INFO
Entrevue
Tzibi Juaristi
Athleticeko jokalari oiha eta teknikaria

«Ez dago hitzik talde honekin bizi izan genuena deskribatzeko»

2003ko apirilaren 27an Athleticek bere lehen Liga titulua irabazi zuen San Mamesen, 35.000 zaletuen babesarekin. Lau gehiago irabaziko zituen hurrengo urteetan. Bi hamarkada geroago, Aitziber Juaristi (Getxo, 1986) talde hartako kapitainak klubaren iraganaz, orainaz eta etorkizunaz hitz egin digu.

Tzibi Juaristi, Lezaman. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Badira hogei urte Tzibi Juaristik Athleticen lehen Liga irabazi zuela. Hamarkada bat geroago, beste hiru titulu oinetan, aulkietara pasatu eta hamar urte eman ditu teknikari lanetan Lezaman. Bi hamarkada, beraz, bete ditu Athleticen. «Baina zuri-gorritan 47, e!» dio, irribarrez, egun emakumezkoen haurren taldea gidatzen duela.

Denbora hegan doa.

Harrigarria da. Batak inoiz imajinatuko ez nukeen zerbait bizitzera eraman ninduen, eta bestea asko kostatu zitzaidan, jokatzetik kanpo bizitzarik ez zegoela uste nuelako. Eta egia esateko, oroimin horrekin jarraitzen dut, partidak ikustean barruan nabaritzen dut zerbait. Baina hemen gaude. Eta pozik, haurrak entrenatzen.

Nolakoa da zure lana?

Gozamena da haiekin entrenatzea, adin horretan ilusioa baita nagusi, eta zuk bidean laguntzen diezu, hazten, maila personalean... Formazio integrala da eta hori da gehien gustatzen zaidana, ez dituzula bakarrik futbolariak entrenatzen. Futbola oso garrantzitsua da, noski, errendimendu zentro batean gaude, baina formazio integrala lantzea gozamena da, asko aberasten zatu zuri ere.

Entrenatzailea beti da teknikari bat baino gehiago. Zer esanik ez hamabi-hamahiru urteko neskez ari garenean.

Haurtzaroaz, nerabezaroaz hitz egiten duzunean, erantzukizun handiagoa da. Hazkuntza integralean laguntzen diezu. Eta kirola tresna superpotentea da gauza askotan laguntzeko, bizitzaren adibideak sortzeko, balioak lantzeko... Oso polita da, eta erantzukizun handia ere bai.

Zuek adin hori zenutenean baldintzak desberdinak ziren. 

Baietz esango nuke, bai. Adibidez, nik mutilekin jokatu behar nuen. Nesken talderik ez zegoen. Ondo konpontzen nintzen, baina orain aukeratu dezakete eta neskekin jokatu. Gainera, 12 urte bete nituenetik ez zidaten uzten mutilekin lehiatzen.

14 urte bete arte, emakumezkoen talde batekin entrenatzen nuen, baina ezin nuen partidarik jokatu. Bi urte eman nituen entrenatzen baina lehiatu barik. Ezin zenuen mailaz maila hazi eta aurrera egin. Eta gero, noski, baldintzak: entrenatzeko, jokatzeko... Dena zen askoz xumeagoa.

«Neskatoek gaur erreferentziak dituzte. Beren ametsa erreala da, eta guk existitzen ez zenarekin amesten genuen»

Eta jokalaria bera? Oso desberdinak dira gaur egungo 12 urteko neskatoak?

Ez, antzekoak dira. Gaur ereduak dituzte. Guretzat mutilak ziren edo beste kiroletako neskak. Hauek erreferente errealistagoak dituzte, futbolari profesionalak; eta Athleticera oso gaztetik etortzeko aukera dute. Beren ametsa erreala da, eta guk existitzen ez zenarekin amesten genuen. Baina ilusioa, gogoa, esentzia..., bera dela esango nuke.

Duela hiru hamarkadako erronka, agian, neskak konbentzitzea zen, ordain, diru eta ospe handirik eskaini ezin zien kirola egiten jarrai zezaten. Gaur egun, zeri egin behar zaio aurre konpromisoa har dezaten konbentzitzeko?

