikitzea eta udal-etxebizitzen parkea zaharberritzea bateratuko baititu. Udalak eta Eusko Jaurlaritzak baliabide guztiak jarriko ditugu mahai gainean une honetan dagoen bizileku-beharrari erantzuna emateko».