INFO

Tolosaldea, Hondarribia, Kaiku eta Bermeo izan dira herrialdeko txapeldun trainerilletan

Gipuzkoako finalak Hondarribian jokatu dira, eta Bizkaikoak Ondarroan, baldintza benetan gogorretan. Bizkaian adibidez, estropada erlojupeko moduan jokatu behar izan dute, ohiko eremua ere alde batera utziz.

Kaikuk emakumezkoen mailako bi txapelketak irabazi ditu, jubenil nahiz senior mailan. (KAIKU)

Tolosaldea eta Hondarribia Gipuzkoan, eta Kaiku eta Bermeo Bizkaian, izan dira Trainerilla Txapelketetako finalen garaileak maila nagusian. Hondarribian eta Ondarroan jokatu dira gaur herrialdeetako finalak baldintza oso zailetan.

Bizkaian adibidez, estropada erlojupeko moduan jokatu behar izan dute, ohiko eremua ere alde batera utziz. Emakumezkoen maila nagusian Kaikuk jantzi du urrezko domina, Ondarroari 12 segundo pasatxoko aldea aterata eta Isuntzari 21.

Gizonezkoen senior mailan, aldiz, Bermeo izan da indartsuena, Zierbenari 9 segundoko tartea sartuz. Brontzea Isuntzarentzat izan da, 23 segundora, eta atzetik heldu dira Ondarroa laugarren eta Arkote bosgarren.

Jubeniletan, emakumezkoen garaipena Kaikurentzat izan da, Ondarroari 51 segundo sartuz eta Isuntzari 52. Gizonezkoetan, aldiz, Zierbena izan da azkarrena, Ondarroari hiru segundo eskaseko aldea aterata. Portugalete izan da hirugarren.

Gipuzkoako finalei dagokienez, emakumezkoen mailan Tolosaldeak 17:38.38ko denborarekin lortu du garaipena, Hondarribiari 21,14 segundo sartuz eta Hibaikari 42,16. Txanda Zumaiak osatu du, minutu eta 20 segundora amaituz.

Gizonezkoetan, Hondarribiarentzat izan da urrezko domina, 14:53.92ko denbora markatuz. Orio izan da bigarren 8,65 segundora eta Donostiarra hirugarren 13,34ra. Hemen ere Zumaia izan da laugarren 43,59 segundora.

Aurrez, gizonezkoen Federazio Saria jokatu da eta garaipena Getariarentzat izan da, Lapurdi eta San Juan mendean hartuz.

Datorren asteburuan jokatuko dira Euskadiko Txapelketak Getariako uretan.