INFO

Kanposantutik borroka zelaira; ETA sortu zutenen lekukotasuna

Duela bost urte bere zikloa amaitutzat eman zuen ETAk. Aski ezaguna da hori baina oraindik bere sorrera, ia 60 urte lehenago, azaldu dezaketen batzuk egon badira. Jose Manuel Agirrek, Pontxo Iriartek eta Eneko Irigaraik dute hitza.

Ce navigateur ne prend pas en charge l'élément vidéo.


Gaur duela bost urte, 2018. urteko maiatzaren 3an, Kanbon irudikatu zen bere ibilbidearen amaiera. «ETA herritik sortu zen eta orain herrian urtuko da», izan zen euskal erakundeak utzitako azken mezua. Baina aipatutako herri hura zenbait pertsonarengan gorpuzten zen; gehienak jada hil diren arren, batzuek bizirik segitzen dute eta sorrera hari buruzko lekukotasuna eman dute Iratzar Fundazioak abiatutako lan zabalago baterako, argitaratu gabea. NAIZek hiru protagonista hauen zenbait hausnarketa hartu ditu abian den elkarrizketa bilduma honetatik, erakundearen hastapenaren nondik norakoak azaltzeko ezinbestekoak direlakoan.

Jose Manuel Agirre, Debako bataio-ekitaldian izandakoen artean birizik den bakarra. (Andoni Canellada | Foku)

Hiruren artean bada Euskadi Ta Askatasuna izena hautatu zen bileran parte hartu zuenetako bat: Jose Manuel Agirre, Iñaki Larramendi zendu ostean bizirik den bataio-ekitaldi haren partaide bakarra. Egun 96 urte dituen arren, atzokoan izan balitz bezala gordetzen ditu zenbait detaile: Deban izan zela, taberna batean, egurrezko mahai baten bueltan, 1958ko abenduan, arratsalde euritsu batean, eta bost kideak Larramendi familiaren gasolindegi batean elkartu ondoren abiatu zirela hara. Erakunde berrirako balizko 20 izen inguru zeramatzan zerrenda eraman zuen Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi»k. «Eta eztabaida luzearen ondoren, ETA aukeratu genuen», egiaztatu du.

Jose Manuel Agirre: «Guretzat gako nagusia ez zen espainiar genozidioari aurre egitea, EAJren utzikeriari aurre egitea baizik»

 

Izena ez zen garrantzitsuena, jakina, helburua baizik. Horretan koherenteak dira Agirreren lekukotasuna (Algorta, 1926) eta Pontxo Iriartek (Arribe, 1930) zein Eneko Irigaraik (Donostia, 1936) emandakoak. EAJ zen erreferentzia politiko nagusia gerra osteko aro ilun hartan baina «gehien interesatzen zitzaiona gatazkak saihestea zen. Ez zituen Sabino Aranaren irizpideak gordetzen. Guretzat gako nagusia ez zen espainiar genozidioari aurre egitea, EAJren utzikeriari aurre egitea baizik. Hau izan zen ETAren jatorrizko ideia. Negargarria baitzen egoera, kanposantu batean ginela zirudien».

Behar hura anekdota batean laburbiltzen du Iriartek. Lehenik Ekin-en eta gero ETAn batuko ziren «gazte ero» haietako batzuk EAJren ekitaldi batean egon ziren, baina harriduraz ikusi zuten Guardia Zibila ere bertan zela, eta kantuan hasi bezain laster parte-hartzaileak isilarazten zituela. «Modu ezberdinean pentsatzen genuen. Bide hori ez zela bidea ikusten genuen. Eta ‘guk aparte lan egingo dugu’, esan genien». 1957. urtearen inguruan kokatzen du haustura une hori.

Antzekoa da Ignazio (gerora Eneko ezizena hartuko zuen) Irigarairen oroimena. Propaganda eta kultur arloko zenbait ekimenetarako EAJko kideen laguntza zutela zehaztu du: «‘Zuek zerbait egin behar duzue behintzat, gure erakundeak ez du ezer egiten’, esaten ziguten. Oso hartueman onak izan nituen haiekin, pertsonalki».

Eneko Irigarai: Donostia, Lapurdi, Brusela, Aljeria...

Irigarairen esanetan, 60koen hamarkada haren hasierara iritsita, euskal gizartea nolabait «neutrala» bilakatua zen Francoren aurrean. Adibide gisa, bere aita euskaldunberria zen eta Nafarroatik Donostiara lan egitera etorri zenean etsipenez hartu zuen bertan sendagile batek euskaraz egitea gaizki ikusia zela, gazteleraz aritzea nonbait «kategoria handiagoko»tzat hartzen zelako, testingurua erabat euskalduna izan arren.

Pontxo Iriartek eransten duenez, bera 12 urte inguru bete arte ez zen hasi erdaraz txukun moldatzen. Iruñera ikastera bidali zutenean jazo zen hori, baina behintzat nafar hiriburuan «ez ziguten euskaraz hitz egiteagatik jotzen; herrian, bai».

Donostia, Paris, Mexiko

Errepresioaren atzaparretan egongo ziren ordutik aurrera ETAren sortzaileak, jakina. Baina aurretik jada gerra beren larruan pairatua zutela ahaztu gabe; esaterako, Jose Manuel Agirre itsasontzi batean bidali zuten gurasoek Belgika aldera, urte eta erdi eman zituen bertan, bere aitak Marseilla aldera ihes egin behar izan zuenean, abertzalea izateagatik; eta Irigarai Urdazubira lekualdatu zuen familiak, anai-arrebak bertan zaintzeko ardura emanez gainera...

