INFO

Urrutitik bada ere, lapikoen hotsak entzun ditu frantziar Justizia ministroak Baionan

Eric Dupond-Moretti goizean goiz heldu da Baionara. Hala eta guztiz ere hamarnaka lagun zain zituen, lapikoak edo banderolak eskuetan, harrera egiteko. Poliziak urrundu egin ditu manifestariak. Hala eta guztiz ere, auzitegira sartu aitzin protesta zaratatsua entzun du frantziar Justizia ministroak.

Bi emazte lapikoekin harrabots egiten gaur goizean Baionako auzitegiaren inguruetan. (Guillaume FAUVEAU)

Frantziar Justizia ministroa Baionan da gaur goizean. Ingurumenari buruzko justizia zerbitzua du aztergai bere bisitan Eric Dupond-Morettik. Era berean, auzitegiaren zabalpen lanen abiatzeari begira lehenengo harria ezarriko du.

Jakin behar da Baionako auzitegia eskualde mailako ingurumenari buruzko justizia poloaren egoitza bilakatuko dela. Zerbitzu berria ardatz duen bilera amaituta, Dupond-Morettik auzitegia zabaltzeko lanetan lehenengo harria ezarriko du.

10.30ean, kazetarien aurrean adierazpenak egin ondoren, amaitutzat emango du Emmanuel Macronen Gobernuaren ordezkariak bere bisita.

Azkeneko hilebeteetan frantziar Gobernuko kideek aurrez aurre izan dituzte lapikoak eskuetan zain zituzten manifestariak.

Gaurko bisita ez da salbuespen bat izan. Goizean goiz, sindikatu eta ezkerreko alderdietako deialdiari erantzunez hamarnaka herritar bildu dira, euripean bada ere, protesta zaratatsua egiteko prest.

Izan ere, Poliziak manifestariak auzitegiaren inguruko eremutik urrundu ditu, ministroaren etorrera lasaia bermatze aldera.

Eric Dupond-Moretti ordezkariak agurtzen Baionako auzitegiaren aurrean. (Guillaume FAUVEAU)

Justizia zerbitzuetako arduradunek agurtu dute ministroa auzitegiaren sarreran, non, urrutik bada ere, manifestarien oihuak eta lapiko hotsak entzun ahal ziren. Bertan ziren, Jerome Bourrier Baionako prokuradorea eta Max Brisson senataria.

Handik audientziaren gela batera joan dira ingurumenaren justizia poloaren gaineko bilera egiteko.

Lapikoen protestak nonahi

Erretreten erreformaren testuinguruan ez dira oso ohikoak izan ministroen bisitak Ipar Euskal Herrian. Gaur Dupond-Moretti burutzen ari den bisitaren aurrekaririk hurbilena Aurrekonturako ministroaren bisita izan da.

Iragan apirilaren 21ean heldu zen Gabriel Attal Euskal Herria. Gaurko bisitarekin alderatuta, Attalen bisitaren xehetasunak ez ziren, ordea, aldez aurretik jakinarazi.

Hala eta guztiz ere, ministroak Biriatun Poliziak duen postura bertaratzeko asmoa zuela jakin zuten sindikatuek eta barraskiko operazioa antolatu zuten A63 autobidean.

Behin Biriatura iritsi zirenean, peajearen albo batean protesta zaratatsua burutu zuten eta erretretaren aurkako erreforma salatzeko banderola zabaldu.

Hala ere, ez Biriatun ezta horren ondotik Donibane Lohizuneko enpresa eremu batean egin zuen bisitan Attalek ez zituen aurrez aurre manifestariak izan.

Aldiz, Justizia ministroaren bisita iragarri bezain pronto honi «ongi etorria» egiteko deialdiak zabaldu dituzten hainbat eragilek sare sozialen bidez.

Protesta hori babestu dute gaur karriketan CGT, LAB, Solidaires, FSU edota FO sindikatuetako ordezkariek. Lapikoak, banderolak eta kantuak ez dira falta ministroa auzitegian izan den bitartean luzatu den mobilizazioan.

La France Insoumiseko militanteak ere karrikatu dira, baita EH Herria Baikoak ere.

Hain zuzen, azken alderdia Justizia ministroari zuzendu zaio sare sozialen bidez eskaera bikoitza eginez. Alde batetik, «justizia sozialean eta ingurumenaren zaintzan oinarrituriko jendarte eredua eraikitzea» galdetu dio. Eskaera horri bigarren hau gehitu dio: «Bake justu eta iraunkorra posible egin eta gatazka politikoa konpontzea».

Azken hilabeteetan Macron eta bere Gobernuko ordezkariek behin eta berriro entzun behar izan dituzte lapikoen hotsak.

Hala gertatu zitzaion Emmanuel Macron presidenteari, apirilaren 19an Alsazian, non txistuka hartu zuten ehunka manifestarik eta egoera errepikatu zen, biharamunean, Herault departamenduan, ikastetxe batera hurbildu zenean. Geroztik egoera ez da baretu. Kasik desplazamendu bakoitzean, dekretuaren bidez onartarazi zuten erreforma salatzen zituzten manifestariekin topo egin dute franziar agintariek.

Egoera horretan hainbat ministrok beraien agendetan aurreikusita ziren bidaiak bertan behera utzi dituzte. Izan ere, hainbat hedabidek argitaratu dutenez, Macronek agindua eman die bere Gobernuko kideei bisita horiekin jarraitzeko, Gobernua ez dagoela gotorturik erakusteko.

Astelehenean, Genevieve Darrieussecq helduko da

Dupond-Moretti Baionan bisitan delarik jakin da maiatzaren 15ean, astelehenarekin, elbarritasunekin bizi diren pertsonei dagozkioen auziak kudeatzen dituen ministro ordezkoa helduko dela Ipar Euskal Herria barne den Pirinio Atlantikoen departamendura.

Pauen izanen ditu hitzordu gehienak Genevieve Darrieussecqk. Izan ere, 15.30etik aurrera Baionan izanen da. Elbarrien familiei sostengu ematea xede duen Laguntzaileen Etxea bisitatuko du frantziar Gobernuko kideak.