INFO

Lakuak zehaztuko du ikastetxe bakoitzak hartuko duen ikasle zaurgarrien kopurua

2023-2024 ikasturtetik aurrera, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztietan nahitaez gorde behar dira ikasle zaurgarrientzako plazak. Segregazioaren kontrako neurriak 2 urteko geletarako matrikulazio berrietan ari da aplikatzen Lakua.

Ikasleak Gasteizko ikastetxe batera sartzen. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztiak, publiko zein itunpekoek, plazak gorde beharko dituzte ikasle zaurgarrientzako, eta Lakuak ofizioz zehaztuko du zenbat hartu beharko dituen bakoitzak.

Hezkuntzan jazotzen den segregazioa ekiditeko helburuz, Lakuako Hezkuntza Saila onarpen-eredu berria aplikatzen ari da 2023-2024 ikasturteko matrikulazioetan. Jokin Bildarratz sailburuak agerraldia egin du astelehen eguerdi honetan Gasteizko Legebiltzarreko Hezkuntza Batzordean eredu berria esplikatzeko.

Bi urteko geletako matrikula berrietan aplikatzen ari da onarpen eredu berria –baita hiru urteko geletan ere, baina kontuan hartu behar da adin honetan soilik 426 ikasle direla–, baina hau segregazioaren kontrako borrokan «lehen pausoa» besterik ez dela nabarmendu du Bildarratzek, eredu hau progresiboki aplikatuko baita aurrerantzean: urtero-urtero goragoko maila batean eragingo du, hezkuntza-etapa osoki osatu arte.

Matrikulazio honetan bultzatutako berrikuntza nagusiak hauek dira: zonifikazio-aldaketak, eskaintza doitzea, plazen erreserba bermatzea, onarpen-prozesu berria aktibatzea eta eskolaratzean hurbiltasuna lehenestea.

Hezkuntza sailburuak iragarri duenez, diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztiek gorde beharko dute plaza kopuru jakin bat ikasle zaurgarrientzako, eta plaza kopuru hori Lakuak zehaztuko du. Ikastetxe bakoitzaren eragin-eremuan dagoen zaurgarritasun indizearekin koherentea izango dira ikasle zaurgarriei eskainiko zaizkien plaza horiek. Hau da, eremu bateko zaurgarritasun indizea %10ekoa bada –eremu horretako biztanleen %10a zaurgarria da–, eta hor kokatzen den ikastetxe batek 50 plaza eskaintzen baditu, plazen %10a, bost plaza, ikasle zaurgarrientzako gorde beharko ditu; gainerakoak (45) ikasle ez zaurgarrientzako izango dira.

Ikastetxeen zaurgarritasun-indizea ez ezik, onarpen-eredu berri honek ikasleen zaurgarritasun-indizea ere hartzen du erreferentziatzat. Hau kalkulatzeko, familiek haien egoera sozioekonomikoari buruzko galdetegi bat bete zuten.

Salbuespenak

Matrikula-prozesuan bi salbuespen aurreikusten ditu Lakuak. Batetik, hezkuntza-premia bereziak dituzten ikasleen kasuan, ez bazaie lehenengo aukera gisa aurkeztu zuten ikastetxean plaza esleitu, familiekin bildu dira Lakuako arduradunak, emandako plazarekin konforme ote dauden jakitzeko. Bederatzi familiekin egin da hau, eta guztiei nahi zuten plaza esleitu zitzaien.

Bestalde, zuzenean plaza eman zaie ikastetxe batean anai edo arrebaren bat duten 2 urteko haurrei, horretarako ikastetxe horietako plaza planifikatuak handituz. Hamasei familiak betetzen zuten baldintza hau.

Aurreratu bezala, ohiko epetik kanpo matrikula aurkeztuko duten ikasleei ere –5.000 inguru izan ohi direla esan du sailburuak– baldintza berdinak aplikatuko zaizkiela esan du Bildarratzek.

%15a, zaurgarria

Eredu berriaren funtzionamendua azaltzeaz gain, matrikulazioaren inguruko datu batzuk ere eman ditu Bildarratzek. Hala, 2023-2024 ikasturtean EAEko ikastetxeetan matrikulatutako 2 urteko ikasleen %15,4 zaurgarriak izan dira. Guztira, 10.122 ikasle sailkatu dira ez-zaurgarri gisa, eta 1.847, berriz, zaurgarri modura. Lurraldeka, Arabak ikasle zaurgarrien %20,4 ditu, Bizkaiak %14,4 eta Gipuzkoak %14,6.

