INFO

Zaporeaken sukaldea muturrera iritsi da, eta errefuxiatu esparruetan behar gehiago dago

Zaporeak elkarteak bazkideak behar ditu egoerari aurre egiteko. Ostegun goizean egindako prentsaurrekoan azaldu dute, geroz eta errefuxiatu gehiago ari direla iristen Lesbosera eta beraien gehiengo mugara iritsi direla. 2.031 errazio prestatzen dabiltza, eta 2.800 errefuxiatutik gora daude.

Baliabide gehiago behar dituztela azaltzeko Zaporeaken agerraldia (Maialen Andres | FOKU)

Zaporeak elkarteak, sortu zen lekuan, Intxaurrondon, egin du ostegun goizean prentsaurrekoa elkartearen, eta Lesboseko egoeraren berri emateko. Egoera «pozgarria bezain larria» dela adierazi dute Peio Garcia eta Helena Ruiz de Azua elkarteko kideek. Izan ere, Zaporeak elkarteko sukaldeak kozinatu dezaketen plateren mugara iritsi dira, baina errefuxiatu esparruetan geroz eta jende gehiago, eta beraz, geroz eta behar handiagoa dago. Horregatik, bazkidetza kanpaina abiatu dute diru eta baliabideak lortzeko.

Lesboseko egoera bi hilabetetan «erabat» aldatu dela azaldu dute, aste gutxian, prestatu eta banatutako errazioak 2.031 izatera igo dituztela kontatu dute, aurrez 1.800 inguru banatzen zituzten, baina landako biztanleak 2.800 izatera iritsi direla. Amorruz eta penaz kontatu dute egun dituzten baliabideak ez direla aski egoerari aurre egiteko: «Beraien eguneko momenturik onena Zaporeakeko furgoneta ikusten dutenekoa da, aurpegian sumatzen zaie; baina ilara luzeak egin ondoren, guztientzako janaririk ez dagoela ikustea oso gogorra da».

Egun duten sukaldeak ez du behar adinako azpiegiturarik: «Orain artean, gure etxekoak bezalakoak diren sukaldeekin sukaldarietara jolasten aritu gara, baina sukaldea handitu eta industrializatu behar dugu aurera egiteko». Errefuxiatuen egoera eta kopurua egunero aldatzen direla adierazi dute, baina joera bat badagolea, «geroz eta gehiago iristen dira». Ondorioz, janari gehiago, gas gehiago, tresna gehiago lortzea ezinbestekoa da elkartearentzat.

Medikuekin elkarlanean dabiltza, eta errefuxiatuen egoerari begira, Zaporeakek egiten duen lana oso beharrezkoa dela baieztatu diete. Gainera, elkartearen asmoetan gaixotasun bakoitzarentzako egokitutako janaria prestatzea ere aurreikusita zuten, baina egungo baliabideekin ezinezkoa zaie.

Boluntarioen lana ezinbestekoa da egoerari aurre egiteko, hala adierazi dute kideek: «Oso gogorra litzateke Lesboseko sukaldeak itxi beharra». Egun, bost boluntario joan ohi dira Euskal Herritik, eta bertako sukaldeetan sei errefuxiatuk egiten dute lan, horiek osatzen dute lan taldea, data ezberdinetan joaten diren bestelako boluntarioak gehitzen zaizkie aldika. Adierazi dute Euskal Herritik zortzi edo hamar gehiago joateko asmoa aukeren artean dutela.

Janaria lortzeko ilara luzeak Lesbosen


Lurrikarak eragindako kalteak

Duela bizpahiru hilabete Turkia eta Siriako mugan gertatutako lurrikararen harira, kanpaina berri bat jarri zuten martxan. Horren balantzea ere egin dute agerraldian. 150.000 kilo janari lortu zituzten, hiru edukiontzi bete, eta hauek jada Siriara iritsi direla azaldu dute.

Euskal Herrian sortutako elkartasun olatua txalotzekoa iruditzen zaie. Siriako janaria jasotzeko Euskal Herri osoan 40 puntu jarri zituzten, eta «arrakastatsuak» izan zirela baloratu dute. Orduko helburua bete bazuten ere, lanean jarraituko dutela gaineratu dute: «Hainbat arrazoirengatik, gerrak, ekonomia, sexu-orientazioa, erlijioa… beren etxeetatik ihes egiten duten pertsonak mugetan bidegabe atxikitzen dituzten bitartean, gosea eta hotza egunero igaroz eta lurrikararen ondorio larriak biziz».

Zaporeakeko bolondresak, Lesbosen

Bazkidetza kanpaina

Egoera «larria» dela errepikatu dute behin baino gehiagotan, eta egoera iraultzeko, edo hobetzeko behintzat, bazkidetza kanpaina abiatu dute. Uztailak 2an amaituko da, behin baino gehiagotan egin izan duten ‘Koxk’ ekitaldiarekin.

Euskal Herritarrak orain artean elkartasunez parte hartu dutela aitortu dute, eta eskertu; baina beste bultzada bat behar dela. Horregatik, herritarren inplikazioaz gain, enpresei eta batez ere, instituzioei esku hartzeko eskatu diete: «Edozein ekarpen da baliagarria, izan hamar euro, kazolak edota diru dohaitzak».

Bazkide egiteko hiru bide aipatu dituzte. Batetik, beraien webgunearen (www.zaporeak.eus) bidez; bigarrenik, Zaporeakeko telefono zenbakira deituta, eta hirugarrenik, ekainean zehar antolatuko dituzten ekimenetan. Uztailaren 2an, ‘Koxk’ ekitaldi solidario eta gastronomikoa antolatuko dute Intxaurrondon. Eta aurrez, maiatzaren 26an kontzertu solidarioa egingo dute Donostiako DOKAn, ekainaren 8an ‘Solange y el caminante’ antzezlanaren aurkezpena Bilbon, eta ekainaren 3an herri bazkaria Gasteizen.