INFO

Norbere burua ahanztea, bertsio ofiziala... eta egia?


Etxetik irten baino lehen, sarrerak poltsikoan neuzkala ziurtatu nuen. Zinemara bidean, pare bat aldiz egin nuen egiaztapen bera. Halako batean iritsi nintzen eta berriro sartu nuen eskua poltsikora, sarrerak ukitzeko. Artega baina uste osoan, barrura sartu nintzen, sarrerak atera eta ateko gizonari erakutsi nizkion. Hirugarren aretoa. Arazorik gabe sartu nintzen. Zortzigarren ilarako seigarren eserlekuan jarri eta argiak itzali baino lehen sakelakoa itzali nuen; hasieran abioi moduan jarri nuen, baina segurtasun uhala topatu ez nuenean konturatu nintzen ez nengoela hegazkinean. Bat-batean, zureak egin duela pentsatzen duzuneko bero kiskalgarria igotzen hasi zitzaidan aurpegian gora, eserlekuan ni ez nengoela ohartu nintzenean.

Etxean, sakelakoa bilatu nuen, alferrik, zineman zegoen eta, abioi moduan, edo itzalita; gero eta urduriago, ordenagailuari erreparatu nion eta ondorengo eguneko artikulua idatzi gabe neukala gogoratu zitzaidan. Eskerrak neure burua etxean ahaztu zaidan, pentsatu nuen. Eta joatea ahaztuta ikustera joan nintzen filmaren erreseina idazten hasi nintzen. Ikusita ez neukan filmaren erreseina, existitzen ez den film baten ingurukoa, gidoi (txar) baterako ideia izan zitekeena.

Dirudien baino ohikoagoak dira horrelako edo antzeko erreseinak. Pentsa zenbat irakurri ditugun «bertsio ofiziala» deiturapean. Gidoi baterako ideia izan zitezkeen, eta nekez gertakari baten kronika edo deskribapena; hala ere, errealitatearen, egiaren kontaketa bezala aurkeztu ohi dituzte.

Pako Aristi idazlea da eta uste dut idazle gehienek bezala fikzioa gogoko duela, baina egia azaldu eta ulertzen saiatzeko eta ez egia ezkutatzeko. Joan den astean aurkeztu zuen “Irunberri 1990: Arroilaren negarra” liburua, bertsio ofizial horietako baten eraisketa eta egiara hurbiltzeko ikerketa sakon eta zorrotza.

Beste kontaketa ofizial bat, Pasaiako segadarena, sinestezina dela -ez zela hala gertatu- ondorioztatu zuen Lakuako Gobernuak eskatutako txosten batek. Auzi hark bide judiziala egina zuen, bide laburra, ikerketak misterio batekin topo egin baitzuen; hara, operazioan parte hartu zuten poliziak identifikatzeko ezintasunarekin. Guztiak du bere azalpena, ordea: nonbait ere, sarraskian parte hartu zuten poliziei etxean ahaztu zitzaien beren burua egun hartan .

Inguru honetan batere arrotza ez den fenomeno horrekin egin zuen topo Iñigo Cabacas auziaren ikerketak ere. Gazte bilbotarra hil zuen erasoa jo zutenak ere gorputza etxean ahaztu zitzaiela konturatu ziren egurra banatzen hasi orduko edo, hobeto esateko, amaitu orduko.

Oraindik orain polemika izan da Mikel Zabalza hil zuen operatiboaren arduraduna teniente jeneral izendatu dutela jakindakoan. Zenbait parlamentariok Barne ministro espainiarrari kargu hartuta, guardia zibil horren aurkako ebazpen judizialik ez dagoela erantzun zuen ministroak. Hara, egia judiziala.

Kontakizun ofiziala bertsio ofizialek osatzen dute; Zuzenbide Estatu batean, gainera, egia judizialak apaindua. Eta fabula hori onartzen ez duena, egia helburu duen kontakizuna eraikitzen saiatzen dena, abisatuta dago. Itsaso harroak abisatuta. •