INFO

Animalistak kolektiboak zezenketen aurkako manifestazioa deitu du Bilbon, ekainaren 17rako

‘La última embestida’ lelopean, manifestazioa deitu du Animalistak kolektiboak ekainaren 17rako, Bilbon, «hain errotuta dagoen tradizioari azken oldarra emateko». 17.30ean aterako da mobilizazioa, Eliptika plazatik.

Animalistak kolektiboak manifestazioa deitu du Bilbon. (Animalistak)

Gaur goizean Animalistak kolektiboa eta beste elkarte batzuk Bilboko Vista Alegre ondoan bildu dira animialiarik gabeko jaien aldeko manifestazioa aurkezteko. ‘La última embestida’ lelopean egingo dute ekainaren 17rako, 17.30ean. Eliptika plazatik Arriagara arteko bidea egingo du protestak.

Animalistak kolektiboak «onartezintzat» jotzen du Bilboko Udalak zezenketak egitea bermatzen jarraitzea. «Ez bakarrik zezenketek suposatzen dituen galera ekonomikoengatik baizik eta izugarrizko kostu etikoa duelako: izan ere, animalia bat sufritzen eta hiltzeaz aritzen den ikuskizuna babestea esan nahi du».

Prentsaurrekoan zezen plazaren egoerari buruzko zenbait datu eman dituzte eta plazan gainerako ekitaldirik antolatuko ez balitz Vista Alegrek «galera itzelak» izango lituzkeela nabarmendu. «2019an, Bilboko Udalak hamabost urterako lizitazio bat sinatu zuen BMF ekitaldi-enpresarekin eta Chopera de toros ganadutegiarekin. Azken horiek, Last tour eta Get In-ekin batera, ikuskizun hori errentagarri bihurtzeko ardura hartu dute, nahiz eta gero eta jende gutxiago etortzen den plazara zezenketak ikustera».

Bestalde, 2022an Kultura Estatistiken Urtekariaren zifrak oinarri hartuta, «zezen ikuskizun edo festa batera joan ziren pertsonak estatuko biztanleen %8tik %1,9ra igaro zirela» nabarmendu dute. «Iaz zezenketak ospatu zirenean ia plaza erdia baino gehiago hutsik zegoen. Eta zezenketetara joan ziren pertsona horietako asko Udalak dohainik utzitako sarreren bidez joan ziren», baieztatu dute.

«Datu horiek guztiek kontuan harturik, tauromakia iraganeko zerbait dela bistakoa da». Honela, «jarduera ez-etiko hau desagerrarazteko arrazoi mordo» daudela defendatu dute.

Amaitzeko Animalistak taldeak Bilboko herritar gisa ez dutela horrelako praktiketan parte hartu nahi erreibindikatzen du. Gainera, 2023an dagoeneko hiri eta herri askok baztertu dituztela horrelako ikuskizunak adierazi dute, eta animaliarik gabeko festetara atxiki direla. Beraz, etorkizun hurbilean Bilboko Udalak jardunbide egoki horiekin bat egitea espero dute.