«Zer egin ote du EH Bilduk Urduñagatik?», Monty Pythonak kanpainan sartu dira
EH Bilduk ‘Monty Python's Life of Brian’ filmaren parodia bat egin du Urduñan azken legealdietan egindako lana nabarmentzeko. Bideoa sare sozialen bitartez zabaldu da, eta dagoeneko milaka lagunek ikusi dute.
Hauteskunde kanpainan ohikoa da iragarkiak ikustea, baita parodiak ere. Hauek sare sozialen bitartez zabaltzen dira, eta askotan biralak egiten dira.
Hori gertatu da EH Bildu Urduñak egindako bideoarekin. ‘Monty Python's Life of Brian’ filmaren parodia egin dute, azken legealdietan egindako lana nabarmentzeko.
🔴 ÚLTIMA HORA se filtran imágenes de la asamblea del FJP (Frente Jeltzale Popular) en Orduña pic.twitter.com/ZSTWfLG9PL
— EH Bildu Urduña (@EHBilduUrduna) May 12, 2023
Erromatarren aurkako erresistentziaren bileraren ordez jeltzaleen bilera irudikatu dute. Bertan dagoen hizlariak galdetzen die bildutakoei zer egin ote duen EH Bilduk Urduñagatik. Eta jasotako erantzunek argi uzten dute ez dela gutxi izan.
Izan ere, azken urteetan Udal Gobernuak neurriak hartu ditu auzoetan, hobetu du Gasteizera joateko hartu beharreko errepidea, Urduña Hiria Museoa martxan jarri du, Duintasunaren Kolunbarioaren sorreran parte hartu du, eta eguzki panelak jarri ditu energia berriztagarria sustatzeko.
Halaber, skateparka eta eskolako patioa hobetu ditu, eta datorren legealdira begira gune berde berriak egingo dituzte. Hala, harresian parke berri bat egingo dutela iragartzen dute bideoan.
«Baina, auzoak, errepidea, museoa, panelak, kolunbario, skateparka, gune berdeak eta patioaz gain, zer egin dute EH Bildukoek Urduñagatik?», galdetzen du hizlari jeltzaleak. Erantzuna: Udaleko zorrarekin amaitu dute.