INFO

Puntisten profesionalizaziorako oinarriak bermatu asmoz jaio da ‘Eraman!’ enpresa

‘Eraman! Jai Alai Gara’ elkartea ez da geldirik egon orain arte. Berak antolatu ditu Winter Seriesak. Orain, puntisten profesionalizaziorako oinarriak sendotu asmoz, urrats bat harago joan da: 7 puntista enpresa kide dira eta gazte mailako zein emakumezkoekin ere konpromisorako hitzarmena adostu du.

Gernikako Jai Alai pilotalekuan egin dute aurkezpen ofizial. (ERAMAN JAI ALAI)

Zesta puntari «egonkortasuna» eman eta pilotarien «profesionalizaziorako» bidean, “Eraman! Jai Alai Gara” enpresak urrats bat eman du. Gernikako pilotalekuan egin dute aurkezpena larunbat goizean eta bertan, oinarriak zehaztu dituzte. Zazpi pilotari onenak enpresa kide izango dira aurrerantzean, horrek suposatzen duen egonkortasunarekin, eta Pro-am mailako gazte eta emakumeekin ere lankidetzarako hitzarmena adostu dute.

«Eman behar zen urrats natural bat da. Pilotarien beraien eskakizun bati erantzuten dio. Gu orain arte Winter Serieseko antolakuntzan aritu gara, ondo funtzionatu duen produktu bat izan da eta horrekin konformatu gintezke. Baina, arriskatu eta kirol honenganako konpromiso bat erakutsi nahi izan dugu, pilotariariei estruktura bat eskaini», adierazi du komunikabideen aurrean Gaizka Muniategik.

Hiru atalak indartu nahi dituzte, bai profesionalena baina baita Pro-am eta emakumezkoena ere. Hala, urte guztian egutegi finko bat izatea bermatuko dute eta aurten sortu den Jai Alai League formatuari –Euskal Herri osoko lau txapelketak batu eta ranking bateratu bat egitea– jarraipena ematea dute asmo nagusi gisara. Hurrengo urterako, esaterako, txapelketa gehiago izango dira puntuagarriak –batzuk maila altuagokoak eta beste batzuk, baxuagokoak–.

«Jarraikortasun horrekin, zesta-denboraldi bat eskainiko diegu pilotari zein zesta-zaleei. Ulertzeko eta jarraitzeko erraza izango den denboraldia», alegia, azaldu du.

Egun, zazpi pilotari «fitxatu» dituzte, enpresako kirol-zuzendari eta emaitzen ikuspegitik zirkuitoko «onenak» direnak: Lopez, Erkiaga, Barandika, Lekerika, Osa Goikoetxea, Zabala eta Del Rio. Iparraldeko pilotariekin ere adostasun bat lortu dute, hauek ere txapelketa gehiagotan lehiatu asmoz. «Goi-mailako kirol kuadro bat egonkortzen da» enpresaren aburuz, eta honek bermatzen du «momentuko kirolari onenekin osatutako ikuskizun bat eskaintzea».

Jon Zabalaren esanetan, «segurtasun» edo «berme» bat da “Eraman!” enpresa barnean egotea. Aitortu du urteak zebiltzala aldarrikapen honekin, Daniako pilotalekua ixtean Euskal Herrian urrats bat eman behar zela ikusten baitzuten. «Modu naturalean» eman dela adierazi du eta NAIZi nabarmendu dio, esaterako, orain pilotariak min hartzen duenean «egonkortasun» bat izango duela, «ez lehen bezala, nahiko baztertuta geratzen baitzinen».

Era berean, kirol maila igoko duela ere iritzi du eta Euskal Herri osoko liga bateratua are gehiago indartzeak «motibazioa» dakarrela: «Ranking bateratu bat egonda, motibazio bat dago urte guztian lan egin eta zaintzeko».

Guuk Jai Alai Experience proiektuaren sortzaile da markinarra, Euskal Herriko pilotaleku ezberdinetara zesta-punta hurbiltzeko xedearekin sortua. Aurten hasi du ibilbidea eta «oso ondo» doala adierazi du. «Oso harrera ona dauka, igande goiz polita pasatzen dugu eta oxala, hurbiltzen diren batzuk pilota eskoletan izen ematen badute», dio.

Produktua saldu

«Enpresa bezala, talde bat daukagu eta produktu hau ahalik eta pilotaleku eta udal guztiei eskainiko diegu», adierazi du Muniategik. Bide horretan, noski, gazteek eta emakumeek lekua izango dute eta hor sortzen da aipatu lankidetza, oraindik ere profesionalen ildo horretan sartu ez badira ere, profesionalekin lehiatu eta maila altuko egutegia bermatuko baitzaie. «Zubi-lana» egin du “Eraman!” enpresak.

Pro-am txapelketari dagokionez, urriaren 23an Zumaian jokatuko da finala eta irabazleak, Winter Seriesen sartuko dira. Gazteen txapelketan parte hartuko duten bikoteetako bat da Mutrikuko Elite txapelketako irabazleak, Aaron-Bailo, eta gainontzekoak, Markinan eta Durangon jokatuko direnetatik aterako dira.

«Aurrepauso bat da. Ikusten dugu ahalegin bat badagoela gu ere zirkuitoan sartzeko. Motibazio bat da guretzat», adierazi du Gorka Mugartegi "Atain II.ak". Profesionalekin alderatuta, «arrakala» handia delakoan dago eta urrats honekin, alde hori murriztu daitekeelakoan da, «lana eginda», noski. Baina lehen ezkor egotetik orain, aukera moduan ikusten du markinarrak: «Ea gaur hasi den prozesu honek jarraipena izaten duen». 

Bide beretik mintzatu da Eneritz Lizardi mutrikuarra. Emakumezkoen txapelketa gehiago jokatu eta etorkizun hurbilean, ranking bat egitea ere bada enpresaren asmoa. Oraingoz, gipuzkoarrak aitortu duenez, «jaialdi ezberdinak egin eta gero final handi bat Durangon jokatzea» da intentzioa: «Urte osoan martxan egoteko berme bat da, gainera ikusgarritasun handiagoarekin». «Hasieratik esan dugu otsailean hasi genuen ibilbide horri jarraipena eman behar zitzaiola eta hau da lehen urratsa», dio.

Noski, helburua, profesionalizaziorako «borrokatzea» da baina Lizardi jakitun da oraindik ere gazteegiak direla. Bera da zaharrena, 18 urterekin, eta beraz, denbora behar dutela kontziente da. «Guk ez dugu sekula etorkizun bat irudikatu, orain gero eta gertuago ikusten dugu eta hemendik urte batzuetara agian posible izango da. Oraindik gazteak gara, adin jakin batera iristean, ikusiko da. Baina noski borrokatuko dugula hori lortzeko», adierazi du tinko.