Pontxo Iriarte: «Atxiloketak oso arriskutsuak ziren, beren eskuetan erori ezkero ez baitzen ezer egiterik, hanka egitea bakarrik»

 

Iriarte laster kartzelaratuko zuten, Carabanchelen eta Sorian, Gerra Kontseiluan epaitua izan ostean, ETAn aritzeagatik. «Erorketak oso arriskutsuak ziren, egurra ematen zutelako eta horrela dena berehala zabaltzen zelako –nabarmendu du–. Haien eskuetan erori ezkero, ez zegoen ezer egiterik, hanka egitea bakarrik. 1961ean erori ginen gu, 40 lagun inguru Euskal Herri osoan. Astakeria asko egin zizkiguten. [Meliton] Manzanas famatuak jo eta bereziki joarazi zuen. Donostian kategoriko jende guztiarekin zebilen Manzanas. Hala ere, Madrilgo poliziak ziren gogorrenak, Manzanasek baino gehiagok egurtu gintuzten», aipatu du.

«Lehenbiziko momentuan pentsatu genuen klandestinitatean egon behar ginela», adierazi du Iriartek. Irigarairen oroimena, ordea, bestelakoa da: burkideei esaten zien ekintza bat gertatu bezain laster etxetik alde egin behar zutela, baina «ez zidaten kasurik egiten» eta bertan lotan segitzen zuten. IRAren jokabidea, besteak beste, aztertua zuen berak liburuen bitartez eta bazekien «atentatu bat izaten den bakoitzean, sarekada bat gertatzen dela». Baina orduko ETAkide asko ezkonduta zeuden, seme-alabak zituzten, eta arriskua jakin arren «ez zuten egoera barneratzen».

Gauzak honela, hasierako urte haietako momentu batean kide asko batera atxilotu zituztela, «joder, ETA ni neu naiz orain!» pentsatzera heldu zen Irigarai. Bere kasuan, Ipar Euskal Herrira oinez ihes egitea lortu zuen, alde hura txikitatik ezagutzen zuela baliatuz. «Niretzako, inoiz ez da muga bat izan», kontatu du.

Lehenengo hamarkada haren oroimen mikatzak gordetzen ditu Iriartek buruan: Enrique Eymar koronelarenak, epaiketa militarren buru zena, eta «que lo saquen de aquí» agintzen zuenean nolabait atxilotuaren aurkako jipoi berri bat iragartzen ari zena; eta Meliton Manzanas ETAk hil osteko errepresio bortitzarena ere, orduan jada itsuki jotzea guztiz normaldu zelako.

Paris, Mexiko, Aljeria...

Errepresioak ez zuen erakundearen bidea errotik moztu, hala ere, eta hasierako txinparta hura piztuta, laster hasi zen giroa nabarmen aldatzen. Hainbat pasarte esanguratsu dakarte elkarrizketa horiek, sortzaile hauen gogoan betirako iltzaturik geratu direnak. Esaterako, 1960. urtean eztei bidaiatik bueltan zetozela, Oriatik pasatzerakoan margo ikaragarri handia ikusi zuten pilotalekuan bikoteak: «ETA». Bere emazteak orduan deskubritu zuen zein zein Pontxo beste lagunekin batera izkutuan eratzen ari zen erakundearen izena. Eta izana, herri sostengua begibistakoa zelako.

Eneko Irigarai: «Atentatu bat izaten zenean etxera lotara ez joateko esan nien lagunei, baina kasurik ez. Ezkonduta zeuden, seme-alabak zituzten...»

 

Ipar Euskal Herrian lanean zebilen Enbatarekin batzarra egitea bururatu zitzaiola gogoan du Irigaraik, non eta berau jaio zen etxean, Donostiako Prim kalean.

Olioa bezala zabaltzen ari zen borrokarako deia. Urte batzuk beranduago Mexikora alde egin behar izan zuenean argi ikusi zuen Agirrek, bertan jokatzen ari ziren pilotariek hilero-hilero dirua ematen ziotelako, ETAri helaraz ziezaion, postaz.

Aurretik, Parisera zenbait bidaia egin zituen algortarrak, «Txillardegi» bidelagun zuela, erakunde berriaren lanaren berri Jose Antonio Agirre lehendakariari emateko. «Atseginez hartzen gintuen», aipatzen du, orduko eta geroko EAJko beste zenbait agintarik ez bezala. Lagunak ere bilakatu zirela ekarri du gogora, are gehiago biak algortarrak zirela kontan harturik.

Nazioarteko laguntzarik ere izan zuen euskal erakundeak hastapen honetan. Aljerian pasarte argigarriak bizi zituen Eneko Irigaraik. ETAren ordezkari gisa maila ofizialean onartua izatera heldu zen. Mugimendu iraultzaile asko gertutik ezagutu zituen han, bai eta Che Guevara bera ere.

Pontxo Iriarte zenbait aldiz atxilotu eta kartzelaratu zuten. (Foku)

Jose Maria Benito del Valle 2011n zendu zen, «Txillardegi» 2012an, Rafa Albisu bezalaxe. Julen Madariaga 2021an joan zen eta Iñaki Larramendi iazko irailean. ETAk berak 2018an desegin zituen bere egitura guztiak baina oraindik ere bada erakundeari buruz zer hausnartu eta bere sorrerari buruz nork kontatu.