INFO

Migratu, errefuxiatu eta aberrigabeentzako Psikologoen Sarea garatuko dute

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak eta Bizkaiko Psikologoen Elkargo Ofizialak Psikologoen Sarea garatzeko hitzarmena sinatu dute. Helburua da zaurgarritasun egoeran dauden edo arreta espezializatuko premiak dituzten migratzaileei, errefuxiatuei eta aberrigabeei laguntza psikologikoa eskaintzea.

Ainhoa Eguren eta Arantza Chacon, akordioa sinatzen. (Zehar-Errefuxiatuekin)

Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak eta Bizkaiko Psikologia Elkargoak (BPE) lankidetza hitzarmena sinatu dute Psikologoen Sarea izeneko laguntza psikologikorako zerbitzua garatzeko. Zerbitzu horren xedea izango da laguntza psikologikoa eskaintzea zaurgarritasun egoeran dauden edo arreta espezializatua behar duten errefuxiatu, migratzaile eta aberrigabeei. BPEren egoitzan sinatu dute akordioa, Ainhoa Eguren BPEren gerenteak eta Arantza Chacon Ormazabal Zehar-Errefuxiatuekin elkarteko zuzendariak.

Hitzarmenaren bidez, Zehar-Errefuxiatuekin erakundeak konpromisoa hartu du psikologiaren arloko profesionalei formakuntza eskaintzeko babesaren eta asiloaren alorrean, ikuspegi feminista, intersekzionala eta kulturartekoa erabiliz. Horretaz gainera, sarean izena eman nahi duten profesionalei kasuak bideratuko dizkiete eta arreta prozesuan zehar laguntza eskainiko diete.

Bestalde, BPEk bere psikologoei dei egingo die Psikologoen Sarean parte har dezaten. Gainera, proiektua eta haren emaitzak ezagutzera emango ditu eta Zehar-Errefuxiatuekin erakundearen eta proiektuarekin bat egin nahi duten psikologiako profesionalen arteko bitartekaritza gauzatuko du.

Zehar-Errefuxiatuekin elkarteaek osasun mentalaren zaintzaren garrantzia azpimarratu du. Chaconen esanetan, «errefuxiatu, aberrigabe eta migratzaile askok eragin psikologikoa pairatzen dute; ez bakarrik beren herrialdetik alde egitera eraman zituzten egoerengatik, baita migrazio-ibilbide gogorrengatik eta Euskadin bizitza berregiten saiatzean aurkitzen dituzten zailtasunengatik ere». Erakundearen zuzendariaren ustez, osasun mentala artatzen ditugun pertsonen garapen integralerako harrera-prozesuan eskaintzea funtsezkoa da, «horregatik da hain garrantzitsua sortu dugun sarea».