Hartutakoarekin eskertuta eta emandakoarekin pozik esango du agur Iraia Iparragirrek
Erretiroaren eta amaitzear dagoen bere ibilbidearen inguruko azalpen eta hausnarketak zabaldu ditu Realeko hegalekoak Zubietan, familiak eta taldekideek babestuta, eskaini duen prentsaurrekoan.
Badira sei egun Iraia Iparragirrek denboraldi amaieran erretiroa hartu behar duela aurreratu zuenetik. Lasai agertu zen eta oraindik ere horrela jarraitzen du hartutako erabakiarekin, baina azken egunotan jasotako mezuek barrukoak mugitu dizkiotela onartu du, astelehen Zubietan eskaini duen prentsaurrekoan. Familiak eta taldekideek babestuta, Realeko hegalekoak erretiroaren eta amaitzear dagoen bere ibilbidean inguruko azalpen eta hausnarketak zabaldu ditu, bi mezu nagusi azpimarratuz: eskertuta dago hartutakoarekin eta pozik emandakoarekin.
Kosta egin zaio jokalariari emozioari eustea, prentsako galderei erantzun aurretik idatzi bat irakurri duenean. Une batzutan ahotsa hautsi zaio bere esker ona familiari, jada ez daudenei, koadrilari, staffari, medikuei, zaleei eta, noski, taldekideei, «futbolak duen gauza politenetakoa», eman dienei. «Eskertza hitzak besterik ez ditut –onartu du–, hau bizitzeko aukera eman didazuen guztiei eta ondoan eduki zaituztedan guztiei». «Ametsa beteta» doa, «lasai eta zoriontsu gauzak une oro ahal bezain hoberen egiten saiatu naizelako» eta «momentu aproposa dela» pensatuz. «Motxila oroitzapenez beteta» darama, «onak zein “txarrak”. Baina txarra ez da beti hain txarra, egoera horietatik beti dagoelako zer ikasi eta horrek egingo gaituelako handi. Gauza asko ikasita, etapa berri bati emango diot hasiera».
Amaitzear dagoenetik zerekin geratzen den galdetuta, «gauza asko nabarmendu» daitezkeela erantzun du. «Baina hazkuntza pertsonalari balore handia ematen diot nire kasuan, asko ikasi dudalako urte hauetan. Eta beti, futbolari guztioi, gauzak irabaztea gustatzen zaigu; niri asko eman zidan Kopa irabazteak. Oso pozik sentitzen naiz horretaz eta zortzi urte hauetan hainbeste jende ezagutzeaz eta futbolaz disfrutatzeaz, azkenean hori delako gustatzen zaiguna».
Bere ibilbidea ideia batekin laburbiltzen saiatu da ere, «Realean jokatzea, futbol profesionalean jokatzea, pribilegio bat» dela esanez. «Lasartearra izanda, alboko ikastolan ikasita… “Hor bukatu nahi dut” esaten nuen eta orain dela zortzi urte hemen hasi nintzen jokatzen. Eta amets horiek egi bihurtzea… Exijentzia nire nortasunaren oinarrietako bat da, oso exijentea naiz nirekin eta nik uste dut gaur naizena izatea lortu dudala exijentzia handia izan dudalako. Eta horrekin batera, disfrutatu egin dut. Ideia horrekin geratu naiz, lan batek zein sari eman dezaken».
«Ahalegin guztiek», hala ere, «ez dute beti saririk hartzen. Agian ez duzu lortzen Realera heltzen, nahiz eta ahalegindu, azkenean oso gauza zaila baita». Horregatik, «zortea» izan duela uste du, «honekin disfrutatzeko pribilegioa izan» duela.
Baina kapitulu honi azken puntua jartzeko unea heldu da. Argi dago orkatilako lesioak zerikusi handia izan duela, «nire buruarekin egoteko eta hausnartzeko aukera eman» diolako besterik ez bada ere. Hegalekoaren esanetan, «norbera kontziente izan behar da, non nagoen jakin, zer eman dezakedan hemendik aurrera. Eta nik sentitzen dut nituen helburuak eta espektatibak guztiz bete ditudala ibilbide profesionalean. Nire ametsa egi bihurtu dut eta orain ikusten dut etapa berri bati ekin nahi diodala eta onartu behar dela non zauden eta zer datorren atzetik, eurei ere indar hori emateko eta egindakoaz harro egoteko eta pauso hori emateko. Nik une hori iritsi dala ikusi dut. Bizitza etapaz beteta dago eta hau amaitu da, hurrengoa ere amaituko den bezala».
Etapa hau ixtean, Iraia Iparragirrek argi dauka zenbat eman dion futbolak. Baina berak ere eman dio zerbait bueltan eta bere «legatuari» buruz galdetuta, ez du zalantza handiegirik izan. «Lana, sakrifizioa transmititu ditudala uste dut, anbizioa izatea eta beti gehiago lortu nahi izatea, batzuetan saririk ez dagoela jakin arren. Eta taldeak kapitain aukeratu ninduenean, asko eman zidan. Taldeak zugan sinisten duela erakutsi zidan, nire lanean, lan egiteko dudan moduan. Zerbait polita uzten dudala uste dut», azaldu du lasartearrak, prentsaurrekoa kapitainaren orroarekin amaitu aurretik, taldekideek eta teknikariek lagunduta.