INFO

Osakidetzaren aldeko mobilizazioak larunbat honetan: «Gaixotasunak saltzen du, osasunak ez»

Osasun Publikoa Aurrera ekimeneko kide Nagore Enciso izan da NAIZ Irratian Osakidetzaren egoera aztertzeko. Bere ustez, osasun eskubidea unibertsala den arren, praktikan gizartean arrakala sortzen ari da pribatura jo dezaketenen eta ezin dezaketenen artean. Mobilizazioak deitu dituzte larunbatean.

Osasun Publikoa Aurrera plataformaren manifestazio bat Gasteizen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément audio.


Osasun Publikoa Aurrera ekimenak manifestazioak deitu ditu larunbat honetarako Bilbo eta Gasteizen 12.00etan eta Donostian 17.00etan. NAIZ Irratia plataforma horren kidea den Nagore Encisorekin izan da eskatzen dutenari buruz hitz egiteko.

Izan ere, uste dute gurean osasun publikora sarbidearen eskubidea galtzen ari dela, eta Osakidetza pribatizaziora jotzen ari dela, biztanleen artean arrakala sortuz.

«Gure ustez osasun publikoa puntu kritiko batera iritsi da. Herriak ezin ditu horrelako itxarote zerrendak eta egoerak jasan», aipatu du. Ekimenarentzat «enpresa handi bat» sortzen ari dira non herritarren osasunarekin negozioa egiten ari diren. «Gaixotasunak saltzen du, eta osasunak ez. Lehen mailako arreta suntsitzeak horretara eramaten gaitu, gaixotasunera», esan du Encisok. Honen hitzetan, osasun zentroetako arreta suntsitzen bada, bide bakarra gaixotzea da, eta horrek sortzen du negozioa.

«Kasu konkretuetara bagoaz, aste honetan ginekologian zita eskatuz gero, 2024ko otsailerako ematen digute. Hori bada zerbaiten adierazle oso argia», aipatu du, egoera espezialitate guztietan antzerakoa dela adieraziz.

Ebakuntza eta frogetan ere atzerapenak daude. «Onkologian, adibidez, bularrean bulto bat aurkitzen baduzu, 10-15 egunetan artatu beharko lizukete protokoloaren arabera, baina orain epe hori hilabete eta erdi luzatu daiteje. Oso larria dela ikusten badute, orduan bai berehala artatzen zaituzte, baina ez badute larritzat jotzen luzatu egiten da. Eta zuk, beldurra duzunez, ordaindu ahal baduzu pribatura joko duzu. Hori da behin eta berriro sustatzen ari direna», salatu du.

Hori dela eta, plataformak uste du baliabide ekonomiko eskasak dituzten herritarrek ez dituztela beste batzuen aukerak. «Pertsona batek ez badu dirurik, askotan gaixotu egingo da itxaron zerrendan dagoelako denbora luzean. Pribatua ordaindu ahal duenak, gaixotasunari lehenago egin ahalko dio aurre. Horregatik diogu arrakala sortzen ari dela gizartean, eta hori ezin da onartu, teorian osasun eskubidea unibertsala baita».

Irtenbideak bilatzen

Egoera konpontzeko eman beharreko pausoak garbi ikusten ditu Encisok. Alde batetik, pribatizatzen ari diren zerbitzuak publiko izan beharko lukete berriro. Bestetik, profesionalek pribatuan edo publikoan lana egin nahi duten erabaki beharko lukete, baina bietan ez. Eta azkenik, lehen mailako arreta indartzea garrantzitsutzat ikusten du, alegia, indar gehiago bideratzea prebentzioan sendatzean baino. Horretarako, ezinbestekoa da langile gehiago kontratatzea eta lan baldintza hobeak ziurtatzea. «Zaintzen gaituztenak zaindu behar ditugu», iritzi du.

Zentzu horretan, autokontzertuen erabilera «larria» dela uste du. Horiek ordu extrak egiteko sistema bat dira. Ordu horiek gehiago ordaintzen dira, beraz,langileek lanaldiak luzatzen dituzte, beste kontratu berri batzuk sortzea galaraziz. Hori dela eta, plataformak uste du autokontzertuak debekatuta egon beharko liratekela.

Era berean, langileen lan baldintzak hobetuz gero, langile gehiago egongo ziren prest Osakidetzan aritzeko eta horrela beste arazo batzuk konponduko ziren. Etengabeko arreta zentroak ixten ari dira, antzaz, medikuak falta direlako; hori dela eta, larrialdietara jotzea da bide bakarra, zerbitzua kolaksatuz. Era berean, oporraldiak ez dira kubritzen eta adibidez, pediatra falta denean, ez du inork postu hori betetzen.

Lakuako Gobernuak dio arazoa konpontzeko pausoak ematen ari direla, baina ekimenak ez du sinisten. Gainera, uste dute sektoreko enpresaburuekin harremana duela gobernuak, eta horregatik sustatzen ari direla pribatizazioa. Adibide bezala, Encisok kontatu du Araban erresonantzia magnetikoko hiru gailu besterik ez daudela, hirurak Osakidetzako instalazioetan, baina kudeaketa pribatuarekin.

Bestalde, covidaren pandemiatik oraindik mantentzen den egoera salatu du, alegia, arreta telefonikoa. «Medikuak ezin bazaitu ikusi eta ukitu, nola jakingo du zer gertatzen zaizun?», azpimarratu du plataformako kideak.

Guzti hori kontutan izanik, Encisorentzat garrantzitsua da herritarrek kaleak hartzea. «Herriak du boterea, eta ez badugu botere hori hartzen kendu egingo digute», amaitu du.

Mobilizazioak 12etan abiatuko dira Bilbon Jesusen Bihotzetik eta Gasteizen Bilbao Plazatik. Arratsaldez deitu dute Donostian, Bulebarren 17etan.