Abian da euskal ingurune digitaleko emakumeen lana aitortzen duen Gladys Saria
Gladys Sariaren hirugarren edizioa abian da, gehienez 40 urte duten emakumeen ibilbidea saritu eta emakumezko erreferenteen proiekzioa bultzatzea helburu. Irabazleak 4.000 euroko saria eta bere lana ezagutzera emateko hitzaldiak eskaintzeko aukera izango du.
Puntueusek eta EHUko Informatika Fakultateak antolatuta, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Berdintasunerako Organoaren eta Emakunde, Emakumearen Euskal Erakundearen babesarekin, eta Danobatgroup industria-taldearen eta UPV/EHUko Berdintasun Zuzendaritzaren laguntzarekin, Gladys Sariaren hirugarren edizioa aurkeztu dute.
Sariak euskal ingurune digitalean lan egiten duten emakumeen lana aitortzen du, haien ibilbidea eta proiekzioa sarituz. Honen bidez, neska gazteak ibilbide teknologikoari ekitera animatzea du helburu, horrela euskal erreferente berriak sortuz.
Gaur aurkeztu da ekimena prentsaurrean, sariaren babesle den Gipuzkoako Foru Aldundiko prentsa aretoan. Lorea Arakistain Puntueuseko marketin-zuzendaria, Olatz Arbelaitz EHUko Informatikako Fakultateko Berdintasun Batzordeko kidea, Nerea Isasi Gipuzkoako Foru Aldundiko Berdintasuneko foru zuzendaria, Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria eta Iker Usabiaga Danobatgroup industria-taldeko gestio sozialeko zuzendaria egon dira.
Hautagaitza aurkezteko pausuak diren azaldu dituzte aurkezpenean, izan ere, norberak edo erakunde batek proposatu dezake hautagaiaren izena. Azken kasu honetan, hautagaiaren merezimenduak azaldu beharko dituzte hautagaitza aurkeztean. Gladys Sarian izena emateko epea 2023ko ekainaren 20a arte egongo da zabalik www.gladyssaria.eus webgunean.
Aurtengo edizioko sari ekonomikoa iazkoa baino altuagoa izango da, izan ere, iaz irabazleak 3.000 euro jaso zituen, eta 2023ko irabazleak 4.000 euroko saria jasoko du. Horrez gain, irabazleari bere jarduna azaltzen duen bideo laburra grabatuko zaio antolatzaileek gazteen artean zabaldu dezaten, eta hauekin adostutako eskoletan eta Kaixomundua.eus lehiaketaren sari banaketan hitzaldi motibatzaileak emateko aukera izango du.
Isasik, Gladys Sariaren garrantzia nabarmentzeaz gain, horrelako egitasmoen beharra azpimarratu du: «Etorkizuneko lanbideetan emakumeen presentzia bermatu behar dugu eta, horretarako, STEM alorreko emakumezko protagonistak bistaratu behar ditugu». Gladys Sariak eremu honetan egin dezakeen ekarpena oso handia dela ere adierazi du, «emakume informatikariek egiten duten lana ezagutzeko aukera ematen digulako eta berritzaileak eta puntakoak diren lanak erakusten dizkigulako».
Elgarrestaren hitzetan, «sari honek ikusgarritasuna ematen die emakume zientzialariei eta gizarte honek behar duen zerbait da, batez ere, oso garrantzitsua delako neska gazteek erreferenteak izatea zientziaren munduan». Arakistainek azaldu duenez, «sariak helburu ugari ditu, eta horien artean STEM alorretan profil ugari daudela nabarmentzea da». Izan ere, sektore hauetan aritzen diren profesionalek, zein Gladys Sarira aurkezten diren emakumeek ere, zeregin oso desberdinak dituzte beraien egunerokoan.
Saria «gehienez 40 urte beteko duten emakumeei zuzenduta dago, eta hautagaien egoera pertsonalak bere ibilbide profesionalean izandako eragina izango da kontutan», adierazi du Arakistainek. Arbelaitz sektoreotan emakumezko erreferente berriak sortzeak Informatika Fakultatearentzat zein gizarte osoarentzat duen garrantziaz mintzatu da: «Azken urteetan Informatika eta teknologiekin lotutako ikasketetara gerturatzen den emakume kopuru txikiak, urte askotan gure lurraldean zein mundu osoan %15aren azpitik egon denak, eragin zuzena du etorkizunean esparru digitalean arituko diren emakumeen kopuruan, emakumeek hain bogan dauden lanbide berrietara sartzeko edukiko duten aukeran, eta ondorioz, emakume horiek gizarteari egingo dioten ekarpenean».
Gladys del Estal gogoan
Donostiako Informatika Fakultatean ikasi zuen Gladys del Estalek eta lana gogoraraztea ere bada lehiaketaren funtsetako bat.
Ekintzaile ekologista zen Del Estal, eta protesta antinuklear batean parte hartzen ari zela hil zuen Guardia Zibilak Tuteran. Lanbidez informatikaria zen eta kimika ere ikasten ari zen.