INFO

Familian gozatzeko ekitaldiak egingo dituzte EAEko hiriburuetan Tourrari ongietorria emateko

"Bizitour" lelopean, lehendabiziko geldialdia igande honetan izango da, Donostian, eta bertan «guztiok egiteko moduko» 9 kilometroko ibilbide bat egiteko aukera izango dute parte hartzaileek.

BiziTour ekimeneko antolatzaileak eta txirrindulari ohiak, astearte honetan Donostian. (Gorka RUBIO | FOKU)

Uztailaren 1a egutegian markatutako eguna da. Grand Départ Pays Basque 2023 gertatuko da egun horretan. Beste era batera esanda, Tourra Euskal Herrian hasiko da. Mugarri hori ospatzeko, hainbat jarduera antolatu dira pedalei eraginez, eta horietako bat BiziTour jaia da, «guztiontzako txirrindularitza ibilaldia» eta «Tourreko giroarekin gozatu ahal izateko aukera paregabea».

EAEko hiru hiriburutan ekimenak antolatu dira familian gozatzeko eta Tourrari ongietorria emateko. Lehenengo geldialdia igande honetan izango da, Donostiako Sagueseko zabalgunean (11.30). Ondoren Gasteizek (ekainaren 4an, 12.00etan, Ama Zuriaren Plazatik) eta Bilbok (ekainaren 25ean, 12.00etan, Areatzako Kaiatik) hartuko dute lekukoa.

BiziTour jaialdia «Tourreko giroarekin gozatu ahal izateko aukera paregabea» da, astearte honetan egin duten aurkezpenean adierazi duten moduan. «Guztiok egiteko moduko ibilbidea da, jai giroan, txirrindularitzaren kultura eta mugikortasun jasangarria sustatzeko helburuarekin», azpimarratu dute antolatzaileek. Era berean, bizikletaren erabilera sustatu eta EAEn barna igaroko diren etapen zirrara aurrez ekartzeko abagunea ere izango da.

Hala, igande honetako ibilaldiak 9 kilometro izango ditu: Sagueseko zabaldegitik aterako da eta hiria zeharkatu ondoren berriro itzuliko da bertara: Jose Miguel Barandiaran; Zurriola hiribidea; Tourraren arkuan geldialdia; Kursaal zubia; Erregina Erregeordea, Boulevard; Hernani; Askatasunaren hiribidea; Urbieta; San Martin; Kontxa pasealekua; Satrustegi; Zumalakarregi; Tolosa; Andrestegi; Berio; Europa plaza; Tolosa; Zumalakarregi; Kontxa pasealekua; Zubieta; Easo; Askatasunaren hiribidea; Espainia plaza; Argentinar Errepublika; Kursaal zubia; Zurriola hiribidea; Lapurdi plaza eta Barandiaran.

Gaurko ekitaldian, antolatzaileez eta Iker Amarika aurkezleaz gain, hainbat txirrindulari eta txirrindulari ohi izan dira; hala nola Igor Anton, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari ohia; Patxi Vila, Movistar Team taldeko egungo talde teknikoko kidea; Xabier eta Enekoitz Azparren, Euskaltel-Euskadiko txirrindulari profesionalak; Naia Amondarain, Laboral Kutxa-Euskadi Fundazioa taldeko txirrindularia; edota Jose Cruz eta Ainhoa Aierdi ultrafondista donostiarrak.