Elitea profesionala dela ikusten dutenez, orain badute motibazio hori eta, izan ere, batzuetan kontrakoa egin behar izaten da, geldiarazi. «Bakarrik futbolista izan nahi dut». Ez, lehenik ikasi eta gero uztartu; baina futbola ezin da parte garrantzitsuena izan. Horrek ez du esan nahi amets hori eduki ezin duzunik edo iritsi ezin zarenik; noski ahal duzula. Baina hori ezin da izan mugitzen zaituen gauza bakarra. Ez baduzu lortzen, zer gertatuko da? Zorionez, nik uste dut neskatoak oro har arduratsuak direla eta familia, gizartea, kontzientziatuagoa dagoela. Aizu, amets hau bete dezakezu, baina armatuta egon, zure bizitzarako tresnak izan.

Eta gozatzen jakin dezatela. Amets batekin datoz hona eta ez zaie kendu behar, baina egiten ari direnarekin gozatu behar dute, bidearekin. Eta jakin behar dute zoragarria ez dela bakarrik top batera iristea, zoragarria izan daitekeela beherago egonda ere. Gozatzea ezinbestekoa da, baita errendimenduko futbolean ere, lanean, bizitzan. Emozioak mugitzen ez bazaitu...

Harrobian egiten ari zaren lana eliteko futbolerako bidean urratsa ote zen galdetu behar nizun. Baina nola hitz egiten duzun entzunda, gehien gustatzen zaizun tokian zaudela uste dut.

Ez dut ezer baztertzen. Baina futbolak asko exijitu dit; goizeko bostetan jaiki lanera joateko, etxera presaka bazkaltzera, gero entrenatera... Asko gustatzen zitzaidan, baina sakrifizio bat da. Eta errendimenduak pikatu egiten nau. Anaia ikusten dut, eta Iraia, Erika... Beti izan naiz lehiakorra eta pikatu egiten nau. Baina mugatu egiten zaitu, eta nik bost urteko alaba daukat, eta berarekin gozatu nahi dut eta berak ama ondoan izatea nahi dut ere. Haurrekin egoteak aukera hori ematen dit. Eta, gainera, prestakuntza asko gustatzen zait, umeekin lan egitea izugarri gustatzen zait.

Badakite zure jokalariek gaur hogei urte Liga irabazi zenuela? Eta beste hiru ere?

Bai, bai, eta zuzenean ez bazuten bizi ere, sekulako erreferentea zara eurentzat; lehen taldean jokatu duzu, Ligak irabazi... Superheroi bat bezalakoa zara. Oso polita da eta, aldi berean, badakizu, botere handiak erantzukizun handia dakar. Asko zaindu zer egiten eta esaten duzun, eta nola.

Eta kalean? Gogoratzen zaitu jendeak?

Bai, atzo bertan esan zidan gizon batek. Boom bat izan zen eta jendeak gogoratzen du. Eta niri sekulako ilusioa egiten dit.

Eta zu? Askotan akordatzen zara?

Baita ere. Bikoteak eta biok askotan hitz egiten dugu, bi amonek bezela. Oroiminez gogoratzen dugu, egia esateko.

«Zenbatetan esan ote nuen zakila izatea gustatuko litzaidakeela Athleticen jokatu ahal izateko. Baina lortu genuen, eta jokatzea izugarria izan bazen, Liga irabaztea... ez dago hitzik»

Hogei urte atzera bidaiatu dezagun. Zer ikusten duzu?

Demasekoa izan zen Athletic sortu zenean. Nire erreferentea Julen Guerrero zen, eta zenbatetan esan ote nuen zakila izatea gustatuko litzaidakeela Athleticen jokatu ahal izateko. Jokatzea izugarria izan zen eta Liga bata irabaztea... Ez dago hitzik talde honekin bizi izan genuena deskribatzeko. Egia da lan talde ikusgarria geneukala. Teknikariak, Lezamako langileak eta gure ilusioa eta anbizioa... Sekulako taldea ginen. Beteranoekin entrenatzera gatozenean elkartzen gara batzuetan, eta horretaz hitz egiten dugu. Arrasto ezabaezina utzi zigun esperientzia osoak.

