INFO

Jokin Altuna, buruz buru, Olaizola II.a eta Martinez de Irujo onenen pare

Jokatutako azken hamar txapelketetan finalerdietan sartzea lortu du Jokin Altunak eta banaka jokatzen diren txapelketak kontuan izango bagenitu, azken zortziretan izan da lau onenen artean, bere garaian Olaizola II.ak eta Martinez de Irujok lortutako marka onenak berdinduz.

Elordi gaindituta, finalerdietan da berriz amezketarra. (Gorka RUBIO/FOKU)

Zaila da denbora muga zehatz batean errepikatzen dena tradizio noiz bilakatzen den zehaztea, ekintza bat zenbait aldiz gertatuta pasatzen den ohiko izatera, baina Jokin Altunak, apartekoa behar lukeena arrunta egiten jarraitzen du. Horregatik, agian, amezketarra Buruz Burukoaren finalerdietan besterik gabe bezala pasa da, Lasoren aurka horren erraz irabazita, Elordiren aurka estuasunak pasa izana kezkatzeko moduko zerbait balitz bezala.

2021 eta 2022an zehar jantzitako hiru txapelak galdu izanak ere ez du agian asko lagunduko, baina amezketarra bere ibilbidearen unerik gozoenean zehar dagoela esateak ez dirudi gehigizkoa. Pilotariak berak orain dela gutxi aitortu du eta frontoien mundu txiki honetan mugitzen den inork ez du zalantzan ipintzen bera dela, gaur egun, koadroko erreferentzia nagusia, kantxa barruan eta baita kanpoan ere, bere enpresakideen artean batez ere, lortu duen errespetu eta miresmenagatik.

Eta zenbakiak ere, palmaresetik behera koxka bat jaitsi eta zehatz erreparatuta, tesi hau baieztatzera datoz. Izan ere, Elordi garaituta, Jokin Altuna Buruz Buruko finalerdietara sailkatu izana ez da edonolako marka, jokatutako azken hamar txapelketetan lau onenen artean sartu baita, eta hori, gaur egun jokatzen den erritmo eta eskakizun mailarekin, sekulako balentria da. Ladis Galarzarekin jokatu zuen 2020ko Binakakoan geratu zen Aspeko aurrelaria finalerdietatik kanpo azken aldiz eta ordutik, 4 txapel eta beste bi final lortu ditu, aurtengo Buruz Burukoan egingo duenaren zain. Momentuz, larunbatean Iruñean Ezkurdiak eta Peio Etxeberriak jokatuko duten partidako irabazlearen zain dago, beste final bat jokatzetik pausu bakarrera.

Eta hauek zenbaki izugarriak izanda, ez dira gutxiagorako aurretik lortutakoak. 2016an jokatu zuen amezketarrak bere lehen finala, Oinatz Bengoetxearen aurka Gasteizen lehiatutako Lau eta Erdikoa (22-21 galdu zuen) eta ordutik aurrera begiratuko bagenu, azken 21 txapelketetatik 17tan pasa du final laurdenetako muga.

Zortzi finalerdi jarraian banaka

Zenbakiok buruz buru jokatzen diren txapelketetara mugatuko bagenituzke, hau da, kantxa osora eta lau eta erdira, amezketarrak azken zortziretan lortu du hurrengo urtean zerrendaburu izatea bermatzen duten postuetan sartzea. Horrek erregulartasunean ere bikaintasunera bidean jartzen du Altuna.

Garai bakoitzak bere baldintza zehatzak dituen arren, ohikoa da halakoetan alderaketak egitea eta alor horretan Jokin Altuna azken bi erreferentzia nagusiei –Aimar Olaizolari eta Juan Martinez de Irujori, alegia– begietara parez pare begiratzeko moduan da. Izan ere, bi nafarrek banaka zortzi finalerdiko bolada bana izan zuten, goizuetarrak 2004tik 2007rako finalerdi guztiak jokatuta eta Iberokoak, 2012tik 2015era artekoak.

Bitxia da, gainera, Jokin Altunaren kasuan bolada honi hasiera ipintzeko 2019ko Buruz Buruko final-laurdenetara jo beharko genukeela. Atano III.ean jokatutako partidan, Iker Irribarriak utzi zuen finalerdietatik kanpo 2018ko txapelduna, galdu arren, amezketarraren hitzetan, Buruz Burukoan berak jokatu duen partidarik onenetako batean.

Legazpin jokatzeko prest

Zenbaki hauekin, Jokin Altuna enpresaren aurpegi nagusia bilakatu da jaialdiak saltzeko orduan, herri guztiek nahi dute Altuna euren pilotalekuan ikusi eta, alde horretatik, Legazpiko pilotazaleak zorionekoak dira. Amezketarrak atzo jakinarazi zion Asperi asteazken honetan festetako egun handia duen Urola Garaiko herrian jokatzeko moduan dela. Asteburu honetan Buruz Burukoan atsedenaldia dagokie amezketarrari eta bere multzoko beste pilotariei eta, beraz, Altuna III.ak binakako partida jokatuko du Legazpin, Rezusta lagun, Artola-Mariezkurrenaren aurka, erritmorik ez galtzeko.