‘Azkarra’ izeneko auto txinatarra, euskal kulturari erreferentzia eginez
Geely auto konpainia txinatarrak naturan eta kulturan oinarritzen diren hitzak erabiltzea erabaki du SUV kategoriako ibilgailuei izena emateko. Izenak bilatzen ari zirela, euskararekin topo egin zuten eta ‘Azkarra’ hitza oso aproposa zela erabaki zuten.
Egon izan dira izen xelebreak zituzten auto modelo batzuk eta, gerora, aldatu behar izan zituztenak. Adibidez, Mitsubishi Pajero, Montero izendatu zuten Estatu espainolean; Nissan Moco-ren iragarkiko autoa txikia eta berdea zen; Mazda Laputak ere ez zuen izen oso «egokia» izan, baina Estatu Batuetan arrakasta handia izan zuen hala ere.
Oraingoan Geely konpainia txinatarrak euskaraz esanahi argia duen ibilgailua atera du, ‘Azkarra’. Txinan bertan Boyue Pro izenarekin saltzen hasi ziren SUV motako autoa, konpainiako lehen hibridoa, baina nazioartera saltoa eman zuenean euskarazko hitz hori hautatu zuten.
Aizkorri eta ‘Azkarra’
Geely enpresako marketing eta komunikazio arloko arduradun Odai Malabeh-rekin hitz egin du NAIZek horren inguruko azalpenak emateko, auto batentzat izen aparta den arren, bitxia delako konpainia txinatar batek euskarara jo izana. Kasualitatea ote da? Ba ez.
«SUV autoen izenen inguruko arauak jartzean, erabaki genuen natura eta kultura kontuan izatea. Gure ikerketan zehar euskararekin egin genuen topo, antzinako hizkuntza berezia duen kultura eta ondare linguistikoari esker liluratu gaituena. Hori dela eta, ‘azkarra’ hitza erabiltzea erabaki genuen», argitu digu.
Gainera, Malabeh-k azaldu duenez, «Aizkorri mendiaren izenaren antzekoa da ‘azkarra’, eta horrek bat egiten du gure izenak jartzeko arauekin, kulturarekin eta naturarekin harremana duelako», azpimarratu du langileak «Euskal Herria eta bere kultura aparta» bertatik bertara ezagutzeko irrikaz dagoela aitortu aurretik.
Konpainiaren bilakaera
Geelyk Hangzhou hirian du egoitza, eta Europan aski ezagunak diren auto marken jabea edo akziodun handiena da, tartean, Smart, Mercedes-Benz, Volvo edo Aston Martin. Eric Lik sortu zuen 1986an hozkailuen piezak sortzeko lantegi bezala. 1997an eman zuen salto automozioaren sektorera edonork erosi ahalko zituen autoak sortzeko helburuarekin, eta urtebete beranduago atera zuen bere lehen modeloa, Haoqing.
Horri esker, ospea irabazten joan zen eta laster herrialdeko auto industriarik indartsuenen artean kokatu zen. 2005ean Hong Kongeko burtsan kotizatzen zuen lehen autogile txinatarra bilakatu zen. Hortik aurrera, beste konpaini batzuk bereganatzearekin batera, indarra hartzen joan da nazioarteko merkatuan ere bai; 2020an nazioartean 10 milioi salmenta lortu zituzten, eta jada enpresak ditu Suedian eta Britainia Handian ere bai. Era berean, Geespace konpainia sortu du bere baitan, eta horren bidez, iaz konektibitatea hobetzea xede duten bederatzi satelite jaurti zituen espaziora.
Lantegi nagusia guztiz automatizatua dago eta 5G teknologia duten robotei esker, gai dira ordu batean 30 auto ekoizteko ia akatsik gabe (%0,5 baino gutxiagotan zehazten dute akats-marjina).
Enpresak dioenaren arabera, balio ekonomikoa sortzean soilik ez du interesa, balio soziala ere sortu nahi du. Hala, jasangarritasuna du helburu eta 2045erako espero du bere ibilgailuak karbono isurketari dagokionez neutroak izatea (2025rako isurketen %25a murriztu nahi dute).
Bestalde, karitate proiektuak ere baditu sortu duen fundazio baten bidez. Horren bidez, larrialdi egoerei erantzuteko laguntza ematen du eta arte, kulturari eta hezkuntzari, edota landa eremuaren biziberritzeari laguntzen dio.
Azkenik, espaziora jaurtitako sateliteek beste funtzio bat ere izango dute, alegia, ozeanoak garbitzen laguntzea itsas hondakinen monitorizazioa eginez, eta horren inguruan kontzientzia sortzen.