INFO

Munduko Bankuaren gailurraren aurrean, hainbat ekimen antolatu ditu Eskubide Sozialen Kartak

Maiatzaren 23an, 24an eta 25ean Barakaldon gailurra egingo du Munduko Bankuak eta Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragilek hainbat ekimen antolatu dituzte.

EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragileek hainbat ekimen antolatu dituzte Barakaldon. (Oskar Matxin Edesa | FOKU)

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Karta, EH Kapitalari Planto, Jauzi Ekosoziala eta beste hainbat eragilek agerraldia egin dute gaur, BECen aurrean, maiatzaren 23an, 24an eta 25ean Barakaldon egingo den Munduko Bankuaren gailurraren aurkako borroka sozialaren dinamika aurkezteko.

Topaketa horrek «erakunde honek pobretzearen eta larrialdi klimatikoaren gainean daukan erantzukizun zuzena berdez estali nahi duela» salatu dute. Era berean, Innovate4Climate izeneko gailur hau «energia-lobby-en estrategiaren barruan» dagoela nabarmendu eta «negozio berdeko nitxo bat sortzeko helburua baino ez duela» adierazi dute. Zentzu horretan, EAJ eta PSE ere seinalatu dituzte «geure negozioaren gurpila eta bere lagunena elikatzea» leporatuz.

Erakunde sinatzaileek ukatu egiten dute Petronor edo Bahía de Bizkaia bezalako enpresek, zeintzuei «CO2 emisioen erantzule nagusiak» izatea leporatu dieten, larrialdi klimatikorako inolako irtenbiderik eskainiko dutenik. «Ezin daiteke oligopolio energetikotik etorriko den trantsizio justurik espero. Hain zuzen ere, lurraldeen espoliazioaren eta jendartearen pobretzearen bidez aberasten direnengandik».

Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak, Euskal Herriak Kapitalari Planto plataformak eta Jauzi Ekosozialak indarrak batzeko deia egin dute. «Munduko Bankua eta haren heriotza politikak ez dira ongi etorriak. Energia fosilak behin betiko utzi eta trantsizio ekosozial bidezkoa eta demokratikoa jarri behar dugu martxan». Zentzu horretan, administrazio arduradunei eskatu diete eragile sozialen eta ekologisten proposamenak entzun ditzatela. «Trantsizio ekosoziala herritarren parte-hartze zabalarekin gauzatu behar da, lurraldearen beraren subiranotasun politikoa errespetatuz».

Helburu horrekin, maiatzaren 23an, elkarretatatze zaratatsua eginen dute 08:30ean Ansio metroko irteeran, Barakaldon. Maiatzaren 24an, berriz, Bilboko Plaza Eliptikotik 19:30ean aterako da trantsizio ekosozialaren aldeko manifestazioa. Eta hilaren 25ean, berriz, Yayo Herrero ekintzaile ekofeministak hitzaldia eskainiko du, 19:00etan, BilboRock-en. «Atera ditzagun gure bandera eta aldarrikapenak, eta, elkarrekin, jendarte eredu aldaketa posible dela eta borroka soziala bidea dela adieraztera goaz», esan dute.