INFO

Iurretako Osakidetzaren biltegi zentrala eta pribatizazioa gelditzea eskatu dio ELAk Lakuari

Iurretan EITBren egoitza zaharrean Osakidetzako zentro guztietarako biltegi zentralizatua martxan jartzeko egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dio ELAk Lakuako Gobernuari, horren atzean pribatizazioan aurrera jotzeko helburua dagoela salatuz.

EITBk Iurretan zuen egoitzean jarri nahi Lakuak Osakidetzearen biltegi zentralizatua. (WIKIPEDIA)

EITBk Iurretan zuen egoitzan Osakidetzarako biltegi zentralizatu bat martxan jartzeko eta esku pribatuetan uzteko egitasmoa bertan behera uzteko eskatu dio ELAk Lakuako Gobernuari.

Sindikatu honek azaldu duenez, duela hogei egun eskas jaso zuten 2026tik aurrera martxan egongo den egitasmo honen berri. «Ohi bezala, Osakidetza erabateko opakutasunez ari baita proiektu hori garatzen, eta gaur egun arte ez du horri buruzko informaziorik igorri», salatu du ELAk.

Osakidetzako zentro guztiek behar duten materiala biltzeko azpiegitura zentralizatu bat martxan jarriko zutela aiderazi zuen Gotzone Sagardui Osasun sailburuak. «Hitz horien atzean pribatizazioa dago. Hainbat iturriren bidez jakin izan dugu Osakidetzaren benetako helburua dela gaur egun ESIetan dauzkan biltegiak ixtea. Gaur egun, biltegi horiek baliabide eta langile propioekin kudeatzen dira eta helburua da etorkizunean plataforma logistiko batean zentralizatzea. Plataforma horren kudeaketa kanpoko enpresa bati azpikontratatuko zaio eta, beraz, pribatizatu egingo da», salatu du ELAk.

Larunbatean izan ziren manifestazioen ondoren, Sagarduik pribatizazio asmorik ez dagoela adierazi du.

«Salatu behar da sailburuak eufemismo bat erabiltzen duela benetako errealitatea ezkutatzen saiatzeko: osasun publikoaren pribatizazioa. Zerbitzuen pribatizazioak ez du titulartasun aldaketa bakarrik barneratzen, beste formula batzuk ere hartzen ditu barne, hala nola zerbitzu baten kudeaketa azpikontratatzea (kasu honetan bezala); zerbitzu jakin batzuk osasun pribatuarekin ituntzea (Gipuzkoako Poliklinikak, adibidez, funts publikoetatik 13,1 milioi euro jaso zituen 2022an); edo proiektu jakin batzuk azpikontratatzea (aldi baterako kontratazioa kudeatzeko plataforma bat garatzea; Lanbide Garapena kudeatzeko aplikazio bat garatzea; edota elektromedikuntzako mantentze zerbitzua azpikontratatzea)», erantzun dio ELAk.

«Zerbitzuen azpikontratazioak, diru publikoaren kontura enpresa pribatuak aberasteaz gain, enplegu publikoa suntsitzea eta aldi baterako langileak kaleratzea dakar. ELAk Osakidetzari eskatu dio proiektua berehala geldiarazteko, sindikatuei horri buruzko informazio guztia eskaintzeko eta zerbitzu guztien titulartasuna eta kudeaketa %100 publikoa izatea bermatzeko», aldarrikatu du sindikatuak.