INFO

AHTren aurkako borrokaren 30. urteurrenean martxa zaratatsua egin dute Iruñean

AHTren aurkako borrokaren 30. urteurrenerako egitarau zabala antolatu dute, tartean, Iruñean egin duten martxa zaratatsua, ‘30 urtez AHTa oztopatzen. Batu lurraren alde!’ lelopean. Basaurin, Oreretan eta Donostian ere antolatu dituzte ekitaldiak.

Manifestazio zaratatsua egin dute Iruñean, AHTren aurka. (Iñigo URIZ | FOKU)

‘30 urtez AHTa oztopatzen. Batu lurraren alde!’ lelopean AHTaren aurkako borrokaren hasieraren 30. urteurrenean martxa zaratatsua egin dute Iruñean. Urteurrenaren inguruan antolatutako egitarau zabalaren baitan, egun nagusi bilakatu da gaurkoa. Ekitaldiak antolatu dituzte Basaurin, Oreretan, Donostian eta Iruñean.

Iruñean egin dute, hain zuzen ere, martxa zaratatsua. 12.00etan abiatu dira Gazteluko Plazatik 200 pertsona inguru, antolatzaileen arabera. Zintzarriak, txilibituak, danborrak, lapikoak, turutak eta abar erabiliz zarata ateraz egin dute bidea, «entzun gaitzatela!» aldarrikatuz. «Lurra suntsitzen eta AHTaren obrekin jarraitzeko baliabideak xahutzen jarraitzearen erabateko gaitzespena adierazteko, eta, aldi berean, proiektua behin betiko gelditzea eskatzeko» antolatu dute mobilizazioa.

Geldialdiak egin ditu manifestazioak honako leku hauetan: Proiektuaren arduraduna den Gobernu Zentralaren Ordezkaritzaren aurrean; Diputazio Jauregiaren aurrean, Nafarroako Gobernuaren egoitzan, «proiektuan beharrezko kolaboratzailea delako»; eta UPNren, Geroa Bairen eta PSNren egoitzen aurrean, «guztiak ere proiektuaren defendatzaile sutsuak» direla iritzita.

Broken Brothers Brass Band taldeak girotu du martxa, urteurrenarako prestaturiko AHTaren aurkako kantu bat ere jo dutelarik. Mobilizazioari amaieran oposizioari dei egin diote «lan faraoniko honen aurkako borrokan jarraitzera». «Makroazpiegitura hau lur honen historiako suntsitzaile, xahutzaile eta anti sozialena da, eta are gehiago gure etorkizuna mehatxatzen duen krisi sozial globalaren testuinguruan», adierazi dute.

Ondoren, bazkari herrikoia egin dute Alegria Peñan. 19.00etan Navarreria plazatik Kantu Jira abiatuko dute, «AHTaren aurkako kantutegiko errepertorio zabala abestuz trikitixen eta akordeoiaren laguntzarekin», azaldu dutenez. Gauean kontzertuak izango dira Aitzina tabernan, Hitz Tantak, Mucha Mierda eta Herdoil taldeen emanaldiarekin.