Zehazki 2003ko apirilaren 27an pentsatzen duzunean, zer irudi etortzen zaizu?

Ezin nuen sinistu bizitzen ari nintzena. Hainbestetan entzun nituen esamesak gogoratzen nituen, baina batez ere etxean entuten nuena: «Egin gustatu zaizuna». Amak eta aitak hori esaten zidaten. Nire neba erreferentea zen, ahizpa nagusiak ere futbolean jokatzen zuen... Nire ilusioa partekatzen zuten. Eta une horretan nirekin disfrutatzen ikustea... Gainera, nebarekin batera lortzea oso berezia izan zen.

Neba, Iñigo, zuen entrenatzailea zen.

Ez zitzaion kostatzen entrenatzailea eta neba bereiztea, niri gehiago kostatzen zitzaidan. Gainera, entzun behar izaten nuen, arreba dela eta ez dela. Zurekin daudenek eta honetaz ulertzen dutenek badakite zer dagoen, eta gainerakoak ez zaizkizu inporta behar. Baina nahi gabe ikusten duzu. Eta saria hartzeko une horiek iristen direnean... Eta gero jendearen harrera. Autobusera igo eta mundu guztia animatzen eta txalotzen ikustea. Gero eztabaida sortu zen gabarraren kontuarekin, baina guri ez zitzaigun batere inporta. Egundokoa izan zen.

Jendetzak lehenago ere babestu zintuzten. San Mamesen jokatu zenuten lehen partidan, alegia.

Inoiz ez naiz konzentratu gutxiago beroketa lanak egiten. Jendea sartu eta sartu, ate guztiak ireki zituztela esaten ziguten, kanpoan milaka pertsona zeudelako... Ez zen beldur eszenikoa, ni beti izan bainaiz nahiko lotsabakoa eta lehiakorra; eta badakizu akatsa jokoaren parte bat dela. Baina ondo egin nahi genuen, jende horrek guztiak ikusi zezan zer egin genezakeen. Beldurra baino, erantzukizuna zen. Eta emozioa. Gainera, gol bat sartu nuen. Ez nekien nola ospatu ere. Beti esaten diet neskei gola sartzen duena ez dela besteak baino garrantzitsuagoa. Baina hor zaudenean, partida horretan, San Mamesen...

Zure ibilbide osoaren argazki bakar bat atera beharko bazenu, hori izango litzateke?

Ahaztezina da, baina ez. Leioan nengoela orkatila bihurritu nuen. Eta ez dakite errotula biratu zitzaidan edo benda oso konpresiboa izan zen, baina plopiteoan paralisia euki nuen eta oina erorita izan nuen bederatzi hilabetez. Neurologoak esan zidan ezin nuela ezer egin. Gogoan dut zaldi oin bat jarri zidatela, barne-zola baten antzekoa, oinak forma hartu zezan. Eta nebarekin zulo batzuk egin nituen galtzerdian eta lotu nuen, oina altxatua geratu zedin, eta horrela joan nintzen entrenatzera. Gero Athleticera etorri nintzen, eta errekuperazioa osoa inoiz izan ez bazen ere, gauza gehiago egin zizkidaten. Denetarik probatu nuen, jokatzen jarraitzeko erabakia hartua nuelako. Eta bota jantzi eta jokatzeko gai nintzela ikusi nuen eguna, horixe da markatu ninduena. Hori da argazkia.

Atzoko, gaurko eta biharko haurrak entrenatzen dituzunez, biharko Athletic ezagutzen duzu. Talde txapelduna ikusiko dugu berriro?

Bai, zalantzarik gabe. Ez da erraza izango, batez ere Liga lehiaketa luzea delako. Baina laburrago batean, Kopan... Ez gara monarkikoak, baina baten bat etorriko da. Goian borrokatu, Europarako sailkapena... Baietz uste dut, ziur nago.