Protestak egin ditu Osakidetzako gehiengo sindikalak, maiatzeko greba aurreratuz
Osakidetzako gehiengo sindikalak deituta, elkarretaratzeak egin dituzte Gasteizen, Eibarren eta Santurtzin. Lehen Arreta desegiten ari direla salatu dute protestetan, eta bide batez, maiatzean deitutako greba aurreratu.
ELA, SATSE, LAB, SME, CCOO eta UGT-k deituta, Olagibeleko (Gasteiz), Eibarko eta Kabiezesko (Santurtzi) osasun zentroetan elkarretaratzeak egin dituzte Osakidetzako langileek, Lehen Arretaren desegitea salatzeko.
Arabako landa eremuko Osakidetzako langileek ere greba eguna izan dute gaur, arretaren kalitatea bermatu ahal izateko baliabideak eskatzeko. %85ak egin du bat lanuztearekin.
Sindikatuek askotan aldarrikatu dute Osasuneko Mahai Sektorialaren blokeoa. «Sagardui Sailburuaren taldeak, alde bakarrez hartutako erabakiak aurrera eraman nahi ditu, sindikatuen iritzia jakin gabe», ELAk azaldu duenez. Hori dela eta, Osakidetzan greba egingo dute maiatzaren 18an eta 19an.
Eskakizunen artean dago 18-19 EPEaren ebazpena, 2020-21-22 EPEko azterketak egin aurretik ebatzi dadin. Gainera, bigarren EPE horren lehiaketa-fasearen ebazpena oposizio-lehiaketaren aurretik egin dadin galdegingo dute. Hautaketa- eta hornidura-prozesuak arintzeko giza baliabide eta baliabide material gehiagoren beharra ere salatuko dute lanuztearekin.
Halaber, urtebetetik gorako behin-behineko izendapen guztiei kodea ematea nahi dute, baita plangintza zehatza eta egutegikoa ere, behin-behinekotasuna % 8tik behera jaisteko. Era berean, eskatuko dute 2010etik galdutako erosteko ahalmena berreskuratzea eta jasotzen ez duten langileei % 4ko osagarria ordaintzea.
Lan-baldintzak eta hauteskunde-eremuak arautzen dituen akordio berri bat berehala negoziatzea ere nahi dute sindikatuek, baita 2022. urterako karrera profesionalaren berehalako deialdia ere, garapen Profesionalaren azken zirriborroa erretiratzearekin batera, kategoria guztien berezitasunak kontuan hartuko dituen ebaluazio-eredu berri bat negoziatuz.
Lehen mailako arretan egindako inbertsioa handitzea eskatuko dute greba eginez, ratio duinak egon daitezen kategoria guztietan, eta kalitatezko aurrez-aurreko arreta bermatzeko. Halaber, asistentzia-eremu guztietan ordainsari-osagarriak berrikustea eta eguneratzea galdegingo dute, sakabanatze geografikoari, produktibitateari, guardiei eta abarri lotutakoak, hain zuzen ere.
Horretaz gain, lanaldiari egokitutako karteldegiak nahi dituzte, familia-kontziliazioa sustatzeko eta bermatzeko, alde bakarreko aldaketarik gabe.