‘El arte en el croquis de escalada’ liburuak crowdfunding-a hasi du
Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorzak ekoitzitako ‘El arte en el croquis de escalada’ liburua erabat berritzailea da. Bertan, eskaladako krokisen eboluzioa jasotzen du, eta, bide batez, aitortza ematen dio krokisek duten kutsu artistikoari.
Eskaladari ekarpenak egiteko era asko daude. Eskuarki, kirol ikuspuntutik gehien jasotzen ditu, baina “oasi” batzuk badaude, eta horiek kulturarekin eta artearekin lotuta daude. Jaso dugun azken ekimenak ‘El arte en el croquis de escalada’ du izena. Liburu bat da, eta aitor genezake alde guztietatik begiratuta erabat berritzailea dela.
Eli Azurmendi, Juancar Sanz eta Rafa Elorza dira egileak. Hirurak ala hirurak mendizaleak eta eskaladarekin lotura oso zuzena dutenak. Era berean, artistak ere badira; izan ere, ilustratzaileak eta margolariak dira. Eta protagonistok NAIZi adierazi diote laguntza behar dutela proiektu hori aurrera ateratzeko. Hain zuzen ere, gaur bertan crowdfunding-a hasi dute ‘El arte en el croquis de escalada’ liburuak argia ikus dezan.
Azurmendi, Sanz eta Elorzaren “leize-zulora” bisita egin duen edonor jabetuko da liburuaren egileek, ilusioz eta motibazioz, makina bat ordu egin dituztela (lan ikaragarria) eskaladari emango dion ekarpen hori biribildu ahal izateko. Egileok era honetan aurkeztu digute esku artean duten xedea: «Liburuak, berez, eskaladako krokisen eboluzioa jasotzen du. Eta, besteak beste, krokisek duten kutsu artistikoari azpimarra berezia jartzen diogu. Duten historiarengatik, estilo ezberdinengatik eta adierazteko duten erengatik, krokisa beti ekarpenaren bidean egon da. Eta, jakina, naturaren ikuspuntu aberasgarria du ere».
«Bidaia handia»
Liburuaren osaketari dagokionez, aurreratu behar dugu bi zati dituela. Bidaia geografikoa jasotzen du lehenak; etxean bertan hasi eta munduko urrutiko lekuetan amaitzen dena. Bigarrena, berriz, kontzeptualagoa da. Sarrera historikoa eta estilo, teknika eta forma ezberdinak aztertzen dituena. Eta hori guztia 300 irudi ederrekin osatua dago; guztiak ala guztiak munduko eskalatzaile askok eman dituztenak dira.
Oro har, hori da ‘El arte en el croquis de escalada’ liburu berritzaileak duen gidoi nagusia. Esan dugun bezala, proiektu horrek argia ikus dezan egileek gaur bertan corowdfundig-a hasi dute: «Kanpaina honekin liburua inprimitzeko eskatzen duen gastua finantziatu nahi dugu. Zaila da oso, besteak beste, 20.000 euroko aurrekontua delako. Momentuz, bi erakundek bat egin dute liburuarekin: Bilboko Mendi Film Jaialdiak eta Donostiako Club Vasco de Camping elkarteak. Azken hori hiruron mendi elkartea da».
Bidaia handi honetan lagundu nahi duenak informazio guztia honako webgunean du: www.vkm.is/croquisdeescalada. Liburua edo “saria” urte honen azken hiruhilekoan jasoko du laguntzaileak. Edo Bilbon, Donostian, Jacan eta Madrilen egingo dituzten aurkezpenetan.