INFO

Triple A talde ultraeskuindarrak hildako Joxe Ramon Ansa oroitu dute Xoxokan

Jendetza batu da gaur goizean Xoxokatik Andoainera doan errepidean, orain 44 urte hil zuten Joxe Ramon Ansa Goenaga 17 urteko gaztea gogoan. Triple A-k aldarrikatu zuen ekintza.

Duela 44 urte Triple A-k hildako Joxe Ramon Ansa oroitu dute Andoainen. (@Aina_rodrigez)

Gaurko egunez, duela 44 urte, Triple A talde ultraeskuindarrak Joxe Ramon Ansa gazte andoaindarra hil zuen. Omenaldia egin diote herritarrek larunbat honetan.

Santakrutz jaien bigarren asteburua zen. Lehen asteburuan auzotarrez lagunduta gerturatu zen etxera, bigarren asteburuan ordea ez. Xoxokako bidean hilik topatu zuten hurrengo goizean, buruan tiro bat zuela.

Horren ondotik, manifestazio jendetsuak egin ziren Andoainen gertatua salatzeko. Greba eguna ere izan zen eta Udaleko talde guztiek gaitzespen adierazpena sinatu zuten. 44 urteren ostean ere, herritarrek antolatuta, Xoxokan, bere oroimenez kokatutako oroitarrian, ekitaldi bat izan da.

Bertaratutakoen artean Andoaingo PSEko alkatea, EHBildu eta EAJko zinegotziak, ultraeskuinak eskualdean hildako beste herritar batzuen senideak zein frankismoko biktimen senideak izan dira, familiako kide eta Buruntzako auzotar andanaz gain.

Oroitarrian lore eskaintza egin diote Joxe Ramon Ansari, bertso batek lagunduta. Honen ostean, familiak eta lagunek eskerrak eman dizkiete bertaratu guztiei. 44 urte pasa dira, Joxe Ramon Ansa bezala beste edozein izan zitekeela nabarmendu dute eta mezu bat argi utzi: «Ez dugu bizitzarik gabeko maiatzik nahi. Joxe Ramon beti gogoan».