INFO

Arantxa Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’ nobelak irabazi du 111 Akademiaren Saria

111 Akademiak, hau da, Euskal Herriko irakurleen akademiak, Arantxa Urretabizkaiari emango dio 2022ko saria. Akademiakideek Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’ eleberria izendatu dute iazko libururik gogokoen eta Anjel Lertxundiren ‘Desertuan behatxuloa’ saiakera izan du lehiakide azken itzulian.

Arantza Urretabizkaia orain justu urte bete aurkeztu zuen bere azken nobela. (Andoni CANELLADA | FOKU)

212 akademiakide ditu une honetan 111 Akademiak, eta horietatik 114k parte hartu dute 2022ko sariduna izendatzeko aurtengo urtarrila eta apirila bitartean burututako hiru bozketa txandetan. Arantxa Urretabizkaiaren (Donostia, 1947) ‘Azken etxea’ eleberriak Anjel Lertxundiren ‘Desertuan behatxuloa’ saiakera izan du lehiakide azken itzulian.

Jendaurreko sari-emate ekitaldia egiteko asmoa dute ekaineko bigarren astean.

‘Azken etxea’ nobelari dagokionez, egileak hasieratik aurkeztu dizkio irakurleari oinarrizko pertsonaiak eta protagonista: azken etxea erostea erabaki duen emakumea. Baina narrazioak aurrera egin ahala, idazleak zenbait errezel, bata bestearen ondotik, biltzen ditu ezusteko ikuspena agerian utziz, irakurlearen jakin-mina pizturik eustea erdietsiz, protagonistaren inguruan misterio gandu bat hedatuz eta haren jomuga azalduz. Elkarrizketarik gabeko kontakizuna osatu du Urretabizkaiak, baina horrek ez dio irakurleari trabarik egingo narrazioaz gozatzeko, egilearen maisutasunari esker.

Hogeita zazpigarren edizioa du aurtengoa Euskal Herriko irakurleek ematen duten sari honek. Manuel Larramendi Kultur Bazkunak 1996an jarri zuen abian Beterriko Liburua literatur aipamena (gerora 111 Akademiaren Saria bihurtua) euskal irakurleari literaturaren plazan hitza eta protagonismoa eman asmoz.

Honakoak izan dira urte horietan guztietan irakurleen saria jaso duten obrak:

1996, Joxean Agirreren ‘Elgeta’.
1997, Ur Apalategiren ‘Gauak eta hiriak’.
1998, Koldo Izagirreren ‘Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri’.
1999, Lourdes Oñederraren ‘Eta emakumeari sugeak esan zion’.
2000, Ramon Saizarbitoriaren ‘Gorde nazazu lurpean’.
2001, Joseba Sarrionandiaren ‘Lagun izoztua’.
2002, Anjel Lertxundiren ‘Zorion perfektua’.
2003, Bernardo Atxagaren ‘Soinujolearen semea’.
2004, Pako Aristiren ‘Gauza txikien liburua’.
2005, Juan Kruz Igerabideren ‘Hauts bihurtu zineten’.
2006, Karmele Jaioren ‘Amaren eskuak’.
2007, Jokin Muñozen ‘Antzararen bidea’.
2008, Anjel Lertxundiren ‘Zoaz infernura, laztana’.
2009, Irati Jimenezen ‘Nora ez dakizun hori’.
2010, Ur Apalategiren ‘Fikzioaren izterrak’.
2011, Harkaitz Canoren ‘Twist’.
2012, Ramon Saizarbitoriaren ‘Martutene’.
2013, Miren Agur Meaberen ‘Kristalezko begi bat’.
2014, Mikel Peruarenaren ‘Su zelaiak’.
2015, Katixa Agirreren ‘Atertu arte itxaron’.
2016, Kirmen Uriberen ‘Elkarrekin esnatzeko ordua’.
2017, Uxue Alberdiren ‘Jenisjoplin’.
2018, Harkaitz Canoren ‘Fakirraren ahotsa’.
2019, Karmele Jaioren ‘Aitaren etxea’.
2020, Pello Lizarralderen ‘Argiantza’.
2021, Eider Rodriguezen ‘Eraikuntzarako materiala’.
2022, Arantxa Urretabizkaiaren ‘Azken etxea’.