INFO

Iruñeko Udalak %20 murriztu dituela herritarren parte-hartzeko dirulaguntzak salatu dute

Iruñeko Udalak herritarren parte-hartzea bultzatzen duten taldeei ematen dien dirulaguntza %20 murriztu duela salatu du Alde Zaharreko AZ Sare Komunitarioak.

Alde Zaharrean AZ Sare Komunitarioak antolaturiko ekimen bat. (AZ SARE KOMUNITARIOA)

«Apirilean, dagoeneko elkarte askok beren jarduerak garatzen hiru hilabete baino gehiago daramatzatenean, Iruñeko Udalak 2023rako dirulaguntzen deialdia argitaratu du irabazi-asmorik gabeko elkarte eta entitateentzako, zeintzuk herritarren partaidetzako, herritartasun aktibo eta gizarte-egituraketako jarduerak egiten dituzten. Inplikatutako entitateei aldez aurretik ezer azaldu gabe, aurtengo partida guztia %20 murriztu da, 2022ko 500.00 eurotik 2023ko 400.00 eurora pasatuz. Murrizketa hau ez da gertaera isolatu bat: 2023ko dirulaguntzaren zenbatekoa duela 5 urte baino %27 baxuago da eta orain 20 urte baino %10 txikiagoa, dirulaguntza horiek eskatzen zituen elkarteen kopurua gaur egungoaren heren bat zenean. Dirulaguntza horretarako zuzendutako partida ez da Iruñeko Udalaren urteko aurrekontuaren %0,2ra iristen, bi euro baino gutxiago biztanleko eta urteko», salatu du AZ Sare Komunitarioak.

«Dirulaguntza honen deialdia duela 30 urte baino gehiagotik egiten da, lehenengoz Iruñeko Udalaren Kultur Sailetik eta, ondoren, Herritarren Partaidetzarako Sailetik. Horren bitartez, laguntzak ematen zaizkie irabazi-asmorik gabeko elkarteei, bost jarduera-multzotan banatuta: auzoetako jaiak eta jai-jarduerak, herritarren parte-hartzeko jarduerak, kultura-aniztasunarekin lotutako jarduerak, adinekoei zuzendutako jarduerak eta formakuntza-jarduerak», azaldu du.

«Aurtengo murrizketak gogor eragin du bigarren jarduera-multzoan, Iruñeko auzoetako elkarteak biltzen diren blokean: aurten murriztu diren 100.000 euroetatik 94.000 euro multzo horri dagozkio. Elkarte horietako batzuek, beti herritar guztiei irekita eta erabat doakoak diren jarduerak egiten dituztenek, %45erainoko murrizketa izanen dute udalaren laguntzan», gaineratu du.

«Auzoetako jaiei eta inauteriak, Olentzero edo Erregeen Kabalgata bezalako jarduerei ere azken urteetan nabarmen murriztu zaie dirulanguntzen deialdian egokitzen zaien partida. 2018an Udalak 100.000 euro bideratu zuen mota horretako jardueretarako, hauek, batez ere, jai-batzordeek bultzatuta. 2020an, pandemiak eta jaiak ospatzeko ezintasunak 38.000 eurora murriztu zuten partida hori. 2023an, dirulaguntzaren zenbatekoa 50.000 eurokoa da, 2018an baino %50 gutxiago», nabarmendu du.