Hiriburuen kasuan, Gasteizko tasa lurraldekora hurbiltzen da (%20,3), Bilbokoa bezala (%16,6). Donostian aldiz, aldea dago, eta %8,1era jaisten da 2 urteko ikasle zaurgarrien tasa.

Ikastetxeak eta eragin-eremuak

Ikastetxe bakoitzak kasu bakoitzean ezarritako matrikulazio-helburuari dagokionez izan duen bilakaera aztertuta, sailburuak adierazi du 160 ikastetxetan ez dela esku-hartzerik egin behar izan, haren eragin-eremuko zentro bakarra zelako edo gutxieneko doikuntzak egin behar zirelako; 261 ikastetxe (%50,8), beraien eragin-eremuan dagokien zaurgarritasun-indizera hurbiltzen direla eta 17 ikastetxek ez dutela betetzen dagokien zaurgarritasun-indizea –nahiz eta oso gutxigatik ez duten lortu, zehaztu duenez–.

Eragin-eremuen inguruko datuak ere eman ditu sailburuak. Haur Hezkuntzan eta Lehen Hezkuntzan, EAEk 179 eremu dituela esan du. Alta, egoera oso desberdina da haien artean: 96 eragin-eremutan ikastetxe bakarra dago, publikoa, eta horietan ez du inolako egokitzapenik egin Lakuak, zuzenean eskolaratzen baitituzte inguruko ikasleak. Bi ikastetxe dituen 27 eremu daude, eta 56 eremutan 3tik 19 ikastetxera bitarte daude.

Familien aukera eta esleitutakoa

2 urteko geletan matrikulatzeko prozesuaren datu orokorrak aletuta, guztira, 11.969 matrikulazio eskaera jaso dira, eta Hezkuntza sailburuak azpimarratu du familia gehienek, %94,1ek (11.252), lehen aukera gisa aukeratutako ikastetxean lortu dutela plaza. 462 ikasleri beren aukeraketan zehaztutako beste ikastetxe bat esleitu zaie, eta 22 ikastetxeri eskatu gabeko plaza bat esleitu zaie, hurbiltasun irizpidea lehenetsiz, ia guztiek ikastetxe bakarra eskatu dutelako.

Sarearen arabera, 6.384 familiak lehen aukera gisa zentro publiko bat eskatu zuten eta 5.585 familiak itunpeko ikastetxe bat. Bildarratzen arabera, matrikulazio prozesuan eta doikuntza berrien aplikazioarekin, itunpeko ikastexeek 82 ikasle galdu dituzte, publikoen mesedetan.

Kritikei erantzunak

Ikastolen Elkarteak eta beste erakunde batzuek kritikak egin dizkiote matrikulazio-prozesua gauzatzen ari den moduari; bada, Jokin Bildarratzek erantzun die «diru publikoarekin finantzatutako ikastetxe guztiek elkarrekin lan egin behar dutela gizarte kohesionatu baten eta ikasle guztiek aukera berdinak izango dituen sistema baten alde».

Halaber, Ikastolen Elkarteak adierazi zuen kasu jakin batzuetan ez zituela aplikatuko Hezkuntza Sailak ezarritako irizpide berriak, baina ate hori itxi du sailburuak. «[Hezkuntza] Saila da matrikulatzen duena; eta hor hasten eta bukatzen da dena», esan du.

Taldeen erreakzioak

Oposizioaren aldetik, EH Bilduko Ikoitz Arrese legebiltzarkideak esan du segregazioaren arazoari aurre egitea «guztion erantzukizuna» dela, eta, beraz, gai honetan behar kolektiboak interes «indibidual eta korporatiboen» gainetik kokatu behar direla iritzi du.

Elkarrekin Podemos-IUren aldetik, Isabel Gonzalezek zalantzak azaldu ditu ikasle zaurgarriak identifikatzeko erabilitako metodoari buruz nahiz ikastetxe itunduetan kuotak kobratzea saihesteko aurreikusitako neurriei buruz.

PP+Cs tadeko Carmelo Barriok, bere aldetik, azpimarratu du beharrezkoa dela Hezkuntza Sailak ikastetxeekin «elkarrizketa» indartzea, Ikastolen Elkartearena bezalako taldeek datorren ikasturteko matrikulazio-prozesuari buruz adierazi duten «desadostasuna» dela eta.