INFO

2.300 langabe gehiago daude EAEn eta langabezia-tasa %8,7koa da, Eustaten arabera

Eustatek egindako txostenaren arabera, EAEn 2.100 landun gutxiago daude eta 2.300 langabe gehiago aurreko hiruhilekoan baino. Hiruhileko honetan 92.100 langabe daudela dio Euskal Estatistika Erakundeak, eta 960.800 landun, 2022. urteko laugarren hiruhilekoan baino %0,2 gutxiago.

Lanbideren bulego bat, Donostian. (Juan Carlos RUIZ | FOKU)

EAEko lan-merkatuari buruzko 2023ko lehen hiruhilekoko datuek erakusten dute 2.100 landun gutxiago daudela eta 2.300 langabe gehiago aurreko hiruhilekoan baino, Eustaten datuen arabera. Hiruhileko honetan 92.100 langabe daudela dio, eta 960.800 landun, 2022. urteko laugarren hiruhilekoan baino %0,2 gutxiago.

Ohar batean azaldu duenez, biztanleria landunaren eta langabearen bilakaeraren emaitza gisa, jarduera-tasa %56,3koa da 2023ko lehen hiruhilekoan, eta, hala, ehuneko 0,1 puntu txikiagoa aurreko hiruhilekoarekin alderatuta. Azken urtean, langabezia-tasak behera egin du, 2022ko lehen hiruhilekoko %9,1etik 2023ko lehen hiruhilekoko %8,7ra, ehuneko 0,4 puntu gutxiago. Hala, 5.600 okupatu gehiago izan dira azken urtean eta 3.800 langabe gutxiago.

Herrialdeen arabera eta aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, Bizkaian langabe kopuruak gora egin du, eta 2.600 gehiago dira, eta langabezia-tasak ehuneko 0,5 puntu egin du gora, %9,8koa izanik. Gipuzkoak 24.400 langabe ditu, eta, bertan, langabeziak gora egin du (500 gehiago) eta langabezia-tasak ehuneko 0,1 puntu egin du gora, %7ra arte. Araban, langabe kopuruak behera egin du eta 700 langabe gutxiago daude; langabezia-tasak puntu erdi egin du behera, eta %8,8koa da.

Hiriburuei dagokienez, langabeziak, Bilbon, gora egin du, eta 500 langabe gehiago daude. Gasteizen, berriz, langabeziak behera egin du eta 900 langabe gutxiago daude, eta Donostian 1.400 gutxiago, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta.

Euskal Estatistika Erakundeak adierazi duenez, EAEn 908.200 etxe inguru daude eta, haietatik, heren batek pertsona aktiborik ez duela, aurreko hiruhilekoan baino 2.100 etxe gehiagok; hamar etxetik ia seitan pertsona aktibo guztiak daude okupatuta, 3.900 familia gutxiago, eta, gainera, etxeko pertsona aktibo guztiak langabezian dituzten 32.200 etxe daude, aurreko hiruhilekoan baino 2.500 gehiago.

Gainera langabeen %38,7 ez daude Lanbiden langabe erregistratu gisa, «baina enplegu-eskatzaileen beste kategoria batzuetan egon daitezke».

Landunen kopurua

Landunen kopuruak behera egin du eraikuntzan (5.000 landun gutxiago dira, -%8,5) eta lehen mailako sektorean (1.100 gutxiago, -%11,8). Industrian, ordea, landunen kopuruak gora egin du (400 gehiago, +%0,2), bai eta zerbitzuetan ere (3.600 pertsona gehiago dira,
+%0,5).

Okupazio-tasak, 16 eta 64 urte bitarteko pertsona landunen ehunekotan kalkulatuta adin horien guztizkoaren gainean, ehuneko 0,6 puntu egin du behera, aurreko hiruhilekoaren aldean, eta %69,1ekoa da. Tasa hori %72,4koa da gizonetan, eta % 65,9koa emakumeetan.

Tasa altuena Gipuzkoakoa da, %71,2koa, eta aurreko hiruhilekoaren aldean ehuneko 0,3 puntu txikiagoa. Gero, Arabakoa, %69koa, aurreko hiruhilekoan baino ehuneko 0,3 puntu handiagoa. Eta, azkenik, Bizkaikoa; bertan, okupazio-tasak ehuneko puntu bat egin du behera (%67,8ra iritsi da).

Soldatako pertsonen kontratazio-modalitateari dagokionez, kontratu mugagabeak dituzten pertsonen kopuruak gora egin du, aurreko hiruhilekoarekin alderatuta, eta 4.400 gehiago dira, eta, aurreko urtearekin alderatuta, 60.500 pertsona gehiago.