INFO

Aurten iaz baino 2 milioi kilo antxoa gehiago deskargatu dira Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan

Iazko 3,9 milioi kiloen aldean, aurten ia sei milioi kilo antxoa deskargatu dituzte Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan, Lakuako Gobernuak argitaratu berri dituen datuen arabera. Berdelaren kasuan, 11,6 milioi kilo heldu dira portu hauetara, baina batez beste iaz baino merkeago.

Getarian aurkeztu ditu Lakuak antxoaren eta berdelaren kanpainen behin-behineko datuak. (Gorka RUBIO | FOKU)

Maiatzaren 1ean bildutako datuen arabera, Bizkaia eta Gipuzkoako portuetan deskargatutako antxoa kopurua 5.926.506 kilokoa izan da, 1,89 euroko batez besteko prezioan. Gainera, 11.625.796 kilo berdel deskargatu dira, kiloko 1,05 euroko batez besteko prezioan.

Lakuako Nekazaritza, Arrantza eta Elikagai Politikako sailburuorde Bittor Oroz ostiral honetan Antxua Eguneko ekitaldien buru izan da, Getarian, eta antxoaren eta berdelaren arrantzari buruzko datuak aurkeztu ditu. Berarekin batera Getariako alkate Haritz Alberdi, Arrantza eta Akuikulturako zuzendari Leandro Azkue, Getariako Kofradiako presidente Emeterio Urresti eta Bizkaiko Kofradietako presidente Eusebio Arantzamendi izan dira.

Ia sei milioi kilo antxoatik 3.241.124 Bizkaia eta Gipuzkoako flotak deskargatu ditu, 1,97 euro/kiloko batez besteko prezioan, eta fakturazio globala 6.377.612,23 eurokoa izan da. Gipuzkoako portuek (Getaria, Pasaia eta Hondarribia) 2.672.528 kiloko deskarga kopurua zenbatu dute, 1,92 euro/kiloko batez besteko prezioan. Bizkaian (Bermeo, Ondarroa eta Santurtzi) deskarga kopurua 3.250.000 kilo ingurukoa izan da, 1,87 euro/kiloko batez besteko prezioan.

Berdela, merkeago

Berdelaren arrantzaldiari dagokionez, portu hauetan hilabete hasierara arte deskargatutako kilo kopurua guztira 11.625.796koa izan da, 1,05 euro/kiloko batez besteko prezioan. Horietatik, Bizkaia eta Gipuzkoako ontzien harrapaketak 7.424.392 kilokoak izan dira, 0,99 euro/kiloko prezioan, eta fakturazio globala 7.424.392 eurokoa izan da.

Gipuzkoako portuek 3.794.825 kiloko deskarga kopuruak izan dituzte, eta batez besteko prezioa 0,88 euro/kilokoa izan da. Bizkaian 3.700.000 kilo inguruko deskargak egin dira, eta batez besteko prezioa 1,11 euro/kilokoa. Orozek nabarmendu duenez, aurreko urtearekin alderatuz, batez besteko prezioa baxuagoa izaten ari da, iaz 1,42 euro/kiloko prezioa izatera heldu baitzen.