INFO

Fiskaltzak ikerketa abian eman du higiezinen agentzietan agerturiko pintaketen harira

Senpereko herrian dauden bi higiezinen agentzietan pintaketa berriak agertu ondotik ikerketa abian eman duela baieztatu dio Mediabask hedabideari Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak.

Senperen Inmo conseil agentziak duen bulegoan pintaketak agertu ziren joan zen asteburuan. (@MediabaskInfo)

Bi higiezinen agentzietan pintaketa berriak agertu ziren joan zen asteburuan etxebizitzaren eskasia eta espekulazioa salatuz Senperen.

Zehazki, Immo Conseil eta Donibane agentziek Lapurdiko herrian dituzten bulegoetan «Herriak bizi behar du» edo «EH ez da salgai» bezalako lemak agertu ziren leiho eta hormetan.

Mediabask hedabidearekin mintzo, Senperen pintaketa berriak agertu ondoren ikerketa abian eman duela baieztatu du Jerome Bourrier Baionako prokuradoreak.

Joan zen hilabetean gisa bereko pintaketak agertu ziren bai Ziburun baita Azkainen ere.

Gehienetan higiezinen bulegoetan egin zituzten margoketa horiek. Izan ere, azkeneko herriari dagokionez alokairu laburrak eskaintzen dituen etxe batean espekulazioaren aurkako leloak margotu zituzten baitaere.

Senperen egin dituzte pintaketa berriei buruzko ikerketarekin ekintza ezberdinean artean izan daitezkeen loturak argitzeko asmoa agertu du Bourrier prokuradoreak.

Higizinen bulego baten jabearen kexak

Hain zuen, Senperen margotua izan den higiezinen bulegoko ordezkari batek eginiko adierazpenak jaso ditu Ipar Euskal Herriko hedabideak.

Immo Conseil agentziako arduraduna den Christophe Quatrevieuxek zehaztu duenez iragan  astelehenean konturatu zen bere bulegoan pintaketak egin zituztela. Bere ustez larunbat eta igande arteko gauean margotuak izan ziren.

Ez da lehen aldia horrelako leloak agertzen direla lan egiten duen bulegoan. Beste behin ere espekulazioaren aurkako mezuak margotu zizkiotelako Senperen kudeatzen duen agentziaren kanpoaldean.

«Jendeak salmenta proiektu bat duenean, gu deitzen gaituzte, justu zerbitzu baten eramaileak gara» adierazi du. Higizinen agentziak «helburu erraza» bilakatu direla uste du, nahiz eta, bere erranetan, frantziar Estatu osoari eragiten dion etxebizitzari buruzko krisiaren erantzule ez diren.