Osin beltzetik
Hotsak artikulatu eta hitzak esateko zailtasunekin hasi zenean, Joan Mari Irigoieni ez zitzaion umorea itzaldu: «Garai batean, erbi bat nian mihian. Orain, dortoka bat» esanez eman zigun bere gaixotasunaren berri. Nerbio-guneen ataxia bat omen zuen bere gaitzak. Ez zuen etsi nahi: «Oraintxe esango balidate: ‘Mutu geratuko haiz, Joan Mari, baina idazteko gauza izango haiz’, oraintxe onartuko nuke». Laster, ordea, diagnosia zehaztu zioten eta gaixotasunaren larritasuna uste zutena baino latzagoa zela adierazi: gaitzak lehen mailako albo esklerosia zuen izena. Mugimenduak eta eguneroko bizitza guztiz baldintzatzeaz gainera, diagnostikoak garbi adierazten zuen ordutik aurrera Joan Marik oinazea izango zuela bidaide. Baina oinaze fisikoaz ari ziren medikuak. Hartan, ordea, oinaze psikologikoak bere tokia erreibindikatu zuen gaitzaren partilan: pixkana, egunari egun, depresioaren atzaparrek lotu eta hondoratu egin zuten Joan Mari. Oinaze fisikoen eragina aski ez, eta zulo psikologikoaren infernua ezagutu zuen ia bi urtez. Bere baitako guztia, sakratuena, bizitza osoan bizitza osoko zutabe izandako oro bihurtu zitzaion hondorik gabeko osin beltza deskalabru psikikoaren eraginez: suizidioaren burrunba etengabea barne-muinetan zuela bizi izan zen hainbat denbora. «Depresioaren hondeamakina» deitu zion Joan Marik barrua infernu bihurtu zion ahuldade psikologiko kontrolatu ezinari.
Auskalo nola, auskalo nondik, baina indarra berreskuratu zuen zulotik irteteko. Eta, guztiz biluzturik, gai izan zen «depresioaren hondeamakinaz» idazteko. Sufrimenduari aurre egin, bere burua estimutan hartzera itzuli eta ingurukoen maitasuna eskertzeko eta edertzeko opari bat da ‘Bi urtetako kronika fakultatiboa’ hausnarketa poetikoa, osin beltzaren eta osin beltzetik irteteko ahaleginaren lekuko eskergaitza. Liburua aurkezteko faborea eskatu zidan. Ez nion behin ere behar bezala adierazi nire esker ona hain liburu pertsonala, hain liburu intimoa eta, aldi berean, hain liburu konprometitua aurkezteko eman zidan aukera ederrarengatik.