Familiei zuzendutako sorkuntza lana sortzen lagunduko du Durangoko Azokako Sormen Bekak
Ume eta familiei zuzendutako edozein diziplinatako euskarazko sorkuntza lana sarituko du Durangoko Azokako Sormen Bekak. Sortzaile berriek aurkeztu ahalko dituzte proposamenak, irailaren 21a arte. Saria 15.000 eurokoa da.
Gerediaga Elkarteak eta Durangoko Udalak seigarren urtez jarri dute abian Durangoko Azokan emango den Sormen Beka. Egitasmoaren helburua euskarazko sorkuntza sustatzea eta sortzaile berriei euren lana ezagutzera emateko plaza eskaintzea da.
2023ko edizioan, ume eta familiei zuzendutako edozein diziplina edo diziplinen arteko uztarketatik abiatuta landutako sorkuntza lan bat sarituko dute. Oinarrietan zehazten dutenez, lana ikuskizun bat izan daiteke (zirkua, antzerkia edo ipuin kontaketa, adibidez) edo euskarri bat (mahai jolasa, musika, bideoa...), eta horien arteko nahasketak ere onartuko dituzte.
Lan sarituak proiektua garatzeko 15.000 euroko laguntza jasoko du eta 2024an Saguganbara guneko eskaintzeko bat izatea jarri dute helburutzat.
Sariketara aurkezteko 18 urtetik gorakoa izan behar da eta sortzaile berria (zirkuitu profesionalean lehen edo bigarren lana gehienez), eta banaka zein taldeka aurkez daiteke. Aurkezteko epea irailaren 21ean amaituko da eta proposamenak posta elektronikoz bidali behar dira, gerediaga@durangokoazoka.eus helbidera. Informazio gehiago Durangoko Azokaren webgunean.
Aurreko edizioetan, arlo ezberdinetako lanak saritu eta bideratu ditu beka honek: ‘ATOPIArpg’ euskarazko rol jokoa 2018an, Kai Nakai musikaria 2019an, ‘Bañolet’ telesaila 2020an, ‘Barraka’ bideojokoa 2021ean eta ‘Eukalyptus’ dantza eta antzerki ikuskizuna 2022an.