INFO

Hezkuntza Lege proiektua asteartean onartuko du Lakuako Gobernu Kontseiluak

Asteartean Gobernu Kontseiluak onartuko duen Hezkuntzaren Lege proiektuaren negoziazioari «ikuspuntu eskuzabal eta zabalarekin» heltzeko eskatu die alderdiei Jokin Bildarratz sailburuak.

Jokin Bildarratz, Lakuako Hezkuntza sailburua. (Raul BOGAJO | FOKU)

EAEko Hezkuntza Lege berriaren tramitazioa aurrera doa. 2022ko apirilean EAJ, EH Bildu, PSE eta EP-IUk arauaren oinarriak onartu zituztenetik aurrerapauso gutxi izan dira, baina Jokin Bildarratz sailburuak ostiral honetan ziurtatu duenez, Lakuako Gobernu Kontseiluak apirilaren 25ean, heldu den asteartean, onartuko du legea. Izapide horren ondoren, Legebiltzarreko gehiengoak babestu beharko du legea, behin betiko onartua izateko.

Bildarratzek horrela erantzun die Kontroleko Osoko Bilkuran Hezkuntzaren egoerari buruz, oro har, eta legeari buruz, bereziki, Ikoitz Arresek EH Bilduko parlamentariak egindako galderei.

Hezkuntzaren eguneroko funtzionamenduari dagokionez, Arresek sailak hartutako erabaki batzuk salatu ditu, eta gogora ekarri ditu zenbait ikastetxek dituzten arazoak, hala nola Arrontegi ikastetxeak jantokiarekin edo Atxuriko eskolak plazekin.

Zertxobait bateratzaileagoa agertu da Hezkuntzaren Legearekin, gizartean duen garrantzia azpimarratuz eta duela urtebete lortutako akordioari balioa emanez. Hala ere, «marjina egon arren, ez dela denbora galdu behar» esna dio Bildarratzi eta EH Bilduk lege hoberena lortzeko lanean «tinko» jarraituko duela argi utzi du.

Sailburuak ere tonu adiskidetzailea izan du. Aurreko urtean lortutako ituna «leialki» errespetatuko duen lege bat gauzatzeko lanean daudela ziurtatu du eta apirilaren 25ean Gobernu Kontseiluan eztabaidatuko eta onartuko dutela aurreikusi du.

«Une historiko eta ilusionagarri»tzat hartu du lege berria, eta herritarrei «adostasunean, lankidetzan eta erantzunkidetasunean» oinarritutako marko berri bat eman behar dietela nabarmendu du, «hezkuntza herri erronkatzat hartuta».

Azkenik, «eskuzabaltasuna» eta «inplikazioa» eskatu die alderdi eta eragile sozialei.

Arresek espero du lege-proiektuak lehen zirriborroaren «gabeziak» ez jasotzea eta bere taldearen ekarpenak barne hartzea, eta argi utzi du bere alderdiak «arduraz» jokatuko duela «lege indartsu» bat lortzeko.

Lege berriak 1993tik indarrean dagoena ordezkatuko du.