INFO

Ttek elektrotxarangak eta Malen Urbegainek egin dute Araba Euskarazen abestia, ‘Elkar-EKIN’

Ekainaren 11n Olarizun egingo dute aurtengo Araba Euskaraz eta gaur aurkeztu dute abestia, ‘Elkar-EKIN’. Malen Urbegain Aguraingo Lautada ikastolako irakaslea arduratu da letraz eta Ttek elektrotxarangako kideek jarri diote musika.


Ostiral honetan aurkeztu dute Araba Euskarazen aurtengo abestia, ‘Elkar-EKIN’. Malen Urbegain Aguraingo Lautada ikastolako irakaslea da letraren egilea eta musika, berriz, Ttek elektrotxarangako kideek jarri diote. Emaitza, «funk eta pop doinuak dituen abesti alai eta dantzagarria da», azaldu dutenez. Aurtengo Araba Euskaraz Olarizun egingo dute ekainaren 11n, eta bildutako dirua Aguraingo Lautada ikastolarentzat izango da.

Iraganetik orainera bidaia egiten duen istorioa kontatzen du ‘Elkar-EKIN’ abestiak, Urbegainek berak azaldu duenez: «Bi iragan desberdinetatik tira egin nahi izan dugu». «Alde batetik, duela 600 urtera egiten da salto, Aguraingo azoka, Arabako zaharrena baita, eta modu honetan, azokek euskarari ematen zioten bilguneari keinu egin nahi baikenion», gaineratu du.

Urbegainen hitzetan, «hariaren beste muturrean, Ikastolen ibilbidea dago, debekuen gainetik, herri mugimenduz, arnasa, aukerak eta ahotsa eman baitzizkieten euskarari eta kulturari». Horrez gain, Lautada Ikastolaren ibilbideari ere erreferentzia egin nahi izan dio Urbegainek: «Gure Ikastolaren alde antolatutako hirugarren Araba Euskaraz da eta aurreko bi leloek oso ondo definitzen dute orain arteko bidea. ‘Gogo bizi’ hasi ginen, ‘Geroari begira’ ekiteko».

Ttek elektrotxarangak jarri die doinua Urbegainen hitzei. Hamar urte daramatzate batera jotzen eta beren abesti zerrenda urteetan zehar asko aldatu den arren, abestien bertsioak, haien arteko loturak eginez mix-ak sortu edota abestiei letra aldatzea izan da beren lan egiteko era.

Taldekideek gero eta gogo gehiago zuten euren abesti propioak ateratzeko eta euren kontzertuei buelta bat emateko, eta Araba Euskarazentzat abestia sortzeko eskaintzak ate hori ireki die. «Araba Euskarazen izaera alde batera utzi gabe, kantari buelta bat ematea izan da gure intentzioa. Gure abesti propioa egingo bagenu seguraski beste estilo edo izaera bat hartuko zukeen», adierazi dute.

Kantuaren aurkezpenarekin batera, Salome Martinez de Ilarduya, Lautada Ikastolako zuzendariak azaldu du, ostiral honen iluntzean, 19.30ean, kanta aurkezteko Elkar-Ekin kalejira antolatu dutela Gasteizen. Loma plazatik abiatuko dira eta Postas kalea, Plaza Berria, Agirre Lehendakaria kalea, San Frantzisko Aldapa eta Kutxi kalea igaroko dituzte.

Zenbait hitzordu prest

Iaz bezala, Arabako ikastola guztien artean antolatu dute aurten ere Araba Euskaraz eta bildutako dirua Aguraingo Lautada ikastolarentzat izango da. Ekainaren 11n egingo dute Olarizun, baina Arabako txoko guztietara eraman nahi dute Arabako ikastolen jaia. Azaroan hasi ziren, eta honakoak dira orain hasi eta ekainera bitartean dauden hitzorduak:

Apirilak 23: AE23 Elkar-EKIN Martxan!, Amurrio, Agurain eta Oion.

Maiatzak 7: Araba Euskaraz-ek Herriari, Elkar-EKIN Dantzan!, Agurain.

Maiatzak 26: Kantu bat gara, Agurain.

Ekainak 11: Araba Euskaraz 2023 jaia.