INFO

Txakur baten jabeak Gipuzkoan artzain bati egindako erasoa salatu dute

Artalde bat izutu zuen txakur baten jabeak jipoia eman zion artzainari eta, gainera, salatu egin zuen, Enbak publiko egin eta EHNEk gaitzetsi duenez.

Bi ardi, artxiboko irudi batean. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Xabier Iraola ENBA sindikatuko koordinatzaileak Efe albiste agentziari azaldu dionez, gertakaria joan den astean jazo zen Gipuzkoako udalerri batean. Artzainak artaldea urdurituta bezala zegoela ikusi zuen, eta haien artean zegoen txakur bat zela egiaztatu zuen. Hori dela eta, animalia bere baserrira eramatea erabaki zuen, jabeak noiz agertuko zain.

«Behien kasuan, txakurren erasoaldi horiek ez dira hain arriskutsuak, nahiz eta kasu batzuetan estresak abortuak eragin dizkien», baina ardia «oso animalia beldurtia da, ihes egiten duena», azaldu du.

«Horma bat aurkitzen badute, denak pilatzen dira itotzeraino, eta ihesaldian amildegi batetik behera amildu daitezke», adierazi du Iraolak, eta aurrez ere halako kasuak izan direla zehaztu du.

Txakurra bere baserrira eraman eta gutxira, emakume bat, beste emakume batekin eta gizon batekin batera, auto batean agertu zen animalia erreklamatzeko, eta abeltzainak «hurrengoan lotzeko» esan zien, sortutako zalaparta zela eta.

«Hitz erdirik gabe», autoaren barruan zegoen gizona kristalei kolpeak ematen hasi zen, haietako bat hautsiz, eta ibilgailuko atea ireki ondoren, baserritarrari eraso egin zion, eta masailezurra hautsi zion, Iraolaren esanetan.

Kirola egiten ari zen beste gizon batek eraman zuen baserritarra ospitalera.

Artzainak salaketa jarri du Ertzaintzan, baina «erasotzaileak beste bat ere jarri du, artzaina beraiek harrapatzen saiatu zela esanez», adierazi du Iraolak.

Kritikatu duenez, «hiri-ingurunean bizi den jendeak, mendira doanean, artaldeak dauden hesi batean sartzen den txakurra askatzen du».

Batzuetan ganaduari ere eraso egiten diote. Joan den astean bertan, Elgoibarko lursail batean lau eraso zenbatu zituzten.

Hori gertatzen denean, eta txakurraren jabea aurkitzen ez badute, abeltzainaren asegurua da abelburuen galerei aurre egin behar diena, adierazi du Iraolak.

EHNEk ere ohar bidez babesa eskaini dio artzainari eta nabarmendu du horrelako jarrerak ezin direla onartu. «EHNEtik elkarbizitzaren aldeko aldarria egin nahi dugu, baina horrelako jarrerak ezin dira zigorrik gabe gelditu», adierazi du sindikatuak.

Mendian aske dabiltzan txakurren arazoa «geroz eta larriagoa» dela ohartarazi du EHNEk: «Argi utzi nahi dugu ez gaudela txakurrak mendian ibiltzearen kontra, baina etengabe jabeei arduraz joka dezaten eskatzen aritu behar izan gara».

Era berean, gogoratu dute aldundiek, beren Mendiko Foru Arauan jasota dutela «txakurrek mendian lotuta joan behar dutela» eta hura hautsiz gero «zein zigor dagokion ere» zehaztuta dagoela, nahiz eta aldundiek ez duten exekutatzen: «Zergatik? Haiek erantzun beharko dute, baina guk argi dugu egoera zuzentzeko ardura administrazioarena ere badela».

Eider Mendoza Gipuzkoako Aldundiko bozeramaileak «erantzukizunez» jokatzeko deia egin die txakurren jabeei, eta mendian ere animaliek «beti lotuta» egon behar dutela gogorarazi du.

Adierazi duenez, foru erakundeak sentsibilizazio-kanpainak egin ditu horren inguruan, baina Aldundia «ezin da beti leku guztietan egon», eta txakurren jabeei dagokie erantzukizun